Partidua gartsu hasi du Athleticek. Estu presionatu du Olympique Marsella lehen minutuetan, eta ez dio baloia eroso jokatzen utzi. Talde txuri-gorriak minutu asko egin ditu aurkariaren zelaian, lehen ordu erdian, eta izan du gol aukerarik ere. 25. minutuan, Cordobak erdiraketa egin du ezker hegaletik eta Adurizek buruz errematatu du, baina langaren gainetik joan zaio gutxigatik.
Olympique lehen minutuetan Athleticen areara hurbildu den aldi bakarrenetakoan, penaltia egin dio Lekuek Payeti, eta frantziarrak ez du barkatu. 0-1ekoa jarri du markagailuan, 36. minutuan.
Lehen zatiko azken minutuetan, bi taldeek izan dituzte aukerak, baina Olympiquen gol bakarrarekin joan dira bi taldeak aldageletara.
Bigarren zatia hasi eta gutxira, neurketa berdintzeko aukera izan du Cordobak. 49. minutuan, eskuin hegaletik iritsi zaion erdiraketa altua oinaren barrualdearekin errematatu du, baina atearen gainetik joan zaio.
Berehala heldu da Olympiquen erantzuna. Ocamposek baloia hartu du arearen ezker aldean, erdirantz egin du eta aukera izan duenean eskuin hankarekin jaurti du bigarren zutoinaren bila. 0-2koa izan da, 52. minutuan. Olympique bigarrenak min handia egin dio Athletici. Urrun ikusi du kanporaketan aurrera egiteko aukera.
Hala ere, Williamsek gola egitea lortu du 74. minutuan. Eskuin hegaleko erdiraketa bat urruntzerakoan huts egin du Olympiqueko atzelari Ramisek, baloiak aurpegian jo dio nahigabe Adurizi eta, atearen parean, Williams aurreratu egin zaio talde frantziarreko atezainari, baloia sareetara bidaltzeko.
Athletic jokalari bat gutxiagorekin gelditu da, ordea, Williamsek gola egin eta bi minutura. Adurizek bigarren txartel horia jaso du, sarrera batengatik. Hamar jokalarirekin, luze egin zaizkio azken minutuak talde txuri-gorriari. Olympique jaun eta jabe izan baita.
Azkenean, 1-2 amaitu da neurketa, eta Athleticek amaitu du Europa ligako ibilbidea. Taldeak kanporaketa lehiatzeko gogoa adierazi du, baina Olympique gehiago izan da.
Iñaki Williamsek aitortu du Europatik kanpo gelditzea "kolpe oso gogorra" izan dela taldearentzat. "3-1ekoari buelta ematea zaila zen, baina ez ezinezkoa. Genuen guztia ematen saiatu gara, baina gauzak ez dira nahi genuen bezala irten. Lehenengo zatian akabatu gaituzte, apenas arriskurik sortu gabe".
San Mameseko zale askok, haserrea adierazi dute txistuekin eta orri zuriak astinduz.
Bestalde, Olympiqueko zale batzuek istiluak sortu dituezte harmailetan eta San Mameseko sarreretako batean. Bi segurtasun langile zauritu dituzte eta bengalak piztu dituzte estadio barruan. Ertzaintzak hiru zale frantziar atxilotu ditu.