Aukera eta pizgarri

Aspek binakakotik kanpo utzi zuen Iker Irribarria, baina, gaur, Aitor Elordi ordezkatuko du. Ahalik eta lanik onena egin nahi du, enpresari erakusteko «prest» dagoela behar duenerako.

Iker Irribarria, Aramako Loitza frontoian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
«Oso pozik nago; oparia izan da, ezusteko oparia; ez nuen espero». Barru-barrutik irten zaio aitormena Iker Irribarriari (Arama, Gipuzkoa, 1996). Izugarri gustatzen zaion zerbait gabe geratu, eta hura berreskuratzen duenaren aitormena da. Eta Irribarriari izugarri gustatzen zaio pilota, eta, batez ere, onenekin aritzea. Horregatik piztu dio berriz ilusioa Aspek hura aukeratu izana Aitor Elordi ordezkatzeko binakakoan; hark mina du ezker eskuan. Aramarrak Jose Javier Zabaletarekin jokatuko du gaur, Urdulizen (Bizkaia). Joseba Ezkurdia eta Julen Martija izango dituzte aurkari.

Ez da inoren gustuko norbaiten gaixotasun batengatik jokatzea. Iritzi bera du Irribarriak. «Guk ez ditugu halakoak jokatu nahi. Baina, batzuetan, gertatzen dira. Aukera bat da, eta aprobetxatu egin beharra dut. Txapelketa luzea eta gogorra da binakakoa, eta denok izaten dugu aukeraren bat. Egun, ordezkoa naiz, eta horrek esan nahi du ni baino hobeak edo hobeto ari diren pilotariak daudela. Enpresak, behintzat, horrela uste du. Espero dut Aitor osatzea, eta partida bateko kontua izatea».

Aukera baten zain zegoen bera, baina ez zuen berehalakoan espero. «Elordiren aurretik Jokinek [Altuna] hartu zuen min, eta enpresak Danel [Elezkano] aukeratu zuen». Halere, zehaztu du «hobeto» ari dela azkenaldian. «Emaitza hobeak lortzen ari naiz». Hala da; irabazi egin ditu azken bi partidak: Andoni Gaskuerekin, 18-3 Dario Gomezi eta Aaron Arbizuri; eta, Arkaitz Eskuzarekin, 18-16 Elezkano II.ari eta Arbizuri.

Azaldu duenez, «sentimendu kontrajarriak» izan zituen albistea eman ziotenean: «Poza sentitu nuen, polita baita berriro txapelketa bat jokatzea, nahiz eta partida bakarra izan; baina, hain zuzen ere, bakarra delako, polita bezain zaila da; ez dut izan nahi bezainbeste denbora prestatzeko eta erritmoa hartzeko; gainera, bi egun lehenago ere jokatu beharra nuen. Hasieran, errespetu pixka bat eman zidan, baina, aldi berean, ilusioa piztu zidan enpresak aintzat hartu ninduela ikusteak».

Ez da enpresak binakakotik at utzi duen lehen aldia; duela bi urte ere ez zuen jokatu. «Ohitu? Ez nuke esango ohitu denik hitza. Halakoa da kirola: polita eta gogorra aldi berean; une politak bizitzeko, gogorrak ere bizi behar dira. Txapelketa batetik kanpo geratzea ez da gerta dakizukeen okerrena. Okerragoa da lesionatzea; nik badakit hori [zortzi hilabetez egon zen jokatu gabe 2021ean, eskuin belauneko lesio batengatik]. Baina ez da gozoa kanpoan geratzea. Horretarako ere prestatzen gara; lan fisikoa eta teknikoa ez ezik, psikologikoa ere egiten dugu».

Aitatasuna gozatzen

Halako garai zailetan argi du non topatu babesa: etxean. «Horrek ez du inoiz huts egiten; eta eskerrak. Jendearen begiradapean gaude erabat, eta ez du preziorik etxean goxo eta lasai egoteak». Aita izan zen uztailean, eta, dioenez, horrek «mesede» egin dio. «Orain badugu zeri heldu, eta zertan jardun buru-belarri. Pilota polita da, baina bete-betean ez zabiltzanean, edo langa jaisten dizutenean, eta astero jokatzen ez duzunean, beste ate batzuk irekitzen zaizkizu. Pilota bada bakarrik zure bizitza, hondoa jotzen duzu berehala. Kirol ibilbide laburra da gurea, eta gorabeherak izaten ditugu. Goian zaudenean aprobetxatu egin behar da, eta, behean zaudenean, beste gauza batzuk egiteko aprobetxatu behar da. Asko ari naiz gozatzen alabarekin».

Ez da ari jokatzen binakakoa, eta ez zuen jokatu lau eta erdikoa ere. Hark esan zion enpresari ez zuela bere burua prest ikusten; ez zuen nahi bezain ondo belauna. Eta lau eta erdian, Elordik eta Peio Etxeberriak finalerdiak jokatu zituzten, eta Asperi argi utzi zioten merezi zutela lehen aldiz binakakoa jokatzea. Irribarriak «inbidia pixka batekin» bizi zuen. «Norberak jokatu egin nahi du, baina norbera ondo ez badago, eta hobera egiteko erabaki zailak hartzen baditu, gauzak ondo egiten ari den seinale da. Hori egin nuen nik. Oso lasai egon nintzen. Ez naiz damutzen jokatu ez izanaz. Oraindik gerraematen dit belaunak; ez dit uzten nahi bezainbeste entrenatzen. Baina astean bitan jokatzen ari naiz, eta eusten ari zaio».

«Ahalik eta lasaiena» joan nahi du gaur frontoira, eta «ahalik eta ondoena» egin, enpresari erakusteko «prest» dagoela nahi duenerako. «Kolpez, fresko nago, eta ondo ditut eskuak; lehiakorra sentitzen ari naiz. Ea nola moldatzen naizen, aldea baitago azken partidekin konparatuz: beste pilota batzuk dira, eta erritmoa handiagoa da, are gehiago Joseba tartean egonda. Ezin diogu bere jokoa egiten utzi: gurea egin behar dugu».

Azken bi txapelketetatik kanpo geratu eta gero, buruz burukoa jokatu nahi du; bitan izan da txapeldun, eta behin, txapeldunorde. Horretan ere ez du ziurtatua tokia. «Gero eta gehiago gaude, eta gero eta zailagoa da tokia izatea. Ez diet besteek egiten dutenari erreparatu behar; nire lana ondo egin behar dut, eta datorrenari heldu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.