Joan den urtean, Realak irabazi zuen txapelketa; aurten, ordea, Athletic bilakatu da Euskal Herriko Emakumezkoen III. Futbol Kopako txapelduna. Arratsaldeko seietan ekin zioten txapelketari, Azpeitiko Garmendipe zelaian. 500 zale joan ziren Kopako finala ikustera, lehen mailako futbolaz gozatu eta euren taldea animatzeko.
Lehenengo zatian, ez batak ez besteak ez zuen golik sartu. Reala nagusitu zen baloiaren jabetzan, baina Athleticek izan zituen gola sartzeko aukera gehiago: Sokoa atezainak lau jaurtiketa geratu zituen.
Bigarren zatian, ordea, Sokoak ezin izan zuen Manuela Lareo jokalari zuri-gorriaren jaurtiketa geratu: goitik igaro zuen 53. minutuan, 1-0 gailenduz Realari. Txuri-urdinek ezin izan zioten buelta eman jokaldiari, eta 93. minutuan Joxean Ubieta epaileak amaiera eman zion txapelketari.
Sari banaketa
Sariak hainbat ordezkari instituzionalek banatu zituzten: Athleticeko jokalariei Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eman zien kopa; Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuaren eskutik jaso zuen Realak txapeldunordearen saria; Naiara Beristain jokalari txuri-urdina jokalari apart izendatu zuten, eta oroigarria eman zion Juan Luis Larrea Euskadiko Futbol Federazioko ordezkariak.