Realaren eta Athleticen arteko derbia ikusteko irrika pizten du Iñigo Martinezekin hitz egiteak (Ondarroa, Bizkaia, 1991). Grina, gogoa eta ilusioa kutsatzen du, gisa horretako partida bateko ezinbesteko osagaiak guztiak.
Zein da Athleticen aurkako derbiez duzun aurreneko oroitzapena?
Gurasoekin joan nintzen San Mamesera haurra nintzela, baina ez dut gogoan zein denboralditan izan zen, ezta ere zein emaitzarekin amaitu zen partida. Harmailetako giroak eragina izan zuen nigan. Ederra izan zen. Gisa horretako neurketa batean zure taldeak irabazteko sentitzen duzun gogo eta urduritasuna zoragarria izaten da.
Zer dakizu Atotxako partiden inguruan?
Irudiak ikusi ditut. Harmailetan bizi ohi zena, borrokarako joera, grina jokalarien partetik… Anoetaren aldean ez zuen zerikusirik. Zure jarraitzaileen babesa bertan sentitze horrek bultzada handia ematen dizu. Nik Anoetan gehien gozatu dudan eguna Celtaren aurkakoa izan zen, Lehen Mailara igotzea ziurtatu genuen egunekoa. Harrigarria izan zen, aspaldian bizi gabekoa.
Zenbat alditan gogoratu dizute iaz Anoetan jokatutako derbian Athletici zelai erditik sartu zenion gola?
Askotan. Buelta gehiegi eman zitzaizkion. Pasatako kontua da.
Jokaldi hura zure kirol ibilbidean mugarri izango delakoan zaude?
Baliteke. Artean inork ez ninduen ezagutzen, hasierako hamaikakoan zenbat iraun ote nezakeen ere ez nekien…gol horrek indar handia eman zidan.
Ausartuko zinateke berriz ere horrela zerbait egiten?
Ez dago jakiterik. Une hartan horixe etorri zitzaidanez burura… saiatu ezean, ziur ezingo duzula lortu. Edozertarako konfiantza izan behar da.
Futbolariak sentitzen duena egin behar al du, nahiz eta aginduei jaramonik ez egin?
Bai. Entrenatzaileak gauza bat edo beste esan arren, jokalariak erantzun behar du zelaian.
Betidanik jokatu izan duzu profesionaletan egiten duzun moduan?
Bai, bai. Borroka eta lehiarako joera izan dut beti. Ondarroako Aurreratik iritsi nintzen hona, nortasun handiko tokia da hori, zalantzarik gabe.
Lotsarik gabe esaten al duzu derbia dela denboraldiko partidarik berezi eta garrantzitsuena?
Gisa horretako adjektibo guztiak biltzen ditu larunbateko partidak. Gertuen duzun arerioaren kontra ariko zara, jokalari guztiek irabazi nahi izaten dute, eta gehien bizi duzuna da, zalantzarik gabe.
Galtzeko beldurra sentitzen al da atarikoan?
Ez. Halakorik ez da inoiz sentitu behar. Ez baduzu irabazten zure lana taxuz bete ez duzulako izango da, edo aurkariak zuk baino partida beteagoa jokatu duelako. Gureari eutsiz, azken une arte borrokatzera irten behar gara zelaira.
Iaz, huts ez egiteko erantzukizuna pisutsuegia izan al zen?
Irabazi ala galdu txapelketa ez da larunbatean amaituko ,eta biharamunean aurrera egin beharko duzu. Presioa sentitzen da, nahiz eta jokatzen hasi bezain pronto gainetik kentzeko ahalegina derrigorrean egin behar den.
1-2 galdu zenuten Anoetan jokatutako derbi hura. Emaitza hura burutik kentzea kosta egin zitzaizuela onartu zenuten orduan. Bolada txar batean sartu zineten ondoren ere.
Min egin zigun, eta berez, ez dauka hala izan beharrik, hurrengo asten beste erronka bat izango baitugu. Derbia galdu duzula eta hurrenagokoan emaitza bera lortu behar al duzu? Ez dut uste hala denik.
Zer partida mota komeni zaizue larunbatean?
Motzean edo luzean, behetik edo goitik, baina Athletici aurre egiteko ahalmena badaukagula erakusteko garaia da. Realak aurrealdean badu eurak arazotan sartzeko moduko jokalariak.
Esan liteke orain urtebeteko sasoi puntu berean iristen zaretela bi taldeak?
Eurak lehengo sasoian ere ez omen zeuden behar bezala, baina… irabazi egin ziguten eta begira noraino iritsi ziren ondoren.
Derbiari buruz galdetzean Mikel Aranburuk zioen inoiz ez dela gehiegi izaten, bizio osasungarri modukoa dela.
Bat nator iritzi horrekin. Denboraldian bitan baino ez da jokatzen, eta orduan bizi duzuna ez da beste inon errepikatzen gero. Parte hartzeko gogo biziz egon ohi dira jokalari guztiak, eta badakizu aldez aurretik indar hustu egingo zarela aurkaria baino gehiago zarela frogatzeko.
Iazko porrotak are eta gehiago motibatzen al zaituzte?
Lur jota geratzerainokoa ez, baina derbia galtzeak arrastoa uzten du beti. Lehengo denboraldian irabazi egin zizkiguten bi partidak, eta ez da erraza izaten hori onartzea. Horrek are eta gogo gehiago pizten du gugan larunbateko partidari begira. Ea denboraldi honetako gureak izaten diren hiru puntuak.
