Futbola. Reala Txapeldunen Ligan

Atzean dauka herrena

Bisevac zigortuta eta Miguel Lopes behar bezala entrenatu ezinik egonda, atzeko lerroa, Lyonen ahulena, eraldatu beharko du gaur Remi Gardek.

unai zubeldia
Donostia
2013ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ohiko txartel gorri bat baino gehiago izan zen 75. minutukoa. Carlos Velaren zangoa ukitu zuen, baina mexikarrarekin ez, etorkizunarekin trabatuta geratu zen Milan Bisevac orain dela astebete. Lyonen. 0-2 markagailuan, eta epailea, besoa goraino altxatuta, txartel gorria eskuan zuela. Zaleak, txistuka. Haserre. 105 minutuko zigorra frantziarrentzat. Barkatu zuen Pardok azken minutuan 0-3koa, baina abisua besterik ez zen izan hura. Bero puntua dagoenean gurina nola hasten da oreka galtzen, horrela ibili zen Olympique Lyon azken ordu laurdenean. Gehitu horri Miguel Lopesen aduktoreetako arazoak, eta egin bidaia Donostiaraino.

Gonalons eta Malbranquerekin, euskarri postuan biko indartsua dauka Lyonek; Grenier izar itxuran dabil punta-erdi lanetan; eta abiadurak eta kalitateak bat egiten dute erasoan, ezker-eskuin, Benzia eta Gourcuffekin. Lacazette izena dauka, berriz, amaierak. Golak. Baina atzean egiten du herren Lyonek. Miguel Lopes, Bisevac, Fofana eta Bedimo. Atzeko lerro horri sendotasuna eman nahian ari da Remi Garde entrenatzailea. Denboraldi honetako sei partidak jokatu dituzte orain arte Bedimok ez, beste hirurek —Lopesek osorik; Bisevacek ia osorik—, eta lautan parte hartu du Bedimok; azken lauretan. Zuloa dauka, ordea, hor Lyonek. Oreka falta du oraindik. Urrutira joan gabe, Realak erraz egin zion min hegaleko bi jokalarien bizkarrera pase luzeak bidalita; eta joan den asteburuan ere frantziarrek 0-1 galdu zuten etxean Reimsen aurka; Odair Fortesek 75. minutuan sartu zuen gola. Bisevacek eta Lopesek berak area barruan errazegi utzi zioten jaurtiketa egiten jaiotzez Cabo Verdekoa den aurrelariari.

Portugalgo Sportingek utzita ari da Miguel Lopes denboraldi honetan Lyonen; udan Montpellierretik fitxatu zuten frantziarrek Bedimo; Paris Saint-Germaini ia hiru milioi euro ordainduta iritsi zen Bisevac taldera, iazko udan; eta etorkizun handiko gazteetako bat da Fofana, 22 urte besterik ez daukalako oraindik — Havre taldetik iritsi zen Lyonera, 2011ko udan, eta 63 partida jokatu ditu azken bi sasoietan—. Garestia da atzealdea, merkatuan 19 milioi euroko balioa daukalako gaur egun lerro horrek. Realaren balizko hasierako hamaikakoaren ondoan jarrita —Estrada, Cadamuro, Iñigo Martinez, De la Bella—, 3,3 milioi euro garestiagoa.

Umtiti eta Kone

Lopes eta Bedimo hegaleko bi jokalariak egonkortzen eta hazten ari direla, Bisevac-Fofana bikoa da Lyonen sendotasunaren ikurra, baina Gardek asmatu egin beharko du atzealdea, gaur, Anoetan. Joaneko partidan Velari area ertzean egindako falta hark hankaz gora jarri du frantziarren atzeko lerroa. Sei partida ofizial jokatu ditu orain artean Lyonek; Txapeldunen Ligako atariko hiru eta ligako beste hiru. Eta seiretan hasieratik jokatu du Bisevacek, erdiko atzelari postuan, eskuinetik; minutu guztietan Lopes izan du ondoan, eskuin hegalean. Fofanak jokatu du Bisevacen ondoan Niza, Sochaux eta Realaren aurka; eta Umtiti eta Kone aritu dira beste banatan, Grasshopperren aurka, Txapeldunen Ligako atariko lehen kanporaketan.

Seferovic, Vela, Chory Castro, Griezmann... jokalari azkarrak dira guztiak, eta txuri-urdinen joa gelditzeko Miguel Lopes, Kone, Fofana eta Bedimoren alde egin dezake Gardek. Lopes osatuko ez balitz, litekeena da Fofana eskuin hegalera igarotzea eta Umtitik jokatzea Koneren ondoan. Ateratzen duen atzealdea ateratzen duela ere, inoiz elkarrekin jokatu gabe egongo dira. Realeko aurrelarien gozamenerako, oreka falta esan nahi du horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.