ATHLETIC 6. HELSINKI 0

Aurkaririk gabe, uste baino errazago

Oso maila apalean jokatu du Helsinkik, eta azken asteotako ezkortasuna baretzeko balioko duen garaipena lortu du AthleticekDatorren astean huts larriren bat egin ezean, Europako Ligan ariko dira zuri-gorriak

Athleticeko jokalariak, elkarri helduta, Susaetak sartutako lehen gola ospatzen; 2-0ekoa zen, aurretik . MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Adurizek (24. min.). 2-0: Susaetak (30. min.). 3-0: Iñigo Perezek (42. min.). 4-0: Adurizek (50. min.). 5-0: Susaetak (57. min.). 6-0: Iraolak (84. min.). Epailea: Bulent Yildirim (Turkia). Txartel horia Helsinkiko Lindstromi. Bestelakoak: 30.000 ikusle San Mamesen.

Auskalo zenbat lagunarteko partida jokatu dituen Athleticek atzo iluntzean Helsinkiren aurkakoa baino askoz gogorragoak. Denak, agian, ez; baina, gehienak, bai. Europako Ligako ligaxkan aritzeko azkenaurreko pausoa zen atzokoa. Ustez, gogor samarra. Finlandiako Ligako egungo txapelduna, bertako talderik osoena eta indartsuena. Azalpen potolo horrekin iritsi zen Helsinki San Mamesera. Baina oso maila apalean aritu ziren finlandiarrak. Partida guztian ez ziren gai izan bi pase jarraian emateko. Eta aurkaririk gabe, gozatzea ez da hain zaila. Ukitu eta ukitu ekin zion Athleticek partidari, eta inolako presiorik gabe, golak sartu eta sartu, zuri-gorriek erabat bideratuta utzi zuten kanporaketa. 6-0. Hurrengo ostegunean lotsagarri jokatu beharko luke Athleticek Europako Ligatik kanpo geratzeko. Ezinezkoa da huts egitea.

Bilbo aldean ez daude unerik gozoenean, besteren artean hautsak harrotu dituelako Fernando Llorente eta Javi Martinezen egoerak. Kirol arlotik kanpoko kontuak ahaztu asmoz ligari ekin, eta han ere huts egin zuten bilbotarrek, Betisen aurka 3-5 galduta. Horregatik, giroa baretze aldera, oso mesedegarria izango da atzoko garaipen argia. Bost minutu nahikoak izan ziren Helsinkiren mailaren berri izateko. Oso atzean sartuta ekin zion partidari Muurinenen taldeak, eta nahi izan zuen guztia egin zuen Athleticek, hasi eta bukatu. 8. minuturako sortu zuten lehen aukera argia zuri-gorriek, Iraolaren erdiraketa onean. Helsinki, berriz, partida guztian ez zen ia hurbildu ere egin Iraizozen atera.

Erabat nagusi zirela, Iturraspe, De Marcos, Aduriz eta San Joseren lau aukera onen ondoren, donostiarrak sartu zuen etxekoen lehen gola, 24. minutuan, burukada zoragarri baten bidez (Adurizek hegan egiten du burukada bakoitzean). Iraolarena izan zen erdiraketa. Sei minutu geroago, berriz, Susaetak bidali zuen baloia sareetara, beste burukada batekin. Dotore atera zuen kornerra Iñigo Perezek. Eta gainerakoei pase neurtuak eman ondoren, falta jaurtiketa batean berak ere gola merezi zuela pentsatu zuen ezker hegaleko atzelariak. Atezainak erabat oker kokatu zuen hesia, baina behar zen lekura bidali zuen baloia Iñigo Perezek.

3-0ekoarekin amaitu zen lehen zatia, eta datuak harrigarriak ziren. Helsinki jaurtiketa bakar bat ere egin gabe; Athletic baloia berea balitz bezala jokatzen; Iraizoz izerdi tanta bakar bat ere bota gabe... Bielsak ez zuen aldaketarik egin bigarren zatian, eta partida bera ere ez zen aldatu. 50. minutuan, Adurizen gola, 4-0ekoa, Isma Lopezek erdiratutako baloia takoiarekin sareetara bidalita. Eta 57. minutuan, Susaetaren jokaldi luze eta landuan, 5-0ekoa. Erabat jota zeuden finlandiarrak.

Langara, eta seigarrena

Estutzen jarraitu zuen Athleticek, eta seigarrena eskura izan zuten Ibaik 60. minutuan, San Josek 62.ean, Herrerak 66.ean edo Isma Lopezek 76.ean. Baina nola edo hala itxi zuen atea Wallen atezainak. Marka da gero, baina ia zelai erditik egin zuen Helsinkik partidako jaurtiketa bakarra, 83. minutuan. Dotore astindu zuen baloia Mattilak, eta atzeraka-atzeraka, larri ibili zen Iraizoz. Langa jo zuen baloiak, baina atezainari txistuka hasi ziren zaleetako asko. Horixe partidako albisterik txarrena, Betisen aurkako partidan gertatu bezala, atzo ere Iraizoz estu hartu zutela askok. Lasaitze aldera, hurrengo jokaldian sartu zuen Iraolak 6-0ekoa. Aurkaririk gabeko jolasa izan zen atzokoa Athleticentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.