Athleticek sustraiak are gehiago hedatuko ditu Iparraldean

Bi klub izan ditu hitzartuak orain arte Bilboko taldeak, eta tarte laburrean 11 izango ditu. Kirol arloaz gain, pertsonen balioak eta euskara indartzea dira helburu nagusiak.

Jon Uriarte Athleticeko presidentea eta Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza, elkarlanerako aurkezpenean, Baionan, uztailaren 2an. ATHLETIC
Jon Uriarte Athleticeko presidentea eta Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza, elkarlanerako aurkezpenean. ATHLETIC
jon eskudero
Baiona
2025eko uztailaren 2a
19:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Apustu irmoa egingo du Athleticek aurrerantzean Ipar Euskal Herrian. Hitzartutako kluben gehiengoa Bizkaiko futbol eskolek osatzen badute ere, gainerako lurraldeetan sustraiak hedatzen ari da talde zuri-gorria, eta Iparraldea ez da salbuespena izango. Besteak beste, bi klub izan ditu hitzartuak orain arte Ibaiganeko klubak, eta tarte laburrean 11 izango ditu. Elkarlanaren aurkezpena gaur egin dute Baionan, eta, Jean Rene Etxegarai auzapezak aitortu duenez, futbolak Ipar Euskal Herrian izan duen inoizko apusturik sendoena izango da. «Ezaguna dugu Athleticen filosofia berezia, eta ohorea da guretzat elkarlanean aritzea. Futbolari esker, euskaldunon arteko harremana indartu egingo da, kirol zein gizarte arloan». Izan ere, kirol arloaz gain, pertsonen balioak eta euskara sustatzea ere baditu xede Athleticek.

Egitasmoaren garrantziaz jabeturik, Athleticen ordezkaritza zabal batek hartu du Baionako Udala, Jose Angel Iribar buru zelarik. Zuri-gorrien ikurrak zera adierazi du: ilusio berezia eragiten diola hitzarmenak, Iparraldeak baduelako tokia Athleticen filosofian. Orain gutxira arte soilik bi klub zeuden zuri-gorrien mende: Aviron eta Hiriburuko Ainhara. Aviron jada hitzarmenetik kanpo dago, baina tarte laburrean beste hamar klub gehitu dira zerrenda horretara: Biarritz, Arbona, Elan Boucalais, Ardanavy, St Pee Union Club, Kanboko Izarra, Bidache, Mauleonais, Garazi eta Crousses Baiona. Guztira lau mila neska-mutikori egingo die jarraipena Athleticek, eta Sylvain de Weerdt izango da kudeatzaile nagusia.

Elkarlanaren hazkundea ikusirik, laugarren formakuntza zentroa irekitzea da aurreikuspena. Miarritzen, Maulen, Hiriburun eta Kanbon osatuko dira lan saioak. Jon Uriarte Athleticeko presidentearen esanetan, apustua irmoa eta egiazkoa izango da: «Mende hasieran hasi ginen Iparraldearekin lanean; zehazki, Ainhararekin. Orain elkarlana zabalduko dugu, eta nahi genuke 11 klub horiek gure familiaren parte direla sentitzea. Futbolariak bakarrik ez, pertsonak sortu nahi ditugu, eta lehen egunetik emango zaie gure balioen berri. Inbertsio garrantzitsua egingo dugu, batez ere konfiantza dugulako Iparraldeko klubekin».

Kirol arlotik harago, sozialki ere garrantzitsua izango da elkarlana. Etxegarairen esanetan, zubia eraikiko da Bilboren eta Baionaren artean, eta harremana erabatekoa izango da. «Lan saioetan euskara sustatzea izango dugu xede. Gure hizkuntzaren erabileran beste jauzi bat egiteko garai egokia da». Bide horretan, Uriartek eskua luzatu dio Baionako auzapezari: «Zuen behar guztiak asetzeko hemen izango gara, kirol zein gizarte arloan. Lezamako ateak beti edukiko dituzue irekita, eta San Mamesen ere Txapeldunen Ligako partida bat ikusteko aukera izango duzue».

Klub gehienek 2030era bitarteko hitzarmena dute sinaturik, eta Croisses Baionak 2035era artekoa du. De Weerdt kudeatzaile nagusiaren esanetan, luzera begira lan egitea mesedegarria izango da. «Konfiantza handia erakutsi digu Athleticek, eta orain guri dagokigu lan egitea. Ea egunen batean Iparraldeko lehoi bat ikusten dugun San Mamesen. Dena den, haurrei balioak erakustea da gure lehentasuna: jokoa eta aurkaria errespetatzea eta talde lana oinarri izatea. Aurrerantzean elastiko zuri-gorri gehiago ikusiko ditugu hemengo ikastoletan». Datorren denboraldiari begira, Baionako mutiko bat batuko da Lezamako harrobira, 2009an jaiotakoa.

Quiñonesek ez du jarraituko

Bestalde, Athleticek jakinarazi duenez, Mariasun Quiñones atezainak ez du klub zuri-gorrian jarraituko. Lau denboraldi egin ditu Bilbon, eta 71 partida jokatu ditu Athleticen elastikoa jantzita. Klubak atezainaren «profesionaltasuna» eta egindako «esfortzua» eskertu ditu. Itxaso Uriartek, berriz, kontratua berritu du beste urtebeterako. Erdilariak apenas jokatu duen azkenaldian. Eskuineko belauneko minak tarteko, bi aldiz egin diote ebakuntza: 2024ko apirilean eta 2025eko otsailean. Oraindik osatzen ari da.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.