Joaquin Caparros. Athleticeko entrenatzailea

«Athleticek gasolina dauka, eta ondo bukatuko du sasoia»

Joaquin Caparrosek ez du baztertzen Txapeldunen Ligarako txartela lortzeko borrokan egotea. «Beste bolada on bat kateatzeko gai bagara, lehian ariko gara. Asko falta da oraindik». Taldean lau ezker atzelari eduki arren, postu hori «herren» dagoela iritzi dio.

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Pozik dago Joaquin Caparros (Utrera, Espainia, 1955). Helburuak betetzen ari den entrenatzailearen lasaitasunarekin jarduten da. Kritikek ez diote estutzen: taldeak dituen gorabeherak, etxetik kanpo erakusten ari den ezina, neurketen irakurketa okerra… ez dio ezerk larritzen. Zergatik? Athletic bosgarren delako sailkapenean.

Zenbat balio du Sevillaren aurka eskuratutako garaipenak?

Asko. Bolada txarrari amaiera emateko balio izan zigun. Gainera, aurkari zuzen baten kontra eskuratu genuen garaipena. Goi mailako taldea dela erakutsi zuen Sevillak. Guk, ordea, ez genuen oso ondo jokatu. Baina denboraldiko zati honetan puntuak pilatzea da garrantzitsuena.

Zertan egin du huts Athleticek azken hilabetean horren emaitza txarrak lortzeko?

Futbola joko bat da, eta joko guztietan garrantzia handia du zorteak. Sevillaren kontra zortea izan genuen. Valentziaren aurka, aldiz, ez. Une latzetatik irteten jakin behar da

Azken hilabetea txarra izan arren, Athletic bosgarren dago sailkapenean. Gehiago eskatzerik badago?

Taldeak anbizioa dauka. Athleticeko jokalariek sarri erakutsi dute garaipen gosea dutela. Neurketa guztietan barruan daukagun guztia ematen dugu. Aurreko denboraldian helburutik gertu geratu ginen, eta sasoi honetan onenen artean egoteko borrokan egon gura dugu.

Ez dago zalantzarik anbizioa daukazuela. Bederatzi puntura egon arren, ez omen duzu Txapeldunen Liga baztertzen. Egia al da hori?

Oraindik puntu asko daude jokoan. Azken bost edo sei partidetara aukerekin ailegatzea da gure xedea. Azken txanpa horretan jokalari guztiak ondo badaude eta orain arteko gogoarekin jarraitzen badute ikusiko dugu zer gertatzen den.

Benetan ari al zara?

Une honetan zaila dela dirudi. Aldea handia da, baina beste bolada on bat kateatzeko gai bagara borrokan sar gaitezke. Oraindik asko falta da.

Joan den sasoian Europarako atean geratu zinetela esan duzu. Oker egindakoetatik ikasteko balio izan omen zizuen. Horren harira, teknikariei aurpegiratu dizuete taldea indar barik ailegatu zela une erabakigarrira. Beste behin gerta ez dadin neurriak hartu al dituzue?

Athleticek gasolina nahikoa dauka. Guk azterketa zehatzak egiten dizkiegu jokalariei eta emaitzak onak dira. Joan den sasoikoa ez zen indar kontua izan. Beste arrazoi batzuengatik egin genuen huts. Athletic ondo dago egun eta ondo amaituko du sasoia.

Aurreko denboraldiko liga amaierara ez ezik, sasoi honetako neurketa bukaera askotara ere neka eginda ailegatu da taldea. Jokalariek indarrak gordetzen ikasi behar al dute?

Hala gertatu da, bai. Dena dela, gaitza da hori lortzea. Jokalariek denborarekin ikasten dute indarrak gordetzen. Hori nola egin behar den neurketa asko jokatu ostean ikasten da. Esperientziarekin, alegia.

Aspaldian hamalau jokalarirengan daukazu konfiantza. Gainerakoak entrenamenduetan baino ikus daitezke. Ez al dute mailarik onenen artean lehiatzeko?

Nik ez dakit zenbat jokalari ari naizen erabiltzen. Zuk hori esaten baldin badidazu hala izango da. Nik jokalari guztiengan daukat konfiantza. Gutxi jokatzen ari direnak dira orain protagonismoa dutenei estutzen ari direnak. Lesioekin zortea izan dugu.

