Athleticeko hauteskundeak martxoaren 27an izango dira eta Urrutia aurkeztuko da

Bere kirol egitasmoa zein izango den ez du argitu.Ernesto Valverdek hala eskatuta, hauteskundeen ondoren hasiko da harekin negoziatzen

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko abenduaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Athleticeko presidente kargurako hauteskundeak martxoaren 27an izango dira, eta Josu Urrutia buru duen zuzendaritza batzordea berriz aurkeztuko da. Presidenteak bi zalantzak kolpetik argitu zituen atzo. Hautagaitzarena ziurtzat jotzen zen —aldaketa gutxirekin—, baieztapena falta zen arren; datarena, aldiz, berritasuna da, oso goiz izango direlako. «Hauteskundeak martxoan jarrita, presidente berriak bere kirol egitasmoa martxan jartzeko nahiko denbora izango du», argudiatu zuen erabakia Urrutiak.

Hauteskundeak egongo dira betiere beste hautagairen bat aurkezten bada. Deialdi ofiziala otsailaren 16an egingo du zuzendaritzak, eta hautagaitzak aurkezteko epea martxoaren 7an bukatuko da. Athleticeko hauteskundeak, normalean, geroago egin izan dira, Urrutiaren ustez, baina, badago denbora hautagaitza bat prestatzeko. «Bazkideren bat aurkezten bada, ez da sasoi bateko emaitzen eraginarengatik izango. Hiru urte eta erdi egon gara karguan, eta hori nahikoa denbora da lan egiteko gure modua ezagutu eta aurkezteko erabakia hartzeko». Urrutiak ez daki beste hautagairik egongo den, eta orain arte inork ez du asmorik aurkeztu.

Presidenteak argitu zuenez, haren ustez taldeari mesede egiten dio burua goiz aukeratua izateak. Urrutia uztailaren 7an izan zen hautatua —bozen %54rekin; Garcia Makuak, %44 lortu zituen— eta arazo bat izan zela gogoratu zuen, ordurako aurrekontuarekin zer ikusia duten gauza asko erabakita zeudelako. «Iristen den presidenteak nahi adina denbora izango du taldearen egoera aztertzeko, hala arlo ekonomikoan nola kirol mailan. Era berean, denbora izango du Valverde, Ziganda edo Amorrorturekin hitz egin edo fitxaketak egiteko».

Kirol arloaz mintzatuta, Urrutiak ez zuen aurreratu zeintzuk izango diren bere asmoak. Ernesto Valverderen kontratua ekainean bukatuko da, eta oraindik ez dira hasi berritzeari buruz hitz egiten. Presidenteak jakinarazi zuenez, entrenatzaileak berak eskatu dio oraindik negoziatzen ez hastea. «Ernestok [Valverdek] ez du hor sartu nahi, eta nik ere uste dut ez dela garairik egokiena». Valverde Urrutiaren apustua izan zen, eta logikoa dirudi jarraitzeko eskaintza egitea.

Kirol arloari dagokionez, Urrutiaren urteak onak izan dira. Aurreneko denboraldian taldeak bi final jokatu zituen, eta gero iritsi zen Marcelo Bielsaren bigarren sasoi polemikoa. Hirugarrenean, Ernesto Valverdek Txapeldunen Ligan sartu zuen taldea. Arlo ekonomikoan, Ander Herrera eta Javi Martinezen salmentek egon zitezkeen arazoak konpondu zituzten. «Ekonomikoki, taldea hartu genuenean baino askoz hobeto dago», adierazi zuen atzo. Urrutiaren kontuek %84ko babesa jaso zuten azken batzarrean.

Erizaindegia husten

Andoni Iraola eta Oscar de Marcos taldekideen erritmo berean entrenatu ziren atzo, eta, ondo bidean, larunbatean Coruñan jokatzeko moduan egongo dira. Biak arazo fisikoekin iritsi ziren Gabonetako geldialdira. Guillermo eta Ager Aketxe, aldiz, oraindik ez daude jokatzeko moduan. Bestalde, Realean, Imanol Agirretxe normal entrenatu da, eta igandean jokatu ahalko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.