Arrate Orueta. Athleticeko jokalari ohia

«Athleticen igaro dudan azken eguna aldatuko nuke»

2002-2003ko denboralditik, proiektua sortu zenetik, Athleticen ikurretako bat izan da Arrate Orueta, baina, ezustean, atea itxi dio klubak. Erabakiak min eman dion arren, ez du sortu nahi inolako ika-mikarik.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2015eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Ilusioa, horixe nabari da Arrate Orueta (Bilbo, 1984) hizketan hasten denean. Baina «ilusio faltagatik» utzi du Athleticek 2015-2016ko denboraldiko proiektutik kanpo. Sare sozialen bidez azaleratu zuen bere haserrea, baina esker oneko hitzak besterik ez dauka «Athletic familia» osatzen duten guztientzat. Hasiera-hasieratik bizi izan zuen emakumezkoen taldearen sorrera, eta zuri-gorrien elastikoa jantzita bere bizitzako «hamahiru urterik onenak» bizi izan dituela argitu du. 270 partida ofizial jokatu ditu Bilboko taldearekin, eta 53 gol sartu.

Haserretuta, minduta, lasaituta... Zer moduz zaude albistea jaso eta egun batzuk igarota?

Askoz lasaiago nago orain. Momentu bakar batean ere ez naiz egon haserre, baina nire bizitzako hamahiru urterik onenak igaro ondoren horrela amaitzea ere... Onartu beharra dago, eta kito. Futbol denboraldia amaituta, oporretan bezala nago orain, nahiz eta guztia, ziurrenik, gogorragoa izango den denboraldi-aurreari ekiten diotenean.

Sare sozialen bidez jakinarazi zenuen agurra, minduta, eta zure sentimenduekin ez jolasteko eskatu zenuen.

Bai... Baina nire kontuarekin ez dut sortu nahi ika-mikarik edo arazorik. Eta bihotzez diot, gainera. Nire umetako ametsa bete ahal izan dut Athleticen jokatuta; sekulakoak izan dira hamahiru urte hauek. Ohorea izan da igandero Athleticen elastikoa janztea; gozamena. Baina, hainbeste urteren ondoren, ondo amaitu nahi nuen zikloa. Pena pixka batekin geratu naiz amaieran, beste zerbait espero nuelako.

Sarritan esan izan duzu ia lorik egin gabe jokatu behar izan dituzula hainbat partida, erizain lana eta futbola uztartzeko eginbehar zailean. Ondorengo eskerra ez da izan neurri berekoa.

Jende askok galdetu izan dit ea merezi izan duen hainbesteko sakrifizioak. Eta zalantzarik gabe: bai. Ondo egin nahi baduzu, sakrifizio handia eskatzen du edozein kirol jardunek. Lana dela, ikasketak direla... Oso zaila da errendimendua eta egunerokoa uztartzea. Baina, aukera izanda ere, ezertxo ere ez nuke aldatuko, nahiz eta gauza asko utzi behar izan ditudan bidean. Ezin dut hitzez azaldu futbolak eta Athleticek eman didaten guztia. Tira, aldatzen hasita, Athleticen igaro dudan azken eguna aldatuko nuke.

Hitz egin al duzu Athleticeko arduradunen batekin?

Albistea jaso eta hurrengo egunean zuzendaritzako kide batek deitu zidan, Elaia Gangoitik, nire taldekide eta ikaskide izandakoak. Izugarri eskertu nion deia.

31 urte beteko dituzu abuztuan. Indarrik eta ilusiorik badaukazu beste talderen baten proiektuan murgiltzeko?

Ez, ez. Gogotsu nengoen beste urtebetez Athleticen jarraitzeko. Azken lau urteotan zaintza asko egin behar izan ditut lantokian [medikuntza ikasketak egin zituen, eta Gurutzetako ospitalean aritzen da lanean], 24 orduz lan egin behar izan dut beste batzuetan... Lesio asko izan dut tarte honetan, eta, orain jada zaintzarik ez daukadanez, atseden gehiago hartuta zelaian hobeto aritzeko ilusioa neukan. Baina, kontu honen ondoren, amaitu da nire kirol ibilbidea. Beste hainbat gauzarekin gozatzeko gogoa daukat orain.

Iraia Iturregi, Eli Ibarra eta hirurok zineten Athletic sortu zenetik taldean zeundeten bakarrak. Nola gogoratzen dituzu lehen urte haiek?

