Mendia

Atzeratu egin dituzte Zerain eta Galvan bilatzeko lanak

Iragarpenen arabera, asteburura arte luzatuko da txarraldia. Beheko kanpamendutik haien bila abiatzeko aukera aztertzen ari dira.

Zerain eta Galvan, Manaslun, artxiboko irudi batean. BERRIA
2017ko ekainaren 29a
11:34
Entzun

Astebete egingo du laster, Alberto Zerain eta Mariano Galvanekin azkenengoz hitz egin zutenetik. Orduz geroztik ez dute bi mendizaleen berririk izan. Zerainen taldekideek zehaztu dutenez, badute nahikoa elikagai egun batzuetarako, ordea, kezka zabaltzen hasia da espediziokideen artean.

Gaur bigarrenez ateratzekoa zen helikoptero bat bi mendizaleen bila, baina eguraldi txarra dela eta, ezin izan dute irten. Zerainen taldeak jakitera eman duenez, Nanga Parbat (8.126 metro) inguruetako ikusgaitasun eskasak, eta datozen egunetarako iragarritako eguraldi txarrak ia ezinezko egiten du beste helikoptero bat bidaltzea. Haren taldekideek ez dute, hala ere, itxaropena galdu, eta espero dute asteburua bitartean eguraldiak apur bat hobetzera egin eta bilaketa lanak hasi ahal izatea.

Helikopteroak atzo egin zuen lehen irteera, baina hiru orduren buruan itzuli egin behar izan zuen. Egoera kontuan hartuta, abiapuntura itzuli zen, Skarduko (Pakistan) aireportura. Alex Gavan alpinista errumaniarraren laguntza izaten ari dira erreskate lanetan.

Bestalde, Pakistango iturrien arabera, aztertzen ari dira beheko kanpamendutik talde bat ateratzea bi mendizaleen bila. Haien gertukoek uste dute 6.400 metroko altueran daudela.

Armadaren gain

Pakistanen armadaren ardura izan ohi dira erreskate lanak. Ondorioz, maiz baldintzak onak izatea ez da aski izaten, mendizaleen bila irteteko; betebehar burokratikoak izaten dira askotan, bilatze lanak atzeratzen dituztenak.

Hamaikagarren zortzimilakoa egitea da Zerain eta Galvanen asmoa. Juanito Oiartzabalekin batera hasi zuen 2x14x8000 proiektua, baina hark utzi egin behar izan du erronka, lesio bat dela eta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.