Atzerapauso galanta

Bera Berak galdu egin du Ro'Casaren aurka (28-26), eta Guardesek, irabazi. Bi punturen aldea dute galiziarrek bi jardunaldi falta direla

Alba Menendez, Donostian Ro'Casaren aurka jokatutako partidan. JON URBE / ARP.
Julen Etxeberria.
2017ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Super Amara Bera Berari izugarri zaildu zaio bosgarren urtez jarraian Espainiako Ohorezko Mailako liga irabaztea. Donostiako taldeak galdu egin zuen atzo Kanaria uharteetan (Espainia), Ro'Casaren aurka (28-26), eta, Atletico Guardesek Elxi 38-21 irabazi zionez, Galiziako taldea da orain lehen sailkatua. Bi puntu ateratzen dizkio Bera Berari, liga amaitzeko bi jardunaldi falta direla. Atletico Guardesek Valentziari egingo dio bisita datorren jardunaldian, eta Bera Berak Prosetecnisa Zuazo hartuko du. Azken jardunaldian, berriz, galiziarrek Granollers hartuko dute, eta donostiarrek Leonen (Espainia) jokatuko dute. Itxuraz, Guardesek dena dauka alde txapeldun izateko. Hanka sartze larria egin beharko luke haren historian lehen aldiz liga ez irabazteko. Horren zain egongo da Bera Bera, gaur-gaurkoz ez baitago bakarrik haren esku txapeldun izatea. Atzo galdu zuen horretarako aukera, partida txarra jokatuta.

Prosetecnisa Zuazok, ordea, irabazi egin zuen, Lasesarren, Leonen aurka (33-25), eta laugarren jarraitzen du sailkapenean, Europarako postuetan.

Asobal ligan, berriz, Helvetia Anaitasunak 26-27 irabazi zuen Guadalajaran (Espainia), eta, horri esker, badauka oraindik aukera laugarren sailkatu eta EHF koparako sailkatzeko. Bi puntura dauka Granollers, eta gol alde hobea, baina nafarrek bi norgehiagoka jokatu behar dituzte, eta kataluniarrek, hiru.

Bidasoak, ordea, burumakur jarraitzen du. Bosgarren neurketa galdu zuen jarraian atzo, Benidormen (Herrialde Katalanak), 28-24, eta oraindik ez du ziurtatu beste urtebetez maila nagusian jokatzea. Hiru puntura dauzka jaitsiera postuak, eta bi jardunaldi falta dira jokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.