Futbola

Athletic garesti ari da ordaintzen gol falta

Talde zuri-gorriak galdu egin ditu azken hiru partidak, eta kezkagarriena da ez duela golik sartu. Probak egin eta egin ari da Valverde, baina uztarik jaso gabe. Lehortea amaitzeko aukera ona du gaur San Mamesen, Gironaren aurka.

Gorka Guruzeta eta Iñaki Williams. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gorka Guruzeta eta Iñaki Williams, etsita, Alavesen aurkako derbian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon eskudero
2025eko irailaren 23a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Athleticek arazo handia dauka golari begira. Denboraldia hasi besterik egin ez bada ere, lehen sei partidek nahikoa eman dute ondorio hori ateratzeko. Joan den larunbatean Valentziaren aurka galdu izanak begien bistan utzi zuen erasoan antzu ari direla zuri-gorriak. Jokoan ia dena ongi egin zuten, baina azken metroetako fintasunik eza garesti atera zitzaien. Eta ez da lehen aldia. Jokaturiko azken hiru partidak galdu egin ditu Ernesto Valverderen taldeak: Alavesen eta Valentziaren aurka ligan, eta Arsenalen kontra Txapeldunen Ligan. Ordea, zera da kezkagarriena: hiru partida horietan ez duela gol bakar bat ere egin. Aitor Paredesek Cartujan Betisi 0-2koa sartu zionetik, bilbotarrek 280 minutu daramatzate golik sartu gabe. Krisia areagotzen hasi baino lehen, Valverdek zerbait asmatu beharko du.

Egia da probak egin eta egin ari dela entrenatzailea. Eta zortea ere ez duela lagun. Izan ere, Nico Williamsen lesioak min egin dio taldeari. Ligako lehen hiru partidetan jokalaririk onena izan zen Williams anaietan gazteena. Fresko ekin zion sasoiari, eta hari esker iritsi ziren Athleticen golak eta gol aukera garbiak. Min hartu zuen gero, Espainiako selekzioarekin ari zela, eta haren hutsunea ederki nabaritzen ari da taldea. Horri gehitu behar zaio beste jokalari batzuk ez daudela sasoirik onenean. Oihan Sancet, Alex Berenguer eta Iñaki Williams, kasurako. Orain arteko sei partidetan lau jokalari probatu ditu Valverdek aurrelari postuan, baina inork ez du konbentzitu. Errematatzaile peto baten falta gehiegi igarri du Atheticek.

Ligako estreinako partidan Maroan Sannadik jokatu zuen aurrelari postuan, Sevillaren aurka. Iragan denboraldiko neguko merkatuan iritsi zen Maroan Athleticera, eta kosta egin zitzaion Lehen Mailara egokitzea. Orain, denboraldiaurrean Lezaman aritu ondoren, espero izatekoa zen hobeto arituko zela. Bada, lehen partida horretan gola sartu zuen: 2-0ekoa sartu zion Sevillari. Horregatik, bigarren jardunaldian Rayo Vallecanoren kontra ere haren aldeko apustua egin zuen entrenatzaileak. Lehen zati kaskarra jokatu zuen, baloiarekin baldar ibili baitzen, eta atsedenaldian aulkian utzi zuen Valverdek. Berenguer zelairatu zuen haren ordez.

Bide berari eutsiz, hirugarren jardunaldian Berenguerrek berak jokatu zuen aurrelari postuan, Cartujan, Betisen aurka. Taldeak hobeto jokatu zuen. Aurrelari peto bat zelaian izan ez arren, erasoko jokalarien mugimenduek min egin zioten Betisi. Berenguer eta Iñaki Williams etengabe aurrelari postuan txandakatuz ibili ziren. Dena den, bi horietan inor ez da aurrelari petoa, eta hori agerian geratu da azken bi partidetan, Arsenalen eta Valentziaren aurka. Eskema horri eutsi nahi izan dio Valverdek, baina ez du fruiturik jaso. Jokoan dotore aritu arren, golari begira zerbait falta izan dute zuri-gorriek. Aurrelari peto baten beharra, alegia.

Gainera, Williamsi dagokionez, aspaldiko sasoirik eskasenean ekin dio denboraldiari. Orain arte hegazkin baten moduan ibili ohi zen eskuin hegaletik, Oscar de Marcosen laguntzarekin. Azken horren hutsunea betetzeko, Athleticek Jesus Areso fitxatu zuen Osasunatik, baina oraingoz ez du nahi bezala funtzionatu eskuin hegal horrek. Williamsek eta Aresok, biek dute joera alboko marraraino iristeko, eta ez barruko aldetik jokatzeko. Elkar oztopatu dute orain arte, eta irtenbiderik topatu ezinda dabil Valverde. Saiakera egin du Williams hegaletik kendu eta aurrelari moduan ipinita, baina alferrik.

Guruzetaren esperoan

Maroan, Berenguer eta Williamsez gain, Gorka Guruzeta da aurrelari postuan jokatu duen laugarren jokalaria. Eta, askoren ustez, hasierako hamaikakoetan agertu beharko luke. Ordea, hark ere ez du aparteko ezer erakutsi aukera izan duenean. Esaterako, hasieratik jokatu zuen laugarren jardunaldian, Alavesen kontra, eta ezinean ibili zen. Area barruan ez ezik, dohain handiak ditu donostiarrak taldearen jokoan parte hartzeko, baina denbora luzea darama bere onena eman ezinda. Orain dela bi denboraldi lan itzela egin zuen, hamasei gol sartu baitzituen. Iragan sasoian bizkarreko minak zapuztu zion jarraitutasunez aritzea, eta egoera irauli ezinda dabil. Konfiantza berreskuratzea funtsezkoa izango da Athleticentzat aurrera begira.

Oraingoz, Urko Izeta da aulkian aukera baten zain dagoen beste aurrelaria. Sasoi honetan 11 minutu soilik jokatu ditu orain arte, baina gauza jakina da gola maite duela. Mirandesen hamasei gol sartu zituen joan den sasoian, Bigarren Mailan. Valverdek ez du konfiantza handirik erakutsi Aiako jokalariarengan, baina, egoera ikusita, usterik gutxienean etor dakioke aukera gazteari.

Kontuak kontu, golari begira duten lehortea amaitzeko aukera ederra izango dute gaur zuri-gorriek. Girona jasoko dute San Mamesen (19:00, DAZN). Herrialde Katalanetako taldea azkena da sailkapenean, puntu bakarra lortu baitu bost jardunalditan. Gol gehien sartu dizkioten taldea ere bada: hamabost, neurketako hiru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.