Denboraldiko hirugarren etenaldi luzera lasai iristeko, Athleticek irabazi beste aukerarik ez du gaur San Mamesen, Oviedoren aurka. Joko eta emaitza krisian murgilduta daude zuri-gorriak, eta, alarma gorriak ozenago jo aurretik, hiru puntuak behar ditu Ernesto Valverderen taldeak. Besteak beste, galdu egin ditu jokaturiko azken hiru partidak: Getaferen eta Realaren aurka ligan, eta Newcastleren kontra Txapeldunen Ligan. Ligari helduta, sasoiko lehen hiru lehiak irabazi egin zituen Athleticek, baina geroztik bolada oso txarra darama: jokoan izandako hogeita lau puntuetatik soilik bost lortu ditu. Emaitza eskasak dira, eta, dinamika lehen baino lehen aldatzeko, irabazi beharra dauka taldeak. «Oso partida garrantzitsua izango da Oviedoren aurkakoa, eta nahi dugu mugarria izan dadin. Ongi jokatu, hiru puntuak lortu, eta ea gorantz abiatzen garen», adierazi zuen atzo Valverdek.
Izan ere, goitik behera egin du nabarmen Athleticen jokoak azken asteetan. Batez ere kezkagarriak izan dira San Mamesen lortutako emaitzak. Ligako azken zortzi partidetatik lau Bilbon jokatu ditu taldeak, eta garaipen bakarra eskuratu du: Mallorcaren aurka (2-1). Gironaren kontra bana egin zuten zuri-gorriek. Beste bi lehiak galdu egin dituzte: Alavesen eta Getaferen aurka, biak 0-1. Izenez neurri txikiagoko aurkarien aurrean huts egin dute, eta lezioa ongi ikasia dute Oviedori aurre egiteko. Sailkapenean azken aurreko postuan dira espainiarrak. Valverde ez da fio. «Aurkaria edozein dela ere, etxean derrigortuta gaude irabaztera. Oviedo zuloan sartuta dago, baina aurkari arriskutsua da».
Dena den, aurkariari begiratu baino lehen, bere taldearekin nahiko lan badu Valverdek. Erizaindegia gainezka izan du azken jardunaldietan, eta, ondorioz, deialdiaren berri partida hasi baino ordu pare bat lehenago soilik emango du. Nico Williams eta Oihan Sancetek parte hartuko ote duten ez da argituko azken ordura arte. Biak ala biak deialditik kanpo geratu ziren Newcastleri aurre egiteko joan den asteazkenean, eta ikusteko dago garaiz osatuko ote diren gaurko. Taldeak golari begira zer arazo dituen ikusita, garrantzitsua litzateke haien ekarpena. Badirudi Gorka Guruzeta osatu dela, eta jokatzeko moduan izango da. Baita Yuri Berchiche ere.
Valverderen esanetan, garaipena lortzeak lasaitasuna emango lioke taldeari, batez ere psikologikoki. «Bi asteko etena datorkigu orain, eta galtzen badugu luze joango dira egunak. Irabazi beharra dugu ezinbestean. Fisikoki erasan samar daude jokalari batzuk, baina hasi eta buka erritmo eta intentsitate handian jokatu behar dugu».