ATARIKO ORDUA. ATARIKO ORDUA

Valery Karpin Portugaletekoa

jon ordonez garmendia
2005eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Pena da Karpinek futbola uztea. Ez dira haren eskolako jokalari asko geratzen. Futbola otzandu egin da, eta jokoaren jokoa ikasi du. Boa bere buztana jaten hasi zenean bezala, bere bizioetan harrapatuta dago.

Baina Karpin maisua da, eskola zaharreko ikasle nagusia. Horregatik, aste honetan, Athleticen aurka jokatu ezin badu ere, ez du partidatik kanpo geratu nahi izan. Azeri zaharrek ere badakite lepoa jokatu gabe oiloak harrapatzen. «Euskal herritarrak al dira nafarrak eta errioxarrak?». Bost axola dio horrek Karpini ondoren onartu duen bezala, estoniar batek Errusiako selekzioan jokatzeak beste askori bost axola dion bezala.

Karpin kastako jokalaria da. Eta kastako jokalari gero eta gutxiago geratzen direnez, Athleticen kontrako partida berotu nahi izan du. Edonork esango du Athletic eta Realaren arteko derbiek ez dutela horrelako berotasunik behar, berezkoa dutela. Egia da; herenegun Bilbon eta Donostian sarrera guztiak berehala saldu ziren. Baina egia ere bada jokoan ezer ez dutela iritsi direla Athletic eta Reala 31. jardunaldira. Eta Karpinek badaki, Athleticek bere zaleak behar duen bezala, Realak ere pizgarri bat behar duela gaur.

Txuri-urdinek Txapeldunen Liga jokatu zuten sasoian, Bilbotik Realaren jarraipena egitera joandako irrati esatari batek ondokoa esan zion Karpini: «Zu Portugaletekoa izatea nahiko nuke, Athleticen joka zenezan». Barre egin zuen jokalariak, eta harrezkero oso harreman ona dute. Barakaldokoa, Lizarrakoa edo Alfarokoa. Karpinek badaki zein den Athleticen filosofia. Baina bera Realeko jokalaria da, baita jokatu ezin duenean ere.Bada esaera bat bilbotarrak nahi duten lekuan jaio daitezkeela dioena. Hori da, hain zuzen, Karpinen meritua; futbola utzi ondoren ere, Errusiako, Realeko eta Celtako jokalaria izango da, koloreen eskola da berea. Athleticek bere mezua ulertu duenez, gaur palkoan ikusi nahi nuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.