Khimki 77-85 Kirolbet Baskonia

Aurreko sasoiaren pare

Partida hasiera eta amaiera on bati esker irabazi du Baskoniak Errusian. Bete-betean sartu da zortzi onenen borrokan, zazpi garaipenekin

Baskoniako Shavon Shields baloiarekin, atzoko lehian. SERGEI ILNITSKY / EFE.
ainara arratibel gascon
2018ko abenduaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Khimki.Bost (8), Jenkins (13), Crocker (3), Zubkov (3), Thomas (5) —hasierako bostekoa—; Zaitsev (1), Markovic (14), Monia (6), Mickey (19) eta Vialtsev.

Kirolbet Baskonia.Marcelinho (5), Janning (12), Shields (15), Voigtmann (14), Poirier (6)—hasierako bostekoa—; Vildoza (10), Diop (1), Xengelia (8) eta Hilliard (14) eta Kurucks ().

Markagailua. 19-27; 36-43 (atsedenaldia);58-57; eta 77-85. Epaileak. Javor, Difallah eta Radojkovic. Khimkiko Jenkins kanporatu dute bost faltengatik. Bestelakoak. 3.911 ikusle Mytishchi Arena pabiloian.

Kirolbet Baskoniak aurreko sasoian lortutako garaipen kopuru berarekin amaitu du Euroligako ligaxkako lehen itzulia, zazpirekin, atzo Khimkiri irabazi eta gero: 77-85. Norgehiagoka hasiera eta amaiera on bati esker lortu zuen garaipena, eta azken lau partidetatik hiru irabazi eta gero, konfiantzaz eta itxaropenez helduko dio ligaxkaren bigarren itzuliari, bete-betean sartu baita zortzi onenen artean sailkatzeko borrokan. Gainera, bi garaipenera utzi du Khimki.

Baskoniak bazekien atzoko partida garrantzitsua zela. Hala, hasieratik hautsi nahi izan zuen lehia. 0-7 jarri zen aurretik, eta3-12ko errenta ere izan zuen (4. min). Horrek lasaitasuna eta konfiantza eman zien arabarrei, eta, Khimki bi puntura gerturatu zen arren (15-17, 8. min), abantaila on batekin amaitu zuen lehen laurdena: 19-27. Defentsan eta talde lanean oinarritu zuen errenta hori, eta bigarren laurden hasieran ere hala segitu zuen. Lehen bost minutuetan lau puntu baino ez zituen sartu etxeko taldeak.Baina partidako alderik handiena zuenean, (21-36, 16. min) zertxobait gutxiago estutu zuen defentsan. Euroligan hori ordaindu egiten da, eta Mickeyren eta Marcovicen eskutik etxeko taldea suspertzen hasi zen.

Are gehiago, hirugarren laurdena hasi eta gutxira, jokaldi batean Xengeliak saskia apurtu zuenean. Partida 36-45 zihoan, eta ordu laurdenetik gora egon zen etenda lehia. Bueltan, Khimik hiru hiruko sartu zituen ia segidan, eta aurretik ere jarri zen: 53-52 (29. min).

Berriro ere hortzak estutu behar, azken laurdena atzetik hasi baitzuen Perasovicen taldeak. Irabazteko, bazekiten lehia hasieran bezala defentsan oldarkor aritu behar zutela, eta hala egin zuten. Erasoan, berriz, erabakigarria izan zen Hilliarden ekarpena. Izan ere, artean saskiratzerik sartu gabe zegoen, baina hamar minutuan 11 sartu zituen. Huertas eta Voigtmann ere fin aritu ziren. Puntu aldeari begira, pena izan zen zazpigatik irabazi izana, lehia amaitzeko bi minutu falta zirela hamalaukoa baitzen: 70-84.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.