Taldekide berri ugari izan dira gaur Eibarren denboraldiko lehen entrenamenduan, Areitioko instalazioetan. Aro berri bat hastear den seinale da hori. Iñaki Goikoetxea izan da berritasun nagusia. Debako entrenatzaileak estreinakoz zuzenduko du talde bat gorenean, eta ez du batere lan makala aurretik. Yerai Martinek azken hiru denboraldietan egindako lan onari segida eman ez ezik, taldearen bizkarrezurra ere osatu beharko du, joan den sasoiko hamahiru jokalarik ez baitute taldean jarraitzen; tartean, Ane Campos kapitain ohiak. Joandakoen hutsunea betetzeko, Rocio Canal buru duen kirol zuzendaritzak —Jordi Torresen lekua hartu du— 11 jokalari fitxatu ditu. Klubak gaur iragarri ditu azken bi fitxaketak: Garazi Facila eta Amaia Iribarren. Athleticetik iritsi dira, denboraldi baterako, utzita.
Jokalari guztiak entrenatu dira Goikoetxearen aginduetara, Emma Moreno izan ezik. 19 urtez azpiko Europako Txapelketa irabazi du Espainiako selekzioarekin, eta datozen egunetan batuko da taldera. Taldeko kideez gain, harrobiko sei jokalari hauek arituko dira denboraldiaurreko lan saioetan: Zorione Etxebeste eta Garazi Aurrekoetxea atezainak, eta Marta Lopez de Gereñu, Uxue Gezala, Noa Ruiz, Iraia Yerobi eta Intza Apellaiz.
Emakumezko talde baten lehen entrenatzaile moduan estreinako aldia izango duen arren, Goikoetxeak badu aurretik eskarmenturik. Gonzalo Arkonada Realeko entrenatzaile ohiaren talde teknikoan jardun zuen hiru denboraldiz, eta 2018-2019ko sasoian Espainiako Kopa altxatu zuten. Natalia Arroyoren laguntzailea ere izan zen lehenengo denboraldian. Alboan Gorka Alvarez izango du. Orain arte talde txuri-urdinaren harrobian aritu da, eta azken hiru denboraldietan Realaren emakumezkoen bigarren taldeko entrenatzailea izan da.
Hirugarren denboraldia osatuko du Eibarrek gorenean, joan den sasoian zortzigarren postua lortu ondoren. Horri esker, denboraldi honetan Espainiako Kopan ez du aurrekanporaketarik jokatu beharko. Canalek bere aurkezpenean adierazi zuen klubaren proiektuari «jarraipena» eman nahi diola. Jokatzeko moduari dagokionez, bai Canalek bai Goikoetxeak adierazi zuten orain arte Yerai Martinen taldeak izan duen jokatzeko moduari eutsiko diotela: baloia aurkariaren esku utzi, atzean sendo ibili eta bizi-bizi kontraerasora atera.
Ane Campos, Athleticera
Taldea utzi dutenen artean, hutsunerik handiena Ane Campos kapitain ohiarena izango da. Aurrelari getariarra Athleticera joan da, eta 2029ra arte sinatu du. Camposek sei denboraldi osatu ditu Eibarren, eta taldeak egin duen behetik gorako bidean giltzarri izan da; baita Espe Pizarro aurrelaria ere.
Aurrean ez ezik, atzeko lerroan ere jokalari garrantzitsuak galdu dituzte. Bost denboraldiren ondoren, Noelia Garcia atezainak ez du klubean jarraituko, ezta Elba Verges atzelariak ere. Taldea utzi dute jokalari hauek ere: Maria Miralles, Andrea Sierra, Andrea Alvarez, Bernadette Amani Kakounan, Annelie Leitner eta Eva Van Deursenek. Horiez gain, Eider Arana atzelaria eta Margherita Monnechi aurrelaria utzita etorri zirenez, beren taldeetara bueltatuko dira, Athleticera eta Fiorentinara, hurrenez hurren. Mariana Cerrok, berriz, futbola utzi du.
Gazteen aldeko apustua
Joko horri distira ateratzeko helburuz, Eibarrek 11 jokalari fitxatu ditu. Etxezarreta izan ezik, jokalari gazteen aldeko hautua egin du klubak, bai beheko mailan goiko postuetan aritu diren taldeetatik jokalariak ekarrita, baita gorengo mailan jokatu dutenak ekarrita ere. Lehenengo multzokoak dira Laura Marti atezaina, Alimata Belem atzelaria, Adela Rico eta Elena Valej erdilariak, eta Emma Moreno eta Sara Martin aurrelariak.
Marti, Belem eta Valej jokalariek bi denboraldirako sinatu dute, eta aurreko denboraldian Espainiako Federazioaren Lehen Mailan jokatu zuten: AEM Lleidan, DUX Logroñon eta Osasunan, hurrenez hurren. Morenok eta Martinek egina dute debuta gorenean. Lehenak aurreko sasoian egin zuen Atletico Madrilekin, eta Martinek orain hiru denboraldi, Real Madrilekin. Moreno utzita iritsi da, eta Martinek denboraldi baterako sinatu du; baita Ricok ere. Erdilariak orain arte Cacereñorekin jokatu du.
Lehen Mailan esperientzia duten jokalariak ere iritsi dira Eibarrera, denak euskal herritarrak: Eunate Astralaga atezaina, Ane Etxezarreta eta Garazi Facila atzelariak, Amaia Iribarren erdilaria, eta Iara Lacosta aurrelaria. Astralaga, Facila eta Iribarren Athleticek utzita arituko dira. Astralaga aurreko denboraldian ere utzita aritu zen bertan. Iribarrenek eta Facilak gorenean jokatu zuten joan den sasoian; lehenak, Granadan, eta bigarrenak, talde zuri-gorrian. Biak ala biak Osasunan zaildutakoak dira. Iara Lacosta ere Osasunako harrobian hazitakoa da, eta joan den denboraldian Espanyolekin egin zuen debuta gorenean. Etxezarretak, berriz, bi denboraldirako sinatu du. Hamarkada bat Realean egon ostean, etxetik gertu bilatu du taldea beasaindarrak.
Lagunartekoei dagokienez, hilaren 26an jokatu dute lehena, Logroñoren aurka; abuztuaren 3an Madril CF izango dute aurkari, eta handik hiru egunera, abuztuaren 6an, Oviedoren aurka neurtuko dituzte indarrak. Abuztuaren 9an, berriz, Osasunaren aurka jokatuko dute. Euskal Herria Kopari, berriz, abuztuaren 16an ekingo diote, Athleticen aurka. Hor lortzen duten emaitzaren arabera, abuztuaren 23an edo 24an, Realaren edo Alavesen kontra jokatuko dute.