Sasoi onean dauden bi bikotek topo egingo dute gaur Iruñean, Labriten (17:00). Bengoetxea VI.ak eta Apraizek Olaizola II.aren eta Beroizen sasoia neurtuko dute. Azken horiek ondo hasi dute txapelketa; faboritoen artean ageri dira, eta gaur proba ona dute. Azterketa esatea gehiegi litzateke, oraindik hamar jardunaldi falta direlako lehen fasea bukatzeko; beraz, gaurkoa, asko jota, atariko proba ontzat jo daiteke.
Txapelketa bi astez egon da geldirik, eta jada ez du etenik izango finalera arte. Gaizki hasitako bikoteek hausnarketarako tartea izan dute, eta min txikiak zituzten pilotariek, sendatzeko. Ikusteko dago ondo zebiltzan bikoteei etenaldiak eragin dien ala ez. Olaizola II.aren eta Beroizen zalantza da, lehen hiru partidetan maila bikaina eman baitzuten, hirurak irabaziz. Aurrelariak hilabeteak daramatza maila onean, baina ligaxkaren hasieran Beroizen jardun ona gehitu zaio. Azken partidan 22-15 irabazi zieten Titin III.ari eta Merino II.ari.
Bengoetxea VI.a eta Apraiz, berriz, ustekabe goxoetako bat izaten ari dira, aurrelariarengatik batez ere. Leitzarrak urteak zeramatzan binakako txapelketa onik egin gabe, eta gogoz ekin dio lehiari. Bikotearen azken partidan Zubietak min hartuta bukatu zuen, baina Bengoetxeak jokoa gogortzen asmatu zuen. Hirutik bi partida irabazi dituzte, eta gaur txapelketako lehen ustekabeko handia emateko aukera dute. Apraiz izan daiteke gakoa; erregulartasun gutxiko atzelaria da, baina asmatzen duenean edozeini bizkarra erakusteko moduko joa du. Orain arteko hiru partidetan txukun aritu da, baina distirarik gabe jokatuz.
Jaialdiko aurreneko partida Bigarren Mailako txapelketakoa izango da. Gorkak eta Peñagarikanok Jaunarena eta Cecilioren aurka jokatuko dute. Peñagarikanok Arrutiren ordez jokatuko du.
Atariko proba on bat
Olaizola II.aren eta Beroizen sasoia neurtuko dute gaur Bengoetxea VI.ak eta Apraizek, Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu