Kaiku arraun elkarte historikoa da. 70eko eta 80ko hamarkadetan bereak eta bi egin zituen, garaipen asko pilatuz. Baina azken hamarkadetan ezkutuan egon da. Burua altxatu ezinda. Joan zen urtera arte. KAE 1 liga aise irabazi eta gero, San Miguel ligara igo zen, eta hor dabil onenen alboan. Aspaldiko partez. Bide onetik doala jakina zen, baina behar zuen garaipen handi bat bidea zuzena dela berresteko. Eta lortu du. Atzo, Zierbenan, Bizkaiko Txapelketa irabazi zuen. 1993an gailendu zen azkenekoz herrialdeko lehiaketa nagusian. Urte asko igaro ditu Bizkaitarra traineruak lehortearen itsasoan.
Ikusgarri itzuli da garaipen handien portura. Sekulako azken luzea eginda. Hirugarren ziabogan, bi segundo aurretik zuen Urdaibai, baina eremu erditik helmugarako tartean, aldea jan eta handitu egin zuen, hamahiru segundoko zuloa egiteraino Bermeokoekiko. Ezustea izan zen azken luze hori. Lehen luzean soilik izan zelako aurretik Sestaoko ontzia. Txanpa ikusgarriari jarraipena emanez, sei segundo aurretik eman zuen lehen ziaboga. Normalean lehen luzean izaten diren alde txikiak aintzat hartuta, bazen tartea. Bigarren luzean eta hirugarrenean, baina, Urdaibaik gogor jo zuen. Bigarren ziabogarako bidean, parean zetozen bi ontziak. Fran Gonzalezen koadrilak zailena egin zuen: Jose Luis Kortaren ontziari tartea jan, eta parean jarri. Ziabogarako hamabost bat metro falta zirela, gainera, bagatxoa baliatu eta hiru segundo aurretik eman zuen buelta Bou Bizkaia-k. Atera ere hobeto atera zen, eta eutsi egin zion aldeari. Borroka latza izan zuten hirugarren luzean bi ontziek, baina Urdaibaik estropada buruari eusten zion. Azken ziabogan bi segundo zen aurretik. Ikusita bigarren luzean bederatzi segundo atera zizkiola Kaikuri, eta eremuaren erdialdera arte aurretik zela kontuan izanda, inor gutxik espero zuena gertatu zen. Bermeoko ontziaren branka gehiegitan egon zen uretatik kanpo, gorantz begira, trainerua zulo batean sartuta geldi balego bezala. Bien bitartean, Kaiku ziztu bizian zetorren. Orekatuta zekarren ontzia. Bizi-bizi zetorren. Arraunlariak gozatzen. Arin-arin. Urdaibairen parean jartzearekin konforme ez, eta di-da batean muturra erakutsi zuen Bizkaitarra-k. Geroxeago, traineru erdia zuen aurretik. Ondoren, osoa. Konturatzerako, bi traineru aurretik zen. Helmugan hiru edo gehiago ere bai. 11 segundo azkenean.
Balizen pareko zubian bilduta zeuden Sestaoko zaleak txora tzen zeuden. Beraiena zen bandera. Hamasei urtez ikusi zuten azkenekoz herriko taldea Bizkaiko Txapelketa irabazten. Garai hartan eta lehenago ere, oso ezagun egin zen Kaikuko zale bat. Aterki beltz eta berdea eskuan zuela joaten zen estropadaz estropada. Han zen beti, Kaiku animatzen. Kantuan, aterkia altxata ibiltzen zen. Duela urte batzuk hil zen, baina atzo Kaiku garaile sartzen ikusi, eta gizona aterkia altxata kantuan gogora etortzea bat izan zen.
Santurtzi, hirugarren
Lehen bien arteko borrokaren ikusle izan ziren gainerako guztiak. Baina bazegoen zerbait jokoan. Hirugarren izatea, esaterako. Santurtzik lortu zuen postu hori, azken txandan arituta. Lan ona egin zuten Ibon Gaztañazpiren arraunlariek, eta ez zuten aurkaririk izan podiumeko koska txikienera igotzeko. Bestelako kontuak eduki zituzten Isuntzak eta Arkotek txanda berean. Lehen laurak sailkatzen zirenez Euskadiko Txapelketara, lehia estua izan zuten bi traineruek. Azken luzean soilik hartu zuen aurrea Plentziako ontziak, eta Euskadiko Txapelketan izango da.
Bestelakoan, nabarmentzekoa izan zen KAE 2 ligako bi ontzik, Deustuk eta Getxok aurrea hartu izana KAE 1eko Ondarroari eta Portugaleteri.
Aterkia altxatuko zukeen
Kaikuk nagusitasunez irabazi du Bizkaiko Traineru Txapelketa, azken luze ikusgarrian Urdaibai atzean lagata
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu