Atseden hartu eta gero

Ligan gehien erabilitako jokalariak zelairatuko ditu Zigandak gaur, Racingi bisita egiteko

2007ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Ligako azken bi partidak galdu ditu Osasunak, eta Nafarroako Erresuman Celtaren aurka eta Espanyolen aurka egin ez zuena lortu nahi du gaur Santanderren, Racingen aurka (Espainia): irabaztea. Sailkapeneko azken postuetara begira jarrita dago Jose Angel Zigandak zuzentzen duen taldea, eta Liga amaierako estutasunak saihestu nahi baditu, lehenbailehen suspertu beharra du. Gaurko partidarako, Liga hasiz geroztik gehien erabili duen hamaikakoa aukeratu du berriz Zigandak. Azken partidetako txandakatzeei esker, atseden hartu dute, eta Osasunako entrenatzaileak uste du horrek balioko duela agerian geratzen hasia zen nekea gainditzeko .

Bordeleko Girondinsen aurka UEFA Kopako kanporaketan egindako ahalegina larrutik ordaindu zuen Osasunak Espanyolen aurka, Nafarroako Erresuman jokatutako Ligako azken jardunaldian -0-2 galdu zuen-. «Zenbait jokalarik atsedena behar dutela agerian geratu da gaur», esan zuen Zigandak partida ostean eman zuen prentsaurrekoan. Asteazkenean, berriz, ezohiko jokalarien eta bigarren taldeko gazteen aldeko apustua egin zuen Getaferen aurka Espainiako Kopan jokatzeko. Ricardo, Milosevic, Soldado, Corrales, Puñal eta Juanfranentzat partida bakarreko astea izan da hau, aspaldiko partez ez baitziren aritu Kopan. Javier Flañok, Krutxagak, Josetxok, Nekunamek eta David Lopezek ez zuten jokatu Espanyolen aurka, ezta Getaferen aurka ere. Santanderrerako, ordea, prest ikusten ditu berriz denak Zigandak. Partida bateko atsedena izan dute gaur hasieratik ariko diren hamaika jokalarietatik seik, eta beste bostek, bi partidakoa.

«Inoiz ez dago jakiterik atsedenak nekea erabat gainditzeko balio izan ote duen ala ez, baina entrenamenduetan ondo ikusi ditut, eta, azken hilabete gorabeheratsuaren ostean, jendea berreskuratzen hasi behar dugu», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaileak bere erabakia arrazoitzeko. Eta atsedenak jokalariei mesede egin izana espero dute osasunazaleek; izan ere, gaur galduz gero, etorkizuna erabat ilunduko zaio taldeari.



UEFA KOPAN PENTSATU GABE. Asteazkenean UEFA Kopako final-zortzirenetako partida jokatu behar du Osasunak Glasgown (Eskozian) Rangersen aurka, baina gorritxoentzat gaurko partida da orain garrantzitsuena: «Etxean azken bi partidak galdu ondoren, jaitsiera postuekin genuen alde guztia galdu dugu, eta egutegi gogorra dugu aurretik. Okerrak egin ditugu, eta oker horiek zuzentzen ahalegindu behar dugu. Biharko [gaur] partidan jarri dugu arreta guztia, Ligako azken txanpan finalak jokatu behar izatea saihestu nahi baitugu. Racingi irabaziz gero, konfiantza handiagoarekin joango gara Glasgowra, baina Liga da garrantzitsuena, eta ez dut UEFA Kopako lehian pentsatzen».



Etxean jokatu dituen azken lau partidak irabazi ditu Racingek

Emaitza bolada kontrajarrian diren bi talde izango dira gaur aurrez aurre Sardinero futbol zelaian. Miguel Angel Portugali kosta egin zitzaion langabeziaren itzala bere ondotik desagerraraztea -denboraldiko lehen partida seigarren jardunaldian irabazi zuen haren taldeak, 0-1, Nafarroako Erresuman-. Jaitsiera postuetatik gertu izan dira Racingekoak lehen itzuli osoan, baina azken boladan behetik gora doan taldea da Portugalek zuzendutakoa, eta jaitsiera postuetatik baino gertuago da Racing UEFA postuetatik orain: 33 puntu dituzte Santanderkoek, 39 ditu Zaragozak seigarren postuan, eta 25 Athleticek hemezortzi- garren tokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.