Bizkaitarra izate hutsagatik galdetzen al dizute hainbestetan Athleticen ustezko eskaintza baten inguruan?
Lehenik eta behin, ondarroarra izan arren, kadete mailan iritsi nintzen Zubietara. Denbora asko daramat hemen. Etorkizuna izan dezakedala uste du hainbatek eta ez daude erdiko atzelari ezker askorik ere Lehen Mailan. Athleticek, gainera, merkatu mugatua du, eta beste askok baino ahalmen ekonomiko handiagoa.
Aspertu egin al zara azken hilabeteetan kontu horren inguruan bueltako aritu beharraz?
Bada bai. Jokalaria toki batean gustura baldin badabil eta garrantzitsu sentitzen bada beste edozer soberan dago. Niri hori gertatzen zait. Kontratu luzea daukat oraindik.
Lasaiago jokatzeko aholkatu al dizute?
Oldarraldiak kontrolatzeko eskatu didate, baina ez lasaiago aritzeko. Hasiberria naizen heinean gauza asko dauzkat ikasteko oraindik. Norberak den bezalako izan behar du zelai gainean. Ez dira futbolari oldarkor asko ikusten, nahiz eta oreka topatu behar dudan. Txartel gehiegi ikusi nituen aurreko denboraldian, eta horretan hobetzeko beharra daukat.
Indartsua izan zen zure lehen denboraldia: hasierako hamaikakoan sartu zinen, gol ikusgarriak sartu zenituen, behin baino gehiagotan kanporatu zizuten, lesio larria izan zenuen...
Era guztietako bizipenak izan zirenez, baliagarri izango zaizkit bidean aurrera egiteko. Hobetzeko tarte handia daukat. Goi mailara jauzia ematea ez da inorentzat samurra izaten. Bigarren B Mailatik iritsi nintzen ni, eta aldea igarri egiten da hasiera-hasi. Garbi daukat momentu on eta txarrak tokatuko zaizkidala, eta horiek kontrolatzen jakin beharra dago.
Zer eskatu diozu zeure buruari bigarren denboraldi honetan?
Gogorragoa izan ohi dela entzuna daukat. Badakit zer egin behar dudan: txartel gutxiago ikusi. Horretan saiatuko naiz, behintzat.
Zer ekarpen egin dizu zuri Philippe Montanierrek? Zein garrantzia du hark zure bidean?
Berari esker nago ni hemen, lehen taldean finkatuta. Olinpiar Jokoetan ere izan naiz. Hark jarri zuen konfiantza osoa nigan lehen unetik. Inork ez zuen uste halako aurrerapausoa emateko gai izango nintzenik, nik neuk ere ez. Bi urtetik hona asko hobetu dudalakoan nago. Gazteei aukerak ematean hori gertatu ohi da.
Zein da zure egin duzun aholkua?
Hanka sartu ezean, ez duzu herriko taldean jokatzen. Zurea ematen ez baldin baduzu bidean geratzen zara askori gertatu izan zaien moduan. Argi eta garbi. Entrenatzaile bakoitzak dakien guztia erakusten dizu ahal bezain ongien, eta zerbait geratzen zaizu beti, gehiago edo gutxiago izanagatik.
Derbietan zelaitik kanpoko giro jatorra mantentzea jokalarien ardura ere ba al da?
Jakina! Guregan sinesteko arrazoiak badituztela frogatu behar diegu zaleei.
Kirol kazetaritzak aspertu egiten al zaitu?
Batzuetan bai, eta beste batzuetan ez. Momentuak dauzkat. Gure lanaren parte da, eta kito.
Kaletik lasai ibiltzeko askatasuna galdu al duzu?
Ez pentsa. Niretzat ezinbestekoa da lehen egiten nituen gauza berberak egitea orain ere. Esaterako, lagunekin egotea. Horrek sekulako garrantzia du niretzat. Inork ezagutu eta argazkia ateratzeko eskatzen badit ez dut inolako arazorik. Naturaltasunez hartu behar da.
Baloirik gabe jokatu al liteke futbolean?
Zailagoa izan ohi da. Aurkariari ematen badiozu atzean sartuko zaitu, eta era horretara galtzaile ateratzeko aukerak handitu egiten zaizkizu. Baloia erabili egin behar da, mugitu, eta nahi ez duenak futbola gustatzen ez zaiolako izango da. Horren aldekoa naiz.
Hegalean jokatzen ikusten al duzu zeure burua?
Nik uste norberak bere tokia duela zelaian, eta nirea erdiko atzelari izatea dela. Lekuz kanpo baldin bazabiltza aurkariak igarri egiten du.
Urrun dago, baina 2014ko Brasilgo Munduko Kopan egotea zure helburuetako bat al da?
Ez dut horretan pentsatu ere egiten. Gainera begira zer nolako maila dagoen Espainiako selekzioa nagusian… Nire helburu bakarra haztea da, ahalik eta gorenen iristea eta ordu arte egindako guztiak zerbaitetarako balio izan didala ikustea. Horretarako aukera badut, zoragarri. Bestela ez da ezer gertatzen. Pentsaera bera nuen Londresko Olinpiar Jokoei buruz. Azkenean bertan izan nintzen, baina joan ez banintz ere ez zen ezer gertatuko.
Iñigo Martinez. Realeko jokalaria
«Athletici aurre egiteko ahalmena badaukagula erakusteko garaia da»
Egundoko gola sartu zuen Iñigo Martinezek iaz, Anoetan, sasoiko estreinako derbian. Zuri-gorriei irabazteak Realarentzat duen garrantzia nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu