Londresko Olinpiar Jokoen prestaketa lanak

Atzerako kontuak 100 dio

Ehun egun falta dira Londresko Olinpiar Jokoak has daitezen. Erresuma Batuko hiriak aldaketa asko jasan ditu azken zazpi urteetan, helburu bakarrarekin: uztailaren 27rako prest egon dadin.

Naiara Arri
Londres
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Olinpiar Jokoak gerturatzen dabiltzala agerikoa da Londresen. 100 egun falta dira, erdigunean Trafalgar Square eta National Galleryaren aurreko erlojuak adierazten duenaren arabera. Hala ere, hilabeteak dira lantokiek langileei Olinpiar Jokoen garaian euren asmoen berri galdetzen hasi zirela. Zergatik? Egunero Erresuma Batuko hiriburura bidaiatzen duen jende askok etxetik lan egiteko aukera izango du, garraioarekin egon daitezkeen arazoen beldur baitira asko. Hala, azken asteetan langile askok etxean jaso dute TFL Londresko Garraio Publikoen Zerbitzuak uztailaren 27tik abuztuaren 12a bitartean dituen planen berri zein hiritarrentzako hainbat gomendio. Helburua zehatza da: garraiobide sareak gainezka ez egitea.

Bestelako hainbat gune ere erabiliko badira ere, Olinpiar Jokoetako gune nagusia Stratforden dago, eta mundu osoa hara begira izango da laster, Londresko ipar-ekialdean topa daitekeen 500 akreko eremura, hain zuzen ere. Ekialdean bizi direnek azken hilabeteetan ikusi ahal izan dituzte hiriak jasandako prestaketa lanak. Dena prest omen dago, lanak bukatuta daude, eta, hortaz, erakutsi nahi den irudi hori lortzeko azken ukituak ematen dabiltza orain. Irtetera doanak bere burua apain jartzen duenaren gisan, edertze prozesu oso batera gonbidatu dute Londres Ekialdeko Tower Hamlets auzoa, eta ukituak ukitu, egongo da egun handia iritsita auzo horretatik pasatuko ez denik.

Kulturaren zein turismoaren ikuspuntutik, esan daiteke alde batera utzi izan den auzunea dela Stratford. Hala ere, 2004ko azaroaren 15ean Londresen Olinpiar Jokoak egiteko txostena aurkeztu zenetik, aldaketa nabarmenak gertatu dira eremu horren berreraikitze planarekin batera. Industri Iraultzan zehar, Stratforden kokatu ziren hiriak urrunen nahi zituen industriak: ikus planta kimikoak eta xaboia zein tinta sortzeko lantegiak. Historian, han kokatu izan ziren trengintzari loturiko industriak ere. Eta Bigarren Mundu Gerraz geroztik, etengabeko errauste bat gertatu izan da, Royal Dock-en (Moila Errealaren) itxiera eta euren historia gordetzeko zein garatzeko borroka jarrai batean murgilduta egon delarik.

Olinpiar Jokoen eremuaren prestaketa lanekin batera, Stratfordek lan eskaintza berri, programa eta diru laguntza komunitario eta distira egiten duten azpiegituraz bete dute. Uda heldu ahala, mundua izango baitu hari begira. Han daude Olinpiar Parkea, Olinpiar Hiria, ur kirolen gunea, belar hockeyko estadioa, belodromoa eta BMX-ko pista.

Lower Lee Valleyn dagoen 500 akreko Olinpiar Jokoa izango da eraikinik garrantzitsuena. Lehiatzeko bederatzi zelai ditu barruan, eta, antolatzaileek webgune ofizialean esaten dutenez, «azken 150 urteetan Europan eraiki den hiri parkerik handiena da». Olinpiar Parkea barnean jokatzen diren kirolen zein atletismoaren egoitza izango da. Beste kirolak Londresen bertan ikusgai izango dira, hein handi batean, baina bada handik kanpo kokatuko denik ere. Alde horretatik, futbolak daroa sari gorena, partidak Erresuma Batu osoan (Ingalaterra, Eskozia zein Galesen) zehar jokatuko baitira, Manchester Uniteden Old Trafford ospetsu eta legendarioan, Glasgowko Hampden Parken eta Cardiffeko Millenium estadioan, besteak beste.

Futbolaz gain, uretako eta mendiko kirolak dira batik bat Londrestik kanpo lehiatuko direnak: arraunketa probak Windsorren toki izango dute, eta mendiko bizikletak Essexen dagoen Heidlheig Farmen. Eta Londres barnean gertatuko direnei dagokienez, antolatzaileek hurbilpen berritzaile bat hartu dute, jadanik hirian bertan topa daitezkeen Greenwich Park eta antzeko espazio berde zabalen erabilpena sustatuz. Horrela, hirira eta Olinpiar Jokoetara datozen bisitarien artean harreman naturalagoa eratu, eta hiria bera protagonista bilakatu nahi dute.

Kostuei dagokienez, Erresuma Batuko Parlamentuak martxoan aditzera eman zuenez, Olinpiar Jokoen antolakuntzarako 11.000 miloi libra (13.000 miloi euro inguru) erabili dira. 2005ean erabakia hartu zenean, egungo krisi ekonomikoaren arrasto handirik ez zegoen, eta, beraz, ez zen aurreikusi egungo egoeran antolatu beharko liratekeenik.Hala ere, formula berriak erabili izan dituzte, eta asmoa da behin jokoak bukatu ostean Olinpiar Hiri osoa 3.600 etxebizitzetan eraldatu ahal izatea. Gainontzeko azpiegiturak, berriz, hezkuntza zein kirol nahietarako erabiliko dira. Qatari Diar diru funtsak eta Delancey Estates enpresak aterako dituzte merkatura etxebizitza gehienak 557 miloi libratakisko akordio bat dela medio (662 milioi euro inguru), eta herri agintari britainiarrek etxebizitza totalen 675 etxebizitza sozial bihurtuko dituzte.

Ekonomia, eta azpiegiturez gain, garraioa eta segurtasuna dira egun hauetan gehien aipatzen dabiltzan gaiak. Batetik, TFLk osatu egin du duela urtebete martxan jarri zen bizikletaz ibiltzeko sarea, aukera edo alternatiba eskuragarria izan dadin. Tower Hamlets auzo osoan topa daitezke bizikleta horiek eskuratu ahal izateko kabinak. Eta udalak bizi-estilo aktiboa sustatzeko kanpaina barnean biziki gomendatu die hiritarrei hori hautatzea, garraiobide modura, jokoek iraun bitartean.

Gainera, Heathrowko aireportua —Europan zirkulazio handiena duenetako bat da—, Olinpiar Jokoak hasi aurreko zein osteko egunetan aurretik sekula ez bezala betetzea espero da. Hala, ezohiko bidaiari horiek hartzea bideratuko duen behin-behineko terminal bat eraiki dute han.

Horrekin batera, eta iazko istiluen zein Occupy London mugimenduarekiko poliziak harturiko jarreren ondorioz, gizartean bada kezka bat segurtasun indarrek hirian izango duten presentziaz Jokoek iraun bitartean. Azken horrekin zer gertatzen den ikusteko itxaron beharko da. Bitartean, Trafalgar Squarren kokaturiko erlojuak beste olinpiar suzi bat pizteko faltan den denbora gogorarazten jarraituko du egunetik egunera. Atzerako kontuak ez du etenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.