Javier Aguirreri egia esku artean lehertu zitzaion aurreko astean. Osasunaren helburuaz jardun zuen Levanteren aurka galdu ondoren, eta egun arraro batzuetan nahastu egin zen giroa Iruñean. Zergatik aldrebestu zen ez dago argi, baina Aguirreren hitzak ez ziren oso zuhurrak izan. Gauza bat hankak lurrean edukitzea da, baina beste bat bi partida segidan galdu ondoren helburua aldatzea. Taldea ondo dagoenean apal jokatu behar du entrenatzaileak, eta taldea gaizki dagoenean handinahia piztu.
Eskertu behar zaio, ordea, bere zintzotasuna Aguirreri. Une honetan Osasunak, Realak eta Athleticek entrenatzaile zintzoak dituzte. Aguirrek ez du beldurrik partida bat ikustea baino film bat ikustea nahiago duela esateko, Amorrorturen apaltasuna eta lanerako gogoak errespetua eman dio ezezaguna zuen talde eta inguru batean, eta Valverderen zentzutasuna ezin da argigarriagoa izan.Guzti horregatik, hiru euskal talde horien denboraldi hasiera kaskarra izan arren, inork ez du hitz egiten entrenatzaile karguaz, entrenatzaileaz baizik, oraindik. Aste honetan Numanciak berea bota egin du, azken postuan egoteko taldea baino hobea duela iritzi diolako. «Nork ez du jango turroia Eguberrietan?», denbora asko da galdera hori ez dugula gurean entzuten. Bigarren Mailan, zer esanik ez, Eguberriak oso gozoak izango direla dirudi.Bertigoa sartu ote zitzaion Javier Aguirreri klubak zein altu begiratzen zuen ikusita? Auskalo. Fernando Lamikiz Athleticeko presidenteak ez du horrelakorik. «Bi finaletan egotea gustatuko litzaidake», esan du aste honetan Espainiako Kopako kanporaketa gainditu ondoren. Eguberriak aipatu ditut baliteke-eta taldearen ibilbide txarra aztertuta entrenatzaileari baino, entrenatzailearen aulkiari begiratzen dionik egotea. Eguberriak horrelakoak dira: onean oso onak, baina txarrean oso txarrak. Futbolean inork ez du oparirik egiten, baina batzuek ikatza banatzeko presa izaten dute, gehiegizkoa, ondoren etorriko denarekin amets.Jabetu al da inor Reala aurreko denboraldiko taldea, ken Xabi Alonso, ken Javier de Pedro, ken Agustin Aranzabal, ken Bjorn Tore Kvarme, ken Gaby Schurrer, ken Sander Westerveld eta ken Lionel Potillon dela? Jokalari horiek Asier Riesgo, Mikel Labaka, Garikoitz Uranga, Mikel Alonso, Jose Javier Barkero, Luiz Alberto, Jeremie Brechet eta Mikel Artetarekin ordezkatu ditu; jokalari gazteak denak eta Espainiako Ligako Lehen Mailan esperientzia gutxikoak. Jabetu al da inor Athletic hiru txapelketa jokatzen ari dela, lesioak tarteko, azken bi urteetan lehen taldera igo diren bederatzi jokalarirekin? Eta jabetu al da inor Osasunaren aurrekontua beste bi horienaren erdia dela? Eskatzea libre da.Luzapena: Espainiako Kopako final-hamaseirenak jokatu ziren asteazkenean. Nire aldamenean zegoen batek, lehenik, esan zuen Osasuna, Reala eta Athletic Bigarren B Mailako taldeen aurka 90 minutuan irabazteko gai izan ez baziren, ez zutela merezi aurrera egiterik. Bigarrenik, beste batek proposasmen bat egin zuen: Espainiako Kopan partida bakarrera, 120 minutuan, hutsean berdintzen duten taldeek, biek, txapelketatik kanpo geratu beharko lukete, eta hurrengo kanporaketan euren lekua libre utzi. Lehenengoaren iritziarekin ados nago. Bigarren teoria gustukoa dut.
ATARIKO ORDUA. Entrenatzailearen aulkiari begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu