Iraupena. 1.08.13. Jokoaren iraupena, berriz, 25.33
Pilotakadak. 501.
Sakez. Bengoetxea VI.ak 22; eta Berasaluze II.ak 17.
Markagailua. 1-0, 1-3, 3-6, 4-7, 5-8, 6-9, 8-10, 9-16, 14-17, 15-18, 17-19 eta 17-22 .
Bestelakoak. Dirua doblean zegoen partida hasi aurretik.
Bengoetxea IV.ak eta Beroizek ongi hasi dute Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxka. Lehen jardunaldiko azken partida jokatu zuten atzo Eibarko Astelena pilotalekuan, eta Berasaluze II.a eta Albisu garaitu zituzten. Partida hasi aurretik jakina zen atzelarien jokoa erabakigarria izan zitekeela, baina atzokoak uste guztiak txiki utzi zituen. Izan ere, Albisuk hamabi pilota galdu zituen guztira, eta aurreko koadroetan Berasaluze II.ak eginiko 11 tantoak itzalpean utzi zituen. Bengoetxea VI.ak eta Beroizek ez zuten txapelketako partidarik onena egin, ezta inondik inora ere, baina segurtasuna eta tinkotasuna erakutsi zuten emandako pilotakada bakoitzean.
Lehia uste bezala hasi zen, Albisu eta Beroizen arteko piloteoarekin. Ataundarra nagusi zen, baina Uhartekoak irmo eutsi zituen hasierako pilotakadak. Lehenengo tantoan izan ziren aurretik soilik Berasaluze II.a eta Albisu. 1-0ekoaren ondoren, aurkarien atzetik joan ziren une oro, eta emaitzaren eragileetako bat atzelari gipuzkoarraren hutsak izan ziren. Markagailuan Bengoetxea VI.a eta Beroiz 2-6 ziren aurretik, eta tanto horietatik lau Albisuren hutsak izan ziren. Dena den, partidak orekatuta jarraitu zuen, batez ere, Berasaluze II.ak airez eginiko tantoei esker.
Lan erdietara arte, lehia parekatua ikusi zen, baina 8-10ekoa iritsi zenean, Albisuren kaleak areagotu egin ziren. Bost pilota galdu zituen, eta bikote nafarra 8-16 jarri zen aurretik. Bazirudien Bengoetxea VI.ak eta Beroizek ez zutela sufritzeko partidarik izango, baina orduan suspertu zen Berasaluze II.a. Jarraian sei tanto egin, eta Albisuren hutsei, une batez, garrantzia gutxitzea lortu zuen. Hala ere, partida bere horretara itzuli zen, eta urdinek hiru tantoren aldea lortu zuten berriro (17-20). Azken tanto horretan Albisuk egindako hutsak Asegarceko pilotarien itxaropen apurrak itzali zituen. Izan ere, hurrengo bi tantoak bi pilotariek behartu gabe eginiko kaleen ondorioz izan ziren.
Datorren asteburuan, atzoko irabazleek Juan Martinez Irujok eta Jose Javier Zabaletak osatzen duten bikotearen aurka jokatuko dute Bilbon. Berasaluze II.a eta Albisuk, berriz, Aimar Olaizola II.aren eta Ibai Zabala izango dituzte aurrean Iruñean, larunbatean.
Bengoetxea-Beroiz 22. Berasaluze II.a-Albisu 17
Atzean ere egon ohi da koska
Bengoetxea VI.ak eta Beroizek finalerdietako lehen puntua eskuratu dute, Berasaluze II.ari eta Albisuri irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu