Norgehiagoka ikusgarria jokatu dute Athleticek eta Valentziak San Mamesen. Bi taldeek izan dituzte gola sartzeko aukera asko eta onak, bina sartu dituzte, eta ez dira gehiago izan, Unai Simon eta Mamardaxvili parean zeudelako. Lehen zatian hartu dute aurrea etxekoek, bigarrenean markagailua irauli dute bisitariek, eta Berenguerrek, buruz, berdinketa lortu du azken minutuan. Zapore gazi-gozoa utzi du puntuak.
Defentsa lanetan ez da fin aritu Athletic. Valentziak zelai erdia pasatzen zuen bakoitzean sortzen zuen arriskua, hegaletatik batez ere. Protagonista nagusiak, ordea, atezainak izan dira: bakoitzak dozena erdi geldiketa ikusgarri egin ditu. Lehen gola De Marcosek sartu du, 32. minutuan. Nico Williamsen pase bat baliatu, eta jaurtiketa bortitza egin du area barrutik.
Markagailuari buelta emateko bost minutu behar izan ditu Valentziak. Fran Perezek 62. minutuan sartu du bisitarien lehenengoa, eta, 67.ean, berak eman dio bigarrena sartzeko pasea Hugo Durori. Jarraian, atzean sartu da Barajaren taldea, eta Athletic erdiraketen bidez saiatu da min egiten. Kanpokoen asmoa arrakastatsua izango zela zirudienean heldu da saria: Iñaki Williamsen erdiraketa bat sareetara bidali du Berenguerrek 97. minutuan.
Sailkapen nagusian seigarren da Athletic, hemezortzi punturekin.
Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes (Prados, 64. min), Imanol; Ruiz de Galarreta, Dani Garcia (Vesga, 64. min), Sancet (Muniain, 71. min); Nico Williams (Berenguer, 68. min), Iñaki Williams eta Guruzeta (Villalibre, 68. min).
Valentzia: Mamardaxvili; Correia, Gaya, Cristhian, Paulista; Amallah (Sergi Canos, 58. min), Pepelu, Fran Perez (Foulquier, 72. min), Javi Guerra; Diego Lopez (Guillamon, 77. min) eta Hugo Duro (Yaremchuk, 73. min).