Euskal Selekzioarekin jokatutako partidekin eta beste gutxi batzuekin batera, nire kirol ibilbideko partidarik onenak izan ziren hasierako haiek. Lotailu gurutzatua hautsita igaro nuen lehen denboraldi ia guztia, eta San Mamesen egin nuen debuta, azken partidan, liga irabazi genuen egunean, 35.000 zale begira genituela. Pentsa! Ilusioz betetako proiektua zen, gutxi batzuek egindako lanaren ondorioa. Aurretik, jada, aitarekin joaten nintzen San Mamesera, eta gogoan daukat nola egun batean esan nion nik ere Athleticen jokatu nahi nuela. Presidenteari gutun bat idazteko esan zidan, eta 12-13 urterekin idatzi nion. Momentu hartan ezinezkoa zela esanez erantzun zidaten, baina pentsatuko zutela, eta... Begira noraino iritsi garen urte gutxian.

Lehen bost denboraldietan, ligako lau titulu irabazi zenituzten, baina zer gertatzen zaio taldeari Kopan?

Bi final jokatu ditugu, orain hiru urte lehenengoa eta iaz azkena, eta horixe falta zaigu, Kopa irabaztea. Ikaragarrizko ilusioarekin joaten gara beti, baina ez dakit zer gertatzen den. Ez da gure lehiaketa, nonbait.

Ekainaren 18an nahiko lasai joan zinen Basauriko Basozelai futbol zelaira, baina... [omenaldia egin zioten gertukoenek]

Lasai ez, haserre joan nintzen Tzibi-rekin [Aitziber Juaristi, taldekide izandakoa]. Nik ez nekien ezer, baina arratsaldean esan zidan Lezamara joan behar nuela argazki batzuk ateratzera. Harritu egin nintzen, baina, tira, nire kamerarekin joan nintzen. Azken unean, ordea, momentu batean Basaurira laguntzeko eskatu zidan, eta han joan ginen. Autoan gindoazela, amari deituko niola esan nion, harekin ez nuelako hitz egin. Eta ezetz erantzun zidan, sakelakoa ezin nuela erabili. Ezustekoak ez zaizkit asko gustatzen, baina, tira. Taldekideak, lankideak, lagunak, Nojako lagunak... Ikaragarria izan zen guztia.

Momenturik onena?

Aita San Mamesen nire partidari begira ikusi nuenekoa.

Txarrena?

Lesioak, akaso, baina kirol kontuak dira horiek. Lehengo eguneko albistea.

Taldekide bat?

Lehen Tzibi, eta orain Nekane Diez.

Jokalari bat?

Oscar De Marcos.

Entrenatzaile bat?

Iñigo Juaristi.

Zertan aldatu da Athletic?

Gutxinaka jendearen pentsaera aldatzen ari dela uste dut. Gizarte guztia ohitzen ari da emakumezkoen talde bat edukitzen. Athletic zertan aldatu den? Uste dut gutxinaka-gutxinaka, oso gutxinaka, gero eta gauza gehiago lortzen ari garela ezkutuan lanean aritu den jendeari esker.

Zer-nolako etorkizuna dauka talde honek?

Bikaina. Jokalari hauek berandu baino lehen Liga eta Kopa irabaztea espero dut. Oso talde ona dauka Athleticek. Denboraldia ez da izan oso ona, baina, fitxaketekin asmatuz gero, oso gora iritsiko dira berriz ere.

Jokalari on bat galdu du Athleticek, baina zale sutsu bat irabaziko zuen, ezta?

Zalantzarik gabe! Kostako zait hasieran, baina han izango naiz.

Egun batzuk igarota eta lasaituta, zein mezu helarazi nahiko zenieke zale, taldekide, arduradun eta gainerakoei?

Joan den igandean egin genuen denboraldi amaierako Gorbeiarako igoera, eta han esandakoak errepikatuko ditut. Guzti-guztiei eskerrak eman nizkien hamahiru urte hauengatik; taldekideei, zuzendaritzari, klubeko langileei, medikuei... den-denei. Eta zaleei ere bai, noski. Bihotz-bihotzez eskertzen diet egunotan sentitu dudan maitasuna eta laguntza, eta hamahiru urteotan emandako babesa. Haiek dira benetako Athletic.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.