Astuna, talentuduna eta hiltzailea

Messi min hartuta egon arren, Bartzelonaren kalitateaz ohartarazi du Caparrosek, eta Alves, Iniesta eta Villa nabarmendu ditu

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Zinemako klasiko bat futbolera egokitu zuen atzo Joaquin Caparrosek. Sergio Leoneren Il buono, il brutto, il cattivo filma aukeratu du Athleticeko entrenatzaileak Bartzelonaren izarraren inguruan berba egiteko. Egungo Bartzelonan ez dago zatarrik. Txarrik ere ez. Onak, berriz, gehienak. Baina guztien gainetik Messi dago. Argentinarrak ez du gaur San Mamesen jokatuko. Albiste ona da hori zuri-gorrientzat. Teknikari eta jokalari askok sarri esan ohi dute eurek onenen kontra jokatzea nahi izaten dutela. Ez da egia. Zenbat eta maila apalagoa izan aurrean duen taldeak, orduan eta hobeto. Futbol profesionalean ezinbestekoa delako aukerak aprobetxatzea. Caparrosek argi dauka hori. «Messi munduko jokalaririk onena da. Ez dut sekula ezagutu antzeko jokalaririk. Beraz, jokatzeko aukerarik ez badauka, hobeto», adierazi zuen Caparrosek. Ez dauka arrazoi faltarik.

Messi jokalari berezia da. Goi mailako talde bat hobetzeko gai den futbolari apurrenetako bat. Eta, beraz, haren hutsunea nabaritu egingo du Bartzelonak. Sportingen kontra argi geratu zen area inguruan zerbait falta zitzaiola Bartzelonari. Baina, hala ere, inork zalantzan jartzen al du Pep Guardiolak zuzentzen duen taldearen maila? Inork uste al du Bartzelona ez dela San Mameseko partida irabazteko faborito argia? Bat edo beste egongo da, baina ez dira asko izango. Izan ere, Messik inguruan izaten dituen lagunak apartak dira. Oso onak. Bikainak. Eurekin ere goi mailako film bat egin daiteke. Film hori Caparrosek zuzenduko balu, hauek izango lirateke teknikariak aukeratuko lituzkeen protagonistak: «Alves astunak, Iniesta talentudunak eta Villa hiltzaileak jokatzen dute Bartzelonan. Munduko talderik onena da», esan zuen atzo. Baina Xavik, Busquetsek, Piquek, Pedrok eta beste horrenbestek badute aipaturiko jokalarien mailan aritzeko gaitasuna. Beraz, esan beharreko guztia esanda dago.

Horrenbeste izar dituen talde bat mendean hartzea gaitza da oso. Gainera, taldearen mesedetan lan egiteko inolako arazorik ez duten izarrak dira. Konpromisoa duten futbolariak, alegia. Horrenbeste zailtasun ikusita, nekeza izango da aspaldian ikusi den futbol talderik onena mendean hartzea. Baina Athleticek ere baditu bere armak. Hori bai, Clint Eastwoodek Sergio Leoneren filmean bezain ondo erabili beharko ditu.

Prest, atseden hartu ostean

Alves «astuna» dela esan zuen zuri-gorrien entrenatzaileak. Sekula nekatzen ez den futbolaria. Bada, Caparrosek 11 astun izango ditu gaur bere aginduetara. Athleticek zerbait izatekotan konpromisoa duelako. Indarrak amaitu bitartean gertu izango dituzte Bartzelonako jokalariek Athleticekoak. Arlo horretan inork ez du kale egingo. Gainera, gaur hasieratik ariko diren futbolari batzuk indartsu egongo dira. Bartzelonaren kontra lehiatzeko bete-betean egoteko, Gurpegik, Gabilondok eta Orbaizek atseden hartu zuten Mallorcaren kontra. Athleticek zelai erdian sekulako lana egin beharko duela kontuan hartuta, garrantzitsua da postu horretan ariko direnak nekea pilatu barik egotea. Horrenbestez, astunak ez dira faltako.

Hiltzaile bat edo beste ere aurkitu beharko du Athleticek aurkaria estu hartu gura baldin badu. Athleticen Fernando Llorente da lan hori egiteko aproposena. Golegilea. Hiru egin ditu lehen lau jardunaldietan. Sasoiko dago. Baina aurrelaria ez dago bete betean. Min du belaun batean, eta baliteke onena emateko zailtasunak izatea. Gainera, Puyolek, Piquek eta enparauek badakite zein den zaindu beharreko zuri-gorria. Beraz, azterketa gogorra dauka Llorentek. Talentua aurkitzea da Athleticen zailena. Arlo horretan alde handia dago Athleticen eta Bartzelonaren artean. Baina horrek ez du esan gura jokalari zuri-gorriak lehiakorrak ez direnik. Maila ona eman dezaketen futbolariak ditu bere aginduetara Caparrosek. Ea gaur maila hori erakusteko gai diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.