Atea jotzen hasi dira

Euskadiko zazpi kirol federaziok eskatu dute nazioarteko erakundeetan ordezkaritza izatea: igeriketakoak, piraguismokoak, squashekoak, xakekoak, mahai tenisekoak, eskrimakoak eta automobilismokoak

Eusko Jaurlaritzako, EKFBko eta eskaera egin duten zazpi kirol federazioetako ordezkariak, atzo, Itsas Museoan egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak Kirolaren Legea onartu zuen azaroaren 3an. EAJk baiezkoa eman zion legeari PSOErekin ituna egin ostean. Bertan, zehaztu egin zituzten selekzioek nazioartean ofizialki lehiatu ahal izateko bete beharreko baldintzak. Horren arabera, «autonomia erkidego» bateko selekzioak nazioarteko txapelketetan lehiatu ahalko dira, kirolak lurralde horretan «sustrai historikoak» baldin baditu, kirol bakoitzari dagokion nazioarteko federazioak onartzen badu eta «autonomia erkidego» horretako federazioa Espainiakoa baino lehen sortu bazen.

Itunaren berri eman zen egunean bertan jakinarazi zuten gutxienez bi kirolek betetzen zituztela nazioartean lehiatzeko baldintza horiek: pilotak eta surfak. Bi kirol horietako Euskadiko federazioek aspaldi egina dute eskaera nazioarteko federazioan ordezkaritza izateko, baita futbolekoak, mendiko kiroletakoak, herri kiroletakoak, boxeokoak eta halterofiliakoak ere. Batzuek ezezkoa jaso dute jada, eta beste batzuk, ordea, zain daude oraindik.

Beste zazpi gehitu zaizkie. Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) jakinarazi duenez, Euskadiko beste zazpi kirol federaziok egin dute eskaera nazioarteko erakundeetan ordezkaritza izateko, eta haiek antolatutako txapelketetan parte hartzeko. Hauek dira eskaera egin duten kirol federazioak: igeriketakoa, piraguismokoa, squashekoa, xakekoa, mahai tenisekoa, eskrimakoa eta automobilismokoa.

Atzo eman zuten horren berri, Bilboko Itsas Museoan egindako agerraldian. EKFBk sustatutako Basque Sport egitasmoaren barruan egin zuten. Bertan izan ziren Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria, Angel Gurrutxaga EKFBko presidentea, Leire Gerenabarrena EKFBko kudeatzailea eta eskaera egin duten zazpi federazioetako ordezkariak.

«Bide luze baten hasiera»

Iturriagak azaldu zuenez, zazpi federazio horien eskaerak «bide luze baten hasiera» besterik ez dira, baina erantzun egiten dio euskal gizartearen zati handi batek duen nahiari: kirol jardueran nazioartean ordezkaritza izateari. Azpimarratu zuenez, eskaera horiek ez doaz ez inoren, ez ezeren aurka: «Gure kirolaren eta kirolarien alde doaz. Gure kirolak nazioartean ordezkaritza izateko bidea hasia zegoen, eta Eusko Jaurlaritza bide horretan ari diren federazioen bidelagun izango da».

Gurrutxagak, berriz, esan zuen EKFBren helburua Kirol Legea betetzea dela, eta horrek dioela EKFBk «euskal kirol selekzioak sortzea eta garatzea babestu eta sustatu» beharra duela, baita horiek «txapelketa nazionaletan eta nazioartekoetan lehiatzea ere».

Basque Sport egitasmoaren barruan dago zazpi federazio horiek egindako eskaera. Horri erreparatu zion Gerenabarrenak. «Ona da euskal kirolarentzat eta kirolarientzat: haietako gehienei aukera eman diezaieke nazioarteko kirol esperientziak bizitzeko; haien kiroletan dagoen lehiakortasunagatik, agian, ez lukete halakorik bizitzeko aukerarik izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.