Golak. 1-0: Mayoralek (penaltiz, 84. min)
Dentistaren hitzordura joatea bezalakoxea da Getaferen zelaira bisita egitea, aurrez jakin baitezake batek zer topatuko duen gutxi gorabehera. Ezer atseginik nekez dentistarenean, eta Madrilgo taldearen zelaian ere antzeko zerbait. Besteak beste, futbolean nahi bezala jokatzeko eta puntuak batzeko ez baita aproposena Getaferen etxea. Ohi bezala, atzo ere partida lehorra, itxia eta lehia handikoa planteatu zuen Getafek, eta Alavesek ez zuen gaitasunik izan tranpa horretatik ihes egiteko. Bi taldeek joko zuzena izan zuten ardatz, eta defentsako lanari askoz erreparo handiago jarri zioten erasokoari baino. Lehen zatia bereziki itxia izan zen, eta bigarrenean hobeto jokatu zuen Alavesek, baina ez zuen saririk jaso. Kontrakoa: penalti batek erabaki zuen neurketa, etxekoen alde. Zalantza handia eragin zuen penalti batek, hain zuzen. Halako partidetan gertatu ohi den moduan, akatsak garesti irten ohi dira, eta gasteiztarrei puntuak ihes egin zien azken txanpan.
Etorriko zenaren esperoan edo, lehenbiziko minututik agertu zen Alaves lehiarako prest eta indartsu. Apur bat muzin egin zion baloia oinetan eduki eta jokatzeari, eta Getafek bezala, baloi luzeak jartzera bideratu zuen bere jokoa. Buruz buruko izugarria eduki zuten jokalariek, eta jokoa kontrolatzeko, bereziki garrantzitsua zen bigarren jokaldietan adi egotea. Bada, Alaves dotore aritu zen lan horretan, aldaratze gehienak jokalari gasteiztarren oinetan geratu baitziren. Defentsan bikain aritu zen Luis Garcia Plazaren taldea, Latasa Getafeko aurrelariak ez baitzuen aukerarik izan arnasa hartzeko ere. Erasoan, berriz, Kike Garciarengana bideratu zituen baloi gehienak Alavesek, eta aurrelariak lan zikina bezain ona osatu zuen. Baina areatik urrun.
Laburbilduz, inspirazioari uko egin eta aurkariaren akatsaren zain aritu ziren nor baino nor gehiago bi taldeak, eta Alavesek egin zuen akats larria, 26. minutuan. Gebarak, baloia atezainari eman nahian, Mayoral Getafeko aurrelariari eman zion, eta hark ez zuen aukera baliatu. Sivera atezainaren aurrean bakarrik gelditu, hari izkin egin eta jaurtiketa zutoinera bidali zuen. Abisua izan zen gasteiztarrentzat. Erasoan zerbait gehiago egitea falta izan zitzaien arabarrei. Estrategia bidezko hainbat jokalditan saiatu ziren, falta eta kornerretan, hain zuzen, baina antzu ibili ziren. Atsedenaldiaren atarian Riojak aukera polit bat eduki zuen, baina ez zuen asmatu.
Irekixeagoa izan zen bigarren zatiaren hasiera. Noski, Getafek berak ere garaipena behar zuen jaisteko postuetan lo egin ez zezan, eta etxekoen behar horrek apur bat alaiagoa bihurtu zuen jokoa. 47. minutuan, esaterako, oso gertu izan zuen gola Maksikovicek, baina haren burukadari ederki erantzun zion Siverak. Hurrengo minutuan beste arean erantzun zuen Kike Garciak. Ordura arteko xake partida aldatua zegoela begien bistakoa zen, eta horrek Alavesi egin zion mesede. Pixkanaka konfiantza hartuz joan ziren jokalariak, eta minuturik onenetan murgilduta ziren arabarrak. Bi hegaletatik ongi iristen ziren Getaferen areara, eta gola sartzeko bi aukera eder izan zituzten. Abqarrek lehenbizi eta Alkainek gero ez zuten asmatu,
Penalti inozoa
Bazirudien berdinketa ontzat jo zezaketela bi taldeek azken txanpan, baina penalti inozo batek erabaki zuen guztia. Halako gidoietan aktore onenen pare sentitu ohi da Getafe, eta misterio handirik ez zuen erdiraketa bati ederki atera zion zukua Latasak. Buruz errematea egitera zihoala ukondoa jarri zion parean Abqarrek, eta epaileak ez zuen zalantzarik izan. Bada, Mayoralek arratseko gol bakarra sartu zuen penalti puntutik, 84. minutuan. Erabakiak bere onetik atera zuen Alaveseko entrenatzailea. Hala amaitu zen partida.
GETAFE 1 - 0 ALAVES
Aurkariaren tranpan erori dira
Getaferen joko lehorrak erabat kutsatu du Alaves, eta partida itxia eta lehia handikoa osatu dute bi taldeek. Penalti batek erabaki du partida azken txanpan, etxekoen alde

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu