Mallorca 0-0 Athletic

Athleticek hutsean berdindu du Mallorcan

Baloiaren jabetza izan dute zuri-gorriek, baina ez dute asmatu ate aurrean. Datorren asteko etenaldira 7 punturekin iritsiko dira.

Nico Williams Mallorcako jokalari batengandik ihes egin nahian, gaur. CATI CLADERA / EFE
2023ko irailaren 3a
18:53
Entzun 00:00:0000:00:00

Gehiago egin zezakeen sentipenarekin itzuliko da Athletic Mallorcatik. Ez dute neurketa txarra egin Ernesto Valverderen mutilek, baina azken metroetan argitasuna falta izan zaie berdinketa hausteko. Baloi jabetza izan dute, nagusi izan dira une askotan —batez ere lehen zatian—, baina ez da garaipena lortzeko nahikoa izan.

Espero zirenak zelairatu ditu Valverdek. Joan den jardunaldiko hamaikako bera, zigortuta zegoen Sancet sartuta Muniainen ordez, eta lesiotik atera berria zen Yuri sartuta Imanolen ordez. Etxeko taldea oso indartsu atera da hasieran, eta Athletici kosta zaio norgehiagokan sartzea.

Behin sartutakoan, ordea, nagusi izan da. Lehen zatikoa izan da zuri-gorrien jardunik onena; baloia zuten, eta etengabe ari ziren Mallorcaren area bilatzen, Williams anaien jokaldiak baliatuz edo barnealdean Sanceten magia bilatuz. Iruindarrak gola sartzeko hiru aukera izan ditu, eta Nico Williamsek ere bai pare bat onak. Athleticen nagusitasunaren erakusle, aipatzekoa da etengabe ibili dela Muriqi aurrelaria baloiak Mallorcaren areatik aldentzen.

Kosovokoa protagonista izan da bigarren zatian ere: 49. minutuan baliogabe utzi diote gol bat jokoz kanpo zegoelako, eta 73. eta 75. minutuetan ere bi aukera argi izan ditu. Mallorcaren minutu onenak izan dira. Bigarren zatian, ordea, ez da izan kontatzeko askoz gehiago; asko moteldu da jokoa.

Gaur bildutako puntuari esker, 7 ditu Athleticek. Datorren astean atsedena izango dute jokalariek, eta bi aste barru itzuliko da liga. Etenaldira bi garaipen (Osasuna eta Betis), berdinketa bat (Mallorca) eta porrot bat (Real Madril) jasota helduko dira zuri-gorriak.

Mallorca: Rajkovic; Valjent, Van der Heyden, Gio Gonzalez, Maffeo, Lato (Costa, 68. min); Samu Costa, Dani (Morlanes, 68. min), Darder (Abdon, 83. min); Muriqi eta Larin (Llabres, 55. min).

Athletic: Unai Simon; Lekue (Prados, 59. min), Vivian, Paredes, Yuri; Vesga (Dani Garcia, 77. min), Ruiz de Galarreta, Sancet (Muniain, 59. min); Nico Williams (Berenguer, 77. min), Iñaki Williams (Raul Garcia, 83. min) eta Guruzeta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.