Atea itxi dio Athletici

Fernando Llorentek baieztatu egin du talde zuri-gorria utziko duela ekainaren 30ean

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Amaitu da Fernando Llorente auzia. Athleticek bere historian izan duen erdiko-aurrelaririk onenetakoak utzi egin du kluba datorren ekainaren 30ean. Ez dago atzera bueltarik. Erabakia behin betikoa da. Llorentek ate guztiak itxi dizkio Athletici. Aurrelariak atzo jakinarazi zuen berria. «Erabakita al daukazu Athletic lagatzea?», galdetu zioten sasoi honetan Lezaman emandako lehen prentsa agerraldian. «Bai» izan zen aurrelariaren erantzuna. Motza. Zuzena. Dudarik sortzen ez duen horietakoa.

Ezin da esan Llorentek hartu duen erabakiak ezustean harrapatu dituenik Athleticeko jarraitzaileak. Denbora kontua zen. Atzera begiratzea nahikoa da aurrelariak Athleticekin kontratua luzatzea oso zaila izango zela konturatzeko. Ez baita ahaztu behar duela urte eta erdi hasi zirela negoziatzen kluba eta jokalaria. Urte eta erdi! Bi zuzendaritza ezberdinekin egin du berba tarte horretan, Fernando Garcia Makuarenarekin lehenbizi, eta Josu Urrutiarenarekin gero. Ez batzuk, ez besteek ez dute euren helburua lortu. Beharbada ezinezkoa zelako. Joan den abuztuan Llorentek hartutako bideak erakutsi zuen bezala. Ez zuela Athleticen jarraitu gura jakinarazi zion Urrutiari. Hortaz, jokalariarentzat eta klubarentzat«onena» zena egiteko eskatu zion. Futbolaria beste klub bati saltzea, alegia. Llorenteren harridurarako futbolak eta gizarteak hartu duten kontrako bidea hartzea erabaki zuen presidenteak. Milioi mordo bati uko egin eta jokalaria taldean mantentzea erabaki zuen. Apustu gogorra egin zuen zuzendaritzak eta ezin esan arrakasta izan duenik. Izan ere, futbolariak ez du iritzirik aldatu, giroa gaiztotu egin da, eta orain arte, behintzat, aurrelariak ez du bere mailaren berri eman. Apustuak horrelakoak dira: batzuetan irabazi egiten da, eta beste batzuetan galdu. Hori bai, Urrutiak bazkideen babesa izaten jarraitzen du.

Kontua da Llorenteri urte erdi pasatxo geratzen zaiola klub zuri-gorrian. Futbolariak uko egin dio hazi duen taldearen ikur izateari eta hobea den talde batera joango da. Baina zergatik hartu du ia azken hamarkada bietan defendatu duen kluba uzteko erabakia? Bere erabakiaren atzean ez omen daude arrazoi ekonomikoak. «Ez da diru kontua. Athleticen eskaintza bazterrezina zen». Horren harira klubak zer esaten duen jakin beharko da. Euroak arazo ez badira, kirol arloan Athleticek dituen mugak izan daitezke oztopo. «Espainiarekin Eurokopa eta MundukoKopa irabazi ditut. Argi dago guztiok nahi izaten dugula profesional gisa hazi eta beste gauza batzuk irabazten ahalegindu», esan zuen Llorentek. Beraz, argi dago kirol arloan klub zuri-gorriak ez diola eskaintzen berak behar duena.

Hedabideekin haserre

Baina gauza gehiago daude. Llorenteri batere graziarik egin ez diona da hedabideek bere kontratu luzapenaren jarraipenean izan duten jarrera. «Hedabideen jarrerak ez duela nire erabakian lagundu argi eta garbi dago. Nire kontrako giroa sortu dute. Publikatu diren gauza gehienak gezurrak dira. Arsene Wengerrekin izan nuen ustezko bilera… Horrek guztiak, beste gauza askorekin batera, bultzatu naute erabakia hartzera», azpimarratu zuen Llorentek. «San Mamesen Europako Ligako lehen partida jokatu nuen egunean hartu nuen ez jarraitzeko erabakia [Slavenen aurka, abuztuaren 2an]. Nire kontrako giroak tristetu egin ninduen», aitortu zuen.

Bere inguruan sortu den giroak «ezeroso» sentiarazten du Llorente. Hala ere, «jarraitzaileen gehiengoaren babesa» duela uste du, «nahiz eta argi dagoen batzuk ni taldea lagatzea gura duten». Hala egingo du, baina ekainaren 30 ailegatzen den bitartean «bete-betean» egingo duela lan aurreratu zuen. Halaber, argi esan zuen Athleticek ez diola inolako «xantaiarik» egin kontratua luzatzeko. Gutxi jokatu baldin badu aurretik hobeto aritu den beste bat izan duelako dela, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.