Zer egiten duzue aukerarik ez duten futbolariak motibatuta mantentzeko?

Futboleko profesional batek ez dauka beste aukerarik. Profesionalek kontratua dute, eta ordaintzen dien klubaren alde egin ahal duten guztia egin behar dute. Jokatzen ez duenak jokatzen duenak bezain ondo entrenatu behar du. Horrela, entrenatzaileak zelairatzea erabakitzen duenean maila ona emateko gai izango da.

Hona sarri kritikatu dizuten beste kontu bat: ez omen duzu partiden irakurketa egokia egiten. Aldaketak partida hasi aurretik erabakita dituzula, alegia. Zer esango zenieke horrela pentsatzen dutenei?

Gauza guztiak dira eztabaidagarriak. Aldaketa guztiak taldearen onerako egiten ditut.

Gutxi jokatzen ari diren jokalarien artean oso egoera ezberdinean dauden futbolariak daude. Markel Susaetak, esaterako, jokatu egiten du, baina denboraldi hasieran baino gutxiago. Konfiantza barik ari da jokatzen, erabat galduta.

David Lopezek lekua kendu dio. Ondo ari da David. Susaetak badaki Athleticentzat jokalari garrantzitsua dela. Baina, era berean, beste jokalari batek gauzak ondo egin dituela ikusi du.

Fernando Amorebietarekin arazoak dituzu?

Gure arteko harremana oso ona da. Ez daukat inolako arazorik. Baina futbolean ez dago ezer bermatzerik. Oso maila ona ematen ari den gazte bat agertu da bere postuan.

Borja Ekiza da jokalari hori. Horren maila ona ematea espero zenuen?

Harrobiko jokalariek ez gaituzte harritu behar. Mutil orekatua da. Zer egiteko gai den badaki. Ez da ez dakiena egiten ahalegintzen. Ekizarentzat oso garrantzitsua izango da lesiorik ez izatea aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Aitor Ociori eta Koikili Lertxundiri kontratua luzatzeko oniritzia eman zenuen. Zergatik merezi dute jarraitzea?

Athletic talde gaztea da. Horrelako talde batean ezinbestekoa da konpromisoa duten futbolariak izatea.

Ezkerretik jokatu dezaketen lau atzelari dituzu taldean. Hala ere, asko dira uste dutenak Athleticen ezker hegala ez dela sendoa.

Hortaz, ez nabil oker.

Beraz, gabezia dago.

Beno, ez gara kontu horretan sartuko. Koikili ondo ari da betetzen bere lana.

Aurrelarien inguruan ere asko hitz egiten da. Iñigo Diaz de Zerio berreskuratzeko gai izango zarela uste duzu?

Errekuperatu egin behar dugu. Jokalaria gogotsu ikusten dut. Baina gu gorengo mailan ari gara lehiatzen. Denbora eman behar diogu.

Eta Urko Vera? Bi partidatan jokatu du eta bietan txukun aritu da. Hala ere, azken bost partidetan ez duzu deialdian sartu.

Gure taldera egokitu behar dela uste dut. Ez da erraza Bigarren B Mailatik Lehen Mailarako urratsa egitea. Oso ondo ari da entrenatzen.

Entrenamenduak aipatu dituzu. Asteon zure aldeko pankarta bat jarri dute Lezaman. Ez da ohikoa entrenamenduetan entrenatzailearen aldeko pankartak ikustea.

Gustuko dut. Zer esango dizut, bada? Nire izena agertu arren, lan talde guztiaren beharra nabarmentzen dute horrelako xehetasunek.

Zuk hasitako proiektua amaitzeko denboraldi hau baino gehiago beharko da?

Ez dut kontu horietan sartu gura. Sasoi amaieran hauteskundeak egingo dira, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Nik nahikoa lan daukat beste kontu batzuekin.

Sevillan zure zain daude.

Han nire izena agertzen da. Hemen, berriz, Mendilibar, Valverde, Lotina… aipatzen dira. Mugimenduak daudenean etxekoen izenak agertzen dira. Ni oso pozik nago hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.