Aulkian, mundua

Txapeldunen ligako final-zortzirenetan ariko diren hamasei taldeetatik hamahirutan, atzerriko entrenatzailea daukate. Hiru dira salbuespenak: Borussia, Schalke 04 eta PSG.

Aitor Manterola Garate.
2014ko otsailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Entrenatzaileen inguruan, beti esan izan da maleta eginda edukitzen dutela, batetik bestera mugitzen direlako lanera, eta leku batetik edozein unetan bidal ditzaketelako langabeziara. Txapeldunen Ligako final-zortzirenak hasiko dira gaur, eta, zuzendari teknikoen baitan, bada maletarena berresteko datua: hamasei taldeetatik hamahirutan, atzerrikoa dute entrenatzailea.

Hiru klub baino ez daude herrialdeko entrenatzailearekin: Alemaniako Borussia Dortmund eta Schalke 04, eta Frantziako Paris Saint-Germain. Datuei begirada bat ematen segituz, hamasei entrenatzaileen artean, Italiak dauka ordezkaritza zabalena: Carlo Ancelotti Real Madrilen dabil; Luziano Spalletti, Zenit San Petersburgon, eta Roberto Mancini, Galatasarayn. Frantziak bi dauzka: Laurent Blanc herrialdean bertan ari da, Paris Saint-Germainen, eta Arsene Wengerrek urteak daramatza Ingalaterran, Arsenalen. Argentinak ere bi entrenatzaile dauzka: Gerardo Martino Bartzelonako arduradun da, eta Diego Pablo Simeone Atletico Madrilen dabil. Alemaniak ere bi ditu: Juergen Klopp (Borussia Dortmund) eta Jens Keller (Schalke 04). Gainerako guztiak herrialde ezberdinetakoak dira: Kataluniak Pep Guardiola dauka (Bayern Munich); Txilek, Manuel Pellegrini (Manchester City); Herbehereek, Clarence Seedorf (Milan); Eskoziak, David Moyes (Manchester United); Finlandiak, Sami Hyypia (Bayer Leverkusen); Portugalek, Jose Mourinho (Chelsea); eta Espainiak, Miguel Gonzalez Michel(Olympiakos).

Kasualitatea izango da, baina multzoen fasea gainditu ez zutenen artean daude atzerritarrak ez diren entrenatzaile gehienak. Beste hamasei talde geratu ziren lehiatik kanpo, eta, horietan, bost bakarrik dira atzerriko entrenatzaileak. Kontrako joera dago, hortaz, talde sailkatuen eta sailkatu gabeen artean.

Azken garaileak, ia erdiz erdi

Azken hamarkadan, Txapeldunen Ligako garaileen zerrenda hartzen bada, ia berdinduta dago atzerriko eta herrialdeko entrenatzaileen arteko alderaketa. Izan ere, 2003-2004ko denboralditik aurreko sasoira bitartean, lau taldek irabazi dute txapelketa atzerriko entrenatzaileekin: 2005ean, Liverpooleko arduradun Rafa Benitez espainiarra zen; 2008an, Manchester United zuzentzen Alex Ferguson eskoziarra zebilen; 2010ean, Mourinho portugaldarrak irabazi zuen Inter Milanekin; eta duela bi denboraldi, Roberto di Matteo italiarrak eman zion sari potoloa Chelseari. Beste sei alditan, etxeko entrenatzaileak izan dira nagusi, eta zerrenda horretan distira egiten dutenak Pep Guardiola kataluniarra eta haren Bartzelona dira, bi bider irabazi zutelako Europako lehiaketa preziatuena.

Denboraldi honetako txapelketan zer gertatuko den ez dago asmatzerik, baina zenbakiei erreparatzen bazaie, aukera gehiago dauzka atzerrian ari den entrenatzaile batek irabazteko. Europako Koparen sorreratik irabazi izan dute ia-ia taldeek atzerriko entrenatzaileekin; ez da kontu berria. Esaterako, hirugarren urtean, 1958an, Luis Carniglia argentinarra zegoen Real Madrilen aulkian, eta baita hurrengo sasoian ere. 1961ean eta 1962an, Bela Gutman hungariarraren aginduetara irabazi zuen Benficak Europako Kopa. Izen handiak daude atzerrian txapeldun izan direnen artean: Helenio Herrera argentinarra (Inter Milan), Matt Busby eskoziarra (Manchester United), Johan Cruyff herbeheretarra (Bartzelona)...

Entrenatzailearen aulkia leku txikia da espazioa kontuan hartuta, baina mundua kabitzen da bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.