Athletic izango da ligari etxean ekingo dion talde bakarra, Getaferen aurka

Celta-Reala, Malaga-Eibar eta Leganes-Alaves izango dira beste partidak. Lehen derbia Eibar-Athletic izango da, bigarren jardunaldian

Eibarren eta Athleticen derbia, iragan sasoian. JUAN CARLOS RUIZ.
ainara arratibel gascon
2017ko uztailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hilabete eskas falta da Espainiako Liga hasteko, eta Lehen Mailako taldeek badakite jardunaldiz jardunaldi zein aurkari izango dituzten. Atzo egin zen zozketa. Athletic izango da ligari etxean ekingo dion euskal talde bakarra; Getafe izango du aurkari. Celta-Reala, Malaga-Eibar eta Leganes-Alaves izango dira beste norgehiagokak. Abuztuaren 20ean hasiko da liga. Lehen euskal derbia, berriz, goiz izango da, bigarren jardunaldian: Eibar eta Athletic ariko dira nor baino nor gehiago, Ipuruan. Azkena, berriz, Mendizorrotzan jokatuko dute Alavesek eta Athleticek, 37. jardunaldian. Azken-aurreko partida izango da bientzat.

Igo berria izanda, liga hasteko aurkari erraza dirudi Getafek. Baina Dinamo Bukaresten aurkako kanporaketa gaindituz gero, Europa Ligako multzoen fasean sartzeko bigarren atarikoan murgilduta egongo da Athletic. Beraz, adi ibili beharko du ezustekorik ez izateko. Etxeko bigarren neurketa ere —tartean izango du Ipuruarako bisita—beste igo berri baten aurka izango da: Girona. Gorka IraizozSan Mamesera itzuliko da. Berezia izango da Ernesto Valverderen buelta ere. Hamargarren jardunaldian hartuko du Athleticek Bartzelona San Mamesen. Talde zuri-gorria zazpigarren sailkatu zen iragan sasoian, eta aurretik sailkaturiko talde guztiak lehen itzulian igaroko dira San Mamesetik. Liga etxetik kanpo amaitzeko eskaria egin zuen talde zuri-gorriak, eta hala egingo du, Espanyolen aurka.

Realak aurreko liga amaitu zuen zelaian ekingo dio datorrenari: Balaidosen, Celtaren aurka. Eusebioren taldeari oroitzapen onak dakarzkio Vigora egindako azken bisitak, azken unean lortu baitzuen Europa Ligarako sailkatzea. Anoetan jasoko dituen lehen bi aurkariak gogorrak izango dira: Vila-Real eta Real Madril. Nou Campen amaituko du liga, Bartzelonaren aurka. Ordurako etxeko lanak ondo eginda izan beharko dituzte txuri-urdinek.

Luis Zubeldiak bigarren jardunaldira arte itxaron beharko du Mendizorrotzako aulkian debuta egiteko. Gainera, ez du nolanahiko aurkaria izango: Bartzelona. Liga hasiera gogorra izango du Alavesek. Izan ere, seigarren jardunaldian Real Madril izango du bisitari. Theo Hernanezek eta Marcos Llorentek, aurreko sasoian Alavesek egindako lan biribilaren erantzuleetako bik, ligako txapeldunarekin jokatzen dute orain. Liga Sevillan amaituko du.

Igo zenetik, Eibarren erronka salbazioa ahalik eta azkarrena lortzea izan da. Horretarako gakoetako bat liga indartsu hasi eta puntuak pilatzea izan da. Baina ez du hasiera xamurra izango Jose Luis Mendilibarren taldeak. Malagaren zelaian jokatu ostean, Athletic hartuko du etxean, eta gero Sanchez Pizjuanera bidaiatuko du, Sevillaren aurka jokatzeko. Hurrengo bisita Nou Campera izango da. Atletico Madrilen zelai berria estreinatuko duen azken taldea izango da Eibar, han izango baitu ligako azken norgehiagoka.

Bigarren Mailan, Osasunak Sadarren hasiko du liga, Sevilla Atleticoren aurka. Diego Martinez entrenatzailearen talde ohia da Sevilla Atletico. Valladolien aurka bukatuko du liga, kanpoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.