Espanyol 1-2 Athletic

Athleticek garaipen batekin arindu du Kopako mina

Williams anaiek sartu dituzte zuri-gorrien golak. Ernesto Valverderen taldeak partida serioa jokatu du, eta zelai erditik aurrera duen abiadura baliatu du garaipena lortzeko.

ainara arratibel gascon
2023ko apirilaren 8a
20:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Aste gogorra izan da Athleticentzat hau, asteartean luzapenean Espainiako Kopatik kanpo geratu ostean. Baina zuri-gorriek arindu dute apur bat min hori, Espanyolen zelaian 1-2 irabazi ostean. Valverderen taldeak Ligan jarri behar du arreta osoa, Europarako sailkatzeko duen lehia horretan. Jardunaldi honetan, behintzat, ondo egin ditu etxeko lanak. Partida serioa jokatu dute, eta minutu askotan nagusi izan dira zuri-gorriak.Williams anaiek gol bana sartu dute. Zuri-gorriek zazpigarren postuari eutsi diote. Gainera, Espanyolen zelaiarekin zuten maldizioa apurtu dute. Izan ere, Athleticek 25 urte zeramatzan han irabazi gabe.

Espanyolek entrenatzailea aldatu du aste honetan, eta halakoetan taldeak ohi baino indartsuago ateratzen dira. Jokalari guztiek nahi dute entrenatzaile berria konbentzitu. Hala, partida lehiatua espero zen, Athleticek Kopako arantza atera nahi baitzuen. Espanyol ondo aritu da hasieran, eta erasora jo du. Baina aurrean presio estua egin dio Athleticek, baloia goian berreskuratu eta Iñaki Williamsen abiadura baliatzeko. 22. minutuan Williams anaien zaharrenak gola egin du. Dani Garciak pase luze on bat eman dio, baloia ondo kontrolatu, eta bizi atzean utzi du Oscar Gil. Eskuinez ondo gurutzatu dio baloia Pachecori, eta sareetara joan da. Nico anaia besarkatzera joan da berehala.

Golak min egin dio Espanyoli. Ez du erasora begira jarraitu. Hortik atsedenaldira Athleticen minutu onenak izan dira. Behin eta berriz sortu ditu aukerak Pachecoren area inguruan. Baina ez du asmatu. Partidaren aginte makila berea zen. Haatik Braithwaitek gola egin du. Epaileak, hala ere baliogabe utzi du, VARean begiratu ostean. Danimarkako jokalariari iritsi aurretik baloiak Joseluren eskuan jo duela adierazi du Munuera Monterok. Arnasa hartu du talde zuri-gorriak erabaki horrekin.

Nicoren abiadura

Bigarren zatian Athleticek Espanyolen urduritasunarekin jokatu du. Sailkapenaren behealdean dago Kataluniako taldea, eta minutuak aurrera joan ahala egoera horrek eragiten duen antsietatea antzeman zaio. Athleticek hainbat aukera izan ditu gola egiteko. Baina Pachecok ondo erantzun die Dani Garciaren eta Iñakii Williamsen erremateei. Alaveseko atezain ohia izan da etxekoen jokalari onena. Athletic aurretik egon arren, partida airean zegoen. Valverdek aurrealdea freskatzeko Nico Williams zelairatu du.

Aste gogorra izan da harentzat. Kopako neurketaren ostean kritika gogorrak jaso zituen, eta bere sare sozialak ere itxi zituen. Gogo biziz atera da, eta bere abiadura aprobetxatuz, min handia egin du hegaletik. Aurrena pase ederra eman dio Guruzetari. Baina hark ez du asmatu. Hurrengoan, ordea, NIcok berak sartu du gola. 75. minutua zen. Ordutik aurrerako minutuak lasaiak izan dira. Baina 91. minutuan Darderrek gola egin du. Unai Simonek ez dio ondo eutsi baloiari Espanyolen burukada baten ostean, eta aldaratzea baliatu du Darderrek, Luzapeneko hiru minutuetan Athleticek sufritu egingo zuela zirudien. Baina ez da horrela izan. Izan ere epaileak Aleix Vidal kanporatu du, bigarren txartel horia erakutsi ostean. Berehala amaitu da partida.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.