Ruben Beloki. Asegarceko pilotaria

«Aurrekoan, semeak esan zidan: 'Aita, ez ezazu har erretiroa'»

Imanol Magro Eizmendi.
Burlata
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Agendatxo bat erosi du azken egunetako elkarrizketa eskaerak ez ahazteko. Askok hitz egin nahi dute harekin, eta ondo kudeatu du uholdea. «Eskertzekoa da; hemeretzi urteotan zerbait ondo egin dudan seinale». Barrez hartu du Ruben Belokik (Burlata, 1974) BERRIAk eginiko eskaera, bere izena duen plazara joatea argazkiak egitera. «Aspaldi ez naiz joan. Plaza libre txiki bat dago, eta jendeak bertan jokatzen du; hori bai, palaz bakarrik». Bere plazan esku-huskarik ez ikusteak amorrua ematen dio.

Plaza eta guzti, orduan.

Oso gaztea nintzen alkateari nire izena plaza bati jartzea bururatu zitzaionean; 22 urte izango nituen, eta lotsa eman zidan. Halakoak lanbidea bukatu duen edo hiltzen den jendearekin lotzen ditut.

Orain jarri izan baliote sikiera...

Normalagoa ikusiko nuke, eta aizu, harro nago plaza izateaz. Erretiroa ibilbideko beste une bat da, eta gaur iritsiko da.

Zergatik orain? Nola daramazu?

Prentsaurrekoa eman nuenetik askoz hobeto daramat. Eta zergatik orain? Ia hogei urte daramatzat jokatzen, eta noizbait egin beharra dago. Ikusten dut nik baino maila hobean jokatzen duen jendea badagoela, eta ez zait gustatzen irabaz diezadatela.

Erabakia bizkortu zuen zerbait gertatu al zen?

Udan erabaki nuen. Partidetan nire onena eman nuen, binakakoan sartzeko lehian sartzeko, baina partida jakin batzuetan garbi ikusi nuen ez nintzela txapelketan sartuko. Uste dut maila onean aritu naizela aurten, baina enpresak gazteen alde egitearen erabakia zuzena iruditzen zait.

Etxekoek zer esan zizuten?

Pena eman zien, batez ere aitari. 80 urte ditu; beti ikusi nau pilotan jokatzen, eta toki guztietara joan zen nirekin... penatuta dago. Baina tira, ulertu du, eta denborarekin ikusi du erabaki ona dela. Semea, berriz, orain hasi da pilotan; erretiroa hartu behar dudala esan diot, eta hark ez du nahi: «Aita, ez ezazu har erretiroa», esan zidan aurrekoan.

Ez zizun ilusioa egiten hogei urteko ibilbidera iristeak?

Egiten zidan ,bai, baina tira, erlatibizatu egin behar da, eta hemeretzi eta erdi izango dira.

Enpresaren ikuspegitik amu ona izan zitekeen jaialdiak saltzeko.

Enpresak iradoki zidan: jaialdi bat, edo gehiago. Donostian txapel asko irabazi ditut; jaialdi asko jokatu ditut Tolosan… Baina hori ez dator bat nire izaerarekin. Ni lotsatia naiz, eta jaialdi bakarra nahi nuen. Egun bat, eta kito.

Pilota profesionala aldatu al da?

Bai, asko. Umea nintzela egin nuen debuta, 18 urterekin, eta asko aldatu da. Nik pilotaleku zurietan egin nuen debuta, ia itsaskin eta telebistarik gabe… Eugik eta biok, 1992az geroztik, pilotaren aldaketa guztia ikusi dugu. Lehengoekin jokatzen hasi ginen, eta Retegi II.a, Galarza III.a belaunaldi berri honen aurka jokatzera iritsi gara. Pilotaren booma bizi izan dugu; 3.000 lagunentzako pilotalekuak… Pilota erabat aldatu da, baina muinean jokoa bera da.

Iritsi zinenean baino hobeto edo okerrago dago?

Gu hasi eta hamar-hamabi urtera, ikaragarri igo zen; eta, ordutik, iraun egin du. Agian zenbait arlotan jaitsi da: ikusle kopurua… Krisia da, eta pilotara iritsi da. Pilotazale ez den jende askok finalak ikusten ditu bakarrik, eta «pilotalekuak beti betetzen dira», dio, baina ez da egia, urtea oso luzea da, eta pilota egun dagoen puntuan gauzak ondo egin behar dira iraun dezan.

Aspek eta Asegarcek inoiz bat egingo al dute? Zer susmo duzu?

Ezetz uste dut, baina egingo balute, ez litzateke harritzekoa izango. Dena den, ez dut uste. Are gehiago, mesedegarria da bi enpresa egotea; lehia hori zaleak berea balitz bezala sentitzen du, eta nik uste dut ona dela afizioa sortzeko.

Debuta nola oroitzen duzu?

Oso ondo gogoratzen dut, duela sei edo zazpi urteko edozein partida bezainbeste. Hura ikaragarria izan zen: jendea, artekarien oihuak; ordura arte artekaririk gabe jokatu izan nuen. Jendea... Burlata osoa zegoen Donostian, Unanue… Ahazten ez dituzun partida horietako bat da.

18 urterekin pilota dominatu behar zenuela entzuteak eragin al zizun?

Beldurra eman zidan, orduan profesional mundua triste zegoelako, eta jendea begira zenuen. Eugik eta biok bultzada eman genion.

Eugi pare bat aldiz izendatu duzu; zer esan zizun erabakia jakitean?

Bilbon izan zen; ordurako aldagelan jakina zen erretiroa hartu behar nuela, eta zera esan zidan: «Oraindik ezin dizute irabazi eta!». Egun hartan ondo jokatu nuelako esan zidan, 22-21 galdu arren. Bakoitzari bere garaia iristen zaio, eta hark ere goiz utzi zuen.

Pilotaren historia liburuan, 'XX. mende bukaera, Eugi eta Belokiren aroa' izeneko atala egongo da.

Agian bai; zergatik ez? Nik beti esan dut: handi baten aurka borrokatzen zarenean, handiago egiten zara, galdu arren.

Pilota berpiztu al zenuten?

Bai, hala uste dut. Haizea eman genion profesional munduari. Eugik urtebete lehenago egin zuen debuta, eta Olinpiar Jokoei uko egin zienez, zeresana eman zuen. Pilotari bultzada eman genion, eta gero pilotak asko eman digu. Gazte asko orduan sartu zen frontoian. Orain Labriten ikusten den giroa gurekin hasi zen.

Egungo belaunaldia hobea al da?

Zabalagoa da; bost zazpi pilotari bikain dira. Gu baino hobeak, ez dakit; Eugik eta biok maila ona izan genuen, baina ziur nago, egun, puntan daudenekin egongo ginela. Euren jokora moldatuta? Ez dakit, baina jokoa duenak baditu armak edozeinen aurka lehiatzeko. Barriola egun egiten ari den bezala egokituko ginen. Dena den, benetan diot egun dugun belaunaldia errepikaezina dela