Asier Riesgo. Osasunako atezaina

«Atezainak jokatzeari uzten badio, zaila da beste aukera bat izatea»

Vicente Calderonen, denboraldiko lehen partidan, izterrean min hartu zuenetik jokatu gabe dago, eta datorren astean, Espainiako Kopako kanporaketan izango du bigarren aukera.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Bigarren denboraldia du Asier Riesgo atezain gipuzkoarrak (Deba, 1983) Osasunan. Iragan sasoian Kopako bi partidetan soilik jokatu ahal izan zuen. Sasoi honetan titular gisa hasi zuen denboraldia, baina lehendabiziko norgehiagokan min hartu eta gero, ordezkoen aulkian egotera ohitu behar izan du berriz. Ez da egoerarik gozoena, baina Iruñean pozik dago Riesgo, eta datorren astean, Espainiako Kopan, bere balioa erakusteko aukera izango du.

Zu jokatzen noiz hasiko zain geunden elkarrizketa egiteko, baina ez dago modurik.

Oraingoz hala ematen du; lehenengo partidan zorte txarra izan nuen, min hartu nuen, eta uste baino gehiago kostatu zitzaidan lesioa gainditzea. Eta, osatu eta gero, badakizu zer gertatzen den atezainekin: jokatzeari uzten diozunean zaila izaten da gero berriz beste aukera bat izatea.

Denboraldi-aurrean postuaz jabetu eta gero, sasoi hau zure sasoia izango zela sinetsita izango zinen. Gogorra izan al zen hasi orduko lesionatzea?

Bai noski, kolpe gogorra izan zen; postuaz jabetzea hainbeste kostata, lehen partidan lesio bategatik postua galtzea ez da batere samurra. Pena handia hartu nuen, baina gure postuak halako gauzak dauzka, eta ahal bezain ondoen hartu behar izan dut kolpea.

Andres Fernandezek eskarmenturik ez zeukan Lehen Mailan, nola ikusi duzu orain arteko partidetan?

Taldea dinamika onean dago, eta ondorioz, atezaina ere bai. Haren partidarik onena azkenengoa izan da. Betisen aurka taldeko jokalaririk onena izan zen. Beste partida askotan, agian, ez du horrenbesteko protagonismorik izan, baina txukun aritu dela esango nuke.

Nou Campen eta Santiago Bernabeun Osasunak hartu zituen gol zaparradak ikusita, ez zenuen Andresen inbidia handirik izango.

Jende askok esan dit hori, baina futbolariok beti jokatu nahi izaten dugu, eta horrelako zelaietan are eta gehiago. Partida bereziak izaten dira, eta nahiz eta jakin aurkariek gol aukera asko izango dituztela, partidako protagonistak izan gaitezkeela ere badakigu atezainok. Motibazioz gainezka zelairatzen zara horrelakoetan.

Lehen taldean hiru atezain zaudete, lehia hori nola daramazue?

Ondo, nahiko ondo; jokatzen ez dugun biontzat ez da erraza, eta deialdietatik ere kanpo geratzen denarentzat are zailagoa da. Dena dela, ahal den neurrian ondo daramagu, geure artean harreman ona daukagu, eta ondo gaude.

Teorian, Ricardo zu baino okerrago dago; nola ikusi duzu bera?

Bai, haren egoera da zailena, baina urte asko daramatza futbolean, eskarmentu handia dauka, eta uste dut nahiko ondo hartu duela. Ricardok badaki nolakoa den futbola, eta lasai ikusten dut.

Jabier Bikuñak, atezainen prestatzaileak, izango ditu buruhausteak. Hirurotako inor ez haserretzeko erabakiak ondo pentsatu beharko ditu.

Lan handiagoa dauka Bikuñak, hori argi dago, eta egoera berria kudeatzen ere asmatu egin behar du. Ondo ari da.

Datorren astean Kopan lehiatzen hasiko zarete, Almeriaren aurka, eta hor, behintzat, jokatzeko aukera izango duzula dirudi.

Itxaropen horrekin nago; aukera ona da guretzat, Ligan gutxiago edo batere jokatzen ez dugunontzat. Ea Almeriaren aurka jokatzeko aukera daukadan eta Kopako kanporaketa batzuk gainditzeko gauza garen.

Aukera baliatu eta Ligan ere jokatzen hasteko itxaropenik baduzu?

Ez dago jakiterik, baina zaila izango da hori gertatzea. Ez dut horretan pentsatu nahi; jokatzeko gogoa daukat, futbolean gozatu eta taldeari lagundu nahi diot, horretan soilik pentsatzen dut.

Beno, eta Osasunak non egon behar du sasoi honen amaieran?

Lehen Mailan, salbazioa da garrantzitsuena, eta lehenbailehen hori ziurtatzea da asmoa. Handik aurrerakoa bere garaian ikusiko dugu. 42 puntuak eskuan izan arte, hobe dugu beste ezertan ez pentsatzea. Denboraldia luzea da; emaitzen aldetik, oraindik bolada txarrik ez dugu izan, baina iritsiko zaigu une zailen bat, eta xedea zein den ahaztea ez da komeni.

Lamahk Europarako sailkatzea eskatu dio Osasunari; taldean denbora gutxi daramalako ulertu behar al ditugu bere adierazpenak?

Ez, ez da hori, zuhurtzia garrantzitsua da, baina anbizioa ere beharrezkoa izaten da askotan, eta taldekideek helburu horiek jartzea ez da txarra. Halere, historikoki Osasunaren helburua zein izan den ahaztea ez da komeni.

Aizu, gainontzean zer moduz zaude? Iruñera ondo egokituta dagoeneko?

Bai, oso gustura nago Iruñean. Oso erraza izan da dena; familia pozik dago, etxetik oso hurbil nago, eta edozein arazo izanez gero, etxera joan naiteke: hori gauza handia da.

Sarri joaten zara Debara?

Beno, gero eta gutxiago, batez ere umeengatik, ikastolara egunero joan behar izaten baitute haiek. Aste honetan jaiegunak dituzte, eta horregatik aprobetxatu dugu Deba aldera gerturatzeko.

Osasunan asko jokatzeko aukerarik ez duzu izan iritsiz geroztik, baina Iruñea ez duzu ahaztuko, besteak beste, etxean nafar bat duzulako orain.

Bai, joan den urtean izan genuen bigarren umea, eta Paul Iruñean jaiotakoa da, bai. Argi dago ez dudala nire bizitzako etapa hau inoiz ahaztuko, eta luzaroan jarraitu nahiko nuke bertan, gainera, oso pozik bainago Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.