Lehen zatiari gehituriko minutuetan sartu du Bartzelonak gaur San Mamesen Athleticen aurka garaipena eman dion gola.
Lehen zatia golik gabe amaituko zela ematen zuen. Athleticek motzean lotu du Bartzelona, eta gola sartzeko zorian egon da hainbatetan. Raul Garciak, esaterako, habean jo duen baloikada bat bidali du katalanen atera.
Horregatik, gogorragoa izan da Raphinhak sarturiko gola, luzapeneko lehenengo minutuan. Arearen alde batean bakarrik zegoela jaso du baloia, eta Julenek ezin izan du moztu.
Desabantailaren pisuarekin joan dira bilbotarrak aldagelara, halakorik merezi ez zuten arren.
Bigarren zatian, berriz, Bartzelona izan da nagusi.
Lewandowskik baloiari emandako burukada bat kanpora joan da gutxigatik.
Athletic saiatu da partida biziagotzen, baina Bartzelonak lorturiko abantaila defendatzeari ekin dio, eta joko bizia galarazi du.
64. minutuan, Vesga eta Raul Garcia zelaitik atera dira, eta, haien ordez, Iker Muniain eta Oier Zarraga sartu dira.
Sei minutu geroago, baloia zutoinera bidali du Berenguerrek. Iñaki Williamsek pasaturiko pilota jaurti du, eta Ter Stegenek apur bat desbideratu du, gola saihesteko behar adina.
70. minutuan hirugarren aldaketa egin dute zuri-gorriek: Balenziaga aldagelara joan da, eta Yurik ordezkatu du. Luzean jokatzeko apustua egin du horrekin Athleticek.
Eta eraginkorra izateko zorian egon da 78. minutuan, Munianek jaurtiketa gogorra egin baitu. Baina, bigarrenez, zurtoinean jo du, eta Stegenek bikain gelditu du.
87. minutuan heldu da Athleticen gola. Gurutzetak emaniko baloia Stegenen sarera bidali du Iñaki Williamsek. Baina pozak gutxi iraun du, Gil Manzano epaileak Muniainen ustezko eskua ikusi duelako golaren jokaldian, eta gertaturikoaren irudiak ikusteko eskatu du. Jokaldia baliogabetu du azkenean.
Athleticeko jokalariek zuten guztia eman dute orduan. 90. minutua bete denean, epaileak partida beste zazpi minutu luzatzea erabaki du. Baina ezinezkoa izan da. Merezi gabeko emaitza eskuratu izanaren ustearekin utzi dute zelaia Athleticeko jokalariek eta zaleek.