Ateko giltza galdu du

Athletic da Malagaren ostean Lehen Mailan gol gehien jaso duen taldea: hogeita hiru guztira, ia bi gol norgehiagokako

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Athleticek galdu egin zuen larunbatean Santiago Bernabeun. Porrotak, berez, ez zuen aparteko minik eman. Denboraldi hasieran inork ez dituelako kontuan hartzen Real Madrilen zelaian jokoan egoten diren puntuak. Bi taldeen artean alde ikaragarria dago. Profesional orori galtzeak eman behar dio min, baina garaipena oso urrun ikusten denean beste gauza batzuri erreparatu behar zaie. Emandako itxurari, esate baterako. Izan ere, galtzeko era asko daude. Oso ezberdinak. Eta galtzeko era behin eta berriz errepikatzen denean, kezkatzeko eta hausnartzeko arrazoiak egoten dira. «Real Madrilen kontra Sevillaren eta Vila-realen aurka egin genituen hutsegite berak egin ditugu», adierazi zuen Joaquin Caparrosek Santiago Bernabeuko prentsa aretoan. Kezkagarria izan behar da talde bateko entrenatzaileak hutsegiteak errepikatu direla azpimarratzea. Ezin al du ezer egin? Lehenenik eta behin, autokritika egin beharko luke. Hori bai, jokalarien maila zalantzan jartzeko arrazoiak ere baditu Caparrosek. Asko dira Athleticek defentsan dituen gabeziak. Nola azaldu bestela hamabi jardunalditan 23 gol jaso izana? Malagak bakarrik jaso ditu gehiago, gol eskas bat gehiago hori bai. Estatistikak argigarriak dira: Athleticek ia bi gol jaso ditu partidako.

1. Iraizozen gorabeherak

Talde batek gol asko jasotzen dituenean atezaina egoten da kritikari gehienen jomugan. Athleticen ere lupaz ari dira aztertzen Iraizozen beharra. Atezain nafarra kontratua luzatzeko negoziatzen ari da talde zuri-gorriarekin. Eta, akordiorik lortu ez dutenez, gura baino gehiago ari da agertzen hedabideetan. Sarri esaten da horrelako kontuek eragina izaten dutela jokalariaren errendimenduan. Seguruenik arrazoi bat baino gehiago egongo da futbolari batek eskaini dezakeen mailan eragin dezaketenak. Baina ukaezina dena da Iraizozek oso sasoi hasiera gorabeheratsua egiten ari dela. Onena eta txarrena egiteko gai izan da. Zenbait partidatan erabakigarria izan da taldeak garaipena eskura zezan. Baina beste batzuetan huts larriak egin ditu. Goi mailako atezain bati onartu ezin zaizkion hutsak izan dira. Hobetu beharra dauka. Bere onerako, baita taldearen mesedetarako ere. Izan ere, nafarrak ez dauka bere postuan aurre egingo dion atezainik. Caparrosek ere argi dauka hori. «Osasunaren kontra hasieratik ariko da», esan zuen Real Madrilen aurkako partida amaituta.

2. Atzelarien banakako hutsak

Arlo guztietan gertatzen den legez, futbolean ere askoz errazagoa da deuseztea sortzea baino. Dena dela, horrek ez du esan gura futbolean erraza denik defentsako lana ondo egitea. Atzelari onak eta txarrak daude. Taktikoki eta teknikoki onak direnak eta erdipurdikoak direnak aurkitu daitezke. Ba badirudi Athleticeko defentsak bigarren multzokoak direla. «Atzelari ona izateko talentua behar da. Huts bat gol bat da. Guk daukaguna daukagu, eta futbolari horiekin lan gehiago egitea baino ez zaigu geratzen». Bistan da Caparrosek ez duela konfiantza handirik taldeko atzelarien dohainetan. Badu, gainera, kexu egoteko arrazoirik -nahiz eta ez izan oso dotorea entrenatzaile batek jendaurrean jokalariak kritikatzea-. Banakako huts ugari egiten dituzte. Kontzentrazio, kokapen eta bestelako hutsak etengabeak dira. Eta ez dira denboraldi honetako kontuak soilik. Jupp Heynckes Athleticeko entrenatzaile zenean ere gabezia berberen inguruan mintzatzen zen. Huts asko landu ezin daitezkeen gabezien ondorioa izan da. Eta hori larria da oso.

3. Nagusiaren erantzukizuna

Arrazoia izanda ere erraza da besteari errua botatzea. Baina hobe luke Caparrosek autokritika egiteko tarte bat hartuko balu. Entrenatzailearen lana da jokalari guztien dohainak baliatu eta talde sendoa egitea. Erasoko jokoaren eta defentsakoaren arteko oreka aurkitzea, hain zuzen ere. Oraindik ez du lortu. Egin dituen ahalegin guztiak ez dira eraginkorrak izan. Joan den sasoian zelai erdia indartzea pentsatu zuen. Horretarako, Gurpegi eskuin hegalean jarri zuen. Partida batzuetan emaitza ona izan zen, baina luzera ez zela erabaki zuzena konturatu zen. Argi ikusi zen ez zela taldearen gabeziak erabat konponduko zituen aukera. Denboraldion, lanerako aproposak diren euskarri biren alde egin du. Gurpegik eta Javi Martinezek sekulako lana egiten dute euskarrian. Presioa egiteko egokiak dira. Eta futbolari horiek sortze lanetan dituzten gabeziak orekatzeko hegaleko erasokorrak eta talentudunak zelairatzen ditu Caparrosek. San Mamesen jokatzeko apustua egokia dela ikusi da, baina kanpoan ez du emaitza onik izan. Beraz, bila jarraitu beharra dago. Joko sistema aldatzea izan daiteke hurrengo pausoa. Izan ere, Caparrosek Athleticen ardura hartu zuenetik ez du sekula 4-4-2koa aldatu. Futbolariekin proba asko egin ostean, beharbada heldu da sasoia etxetik kanpo jokatzeko era aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.