Athletic, erasora

Urrutiak jakinarazi du salaketa jarriko dutela Adurizek ereserkiaren afera dela-eta jasotako irainengatik.Boveda eta Eraso Lezamara itzuliko dira

Josu Urrutia, atzo. LUIS TEJIDO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2015eko ekainaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Athleticek auzitara joko du Aritz Adurizek Espainiako Kopako finalaren Espainiako ereserkiaren aferaren harira jasotako irainak salatzeko. Aurrelaria irribarrez agertu zen telebistan txistukadaren erdian, eta irain gogorrak jaso zituen sare sozial eta hainbat hedabidetan. Era berean Espainiako Indarkeriaren aurkako Kirol Batzordearen eskakizunik ez dutela jaso baieztatu zuen atzo Josu Urrutia taldeko presidenteak. Are gehiago, isuna baino gehiago, Athleticek eta bere zaleek «sari bat» mereziko luketela aldarrikatu zuen: «70.000 pertsona eraman genituen Bartzelonara, eta ez zen inolako arazorik egon. Hori zigortzekoa baino gehiago, saritzekoa da».

Athleticek erasora jotzea erabaki du. Kopako finaleko Espainiako ereserkiari eginiko txistukadaren soka gehiegi luzatzen ari da, eta taldeak ez du gora begira gelditu nahi. «Athleticeko jokalari bat iraintzen badute, Athletic iraintzen dute», nabarmendu zuen Urrutiak. Oharra Aritz Adurizek ereserkiak jotzen zuen bitartean irribarre egiteagatik publikaturiko irainen harira doa. Jokalariak, gainera, azaldu du bere alaba ikusi zuela harmailetan, eta horregatik egin zuela irribarre. Hala ere, sare sozialetan eta hainbat agerkari digitaletan larrutu egin zuten.

Camp Nouko txistukadak legezko ondorioak izango dituela aurreratu zuen indarkeriaren aurkako batzordeak, eta iragan asteleheneko agerraldian Miguel Cardenal Espainiako Kirol idazkari nagusiak ez zuen baztertu Athletic eta Bartzelona zigortzea. Taldeek txistukada eragozteko nahikoa ahalegin egin zuten ikertuko zutela aurreratu zuen, eta bost egun zituztela euren azalpenak emateko. Bada, oraingoz, epe horiek ez dira betetzen ari, Urrutiak esan zuenez, Athleticek ez duelako jaso inolako eskaerarik.

Polemikak asko mindu de presidentea. Urrutiak Bilbotik joandako zaleek izandako portaera goraipatu zuen. Are gehiago, aitortu zuen Josep Maria Bartomeu Bartzelonako presidenteak berak zoriondu zuela. «Ez dut adjektiborik gure zaleek merezi dutenadeskribatzeko», aitortu zuen Urrutiak. Era berean, zale mugimendua ikusita, Athleticek osasun oso ona duela ondorioztatu zuen. «Larunbatean ikusi zen Athletic ordezkatzeaz zein harro gauden. Gauza baikor asko transmititu genituen, eta Athletic oso bizirik dago». Finaleko emaitzaz, berriz, alderaketa grafikoa egin zuen: «Bartzelonak txikitu egin gaitu hiru finaletan, baina horretarako hor egon beharra dago. Etorkizunean zaila izango da lorpen horiek errepikatzea».

Ez Monreal, ez Llorente

Kirol arloaz ere mintzatu zen Urrutia, eta Fernando Llorente eta Natxo Monreal fitxatzeko eskaintzarik ez dutela egin esan zuen. Arsenaleko ezker hegaleko atzelariaren inguruko zurrumurruak ukatu zituen. Hori bai, azpimarratu zuen «taldea hobetuko luketen aukeretako bat» dela. Fitxaketei dagokionez, Eneko Boveda Eibarreko eskuin hegaleko atzelariaren eta Javi Eraso Leganeseko erdilariaren fitxaketak «sinatuta» daudela baieztatu zuen. Biak ala biak Lezamako harrobitik irtendakoak dira. Urrutiak ez zuen beste argibiderik eman fitxaketez, ezta utzita dauden jokalariez ere. Athletic uztailaren 1ean hasiko da entrenatzen, eta uztailaren 30ean ekingo dio Europa Ligari.

Kirol organigraman ere aldaketak izango dira, Aitor Larrazabalek Lezamako zuzendaritza utziko baitu. Lau urte egin ditu karguan, baina utzi egingo du, entrenatzeko. Haren ordezkoa ez da Ander Garitano izango. Jose Mari Amorrortuk, aldiz, jarraitu egingo du, taldeko kirol zuzendari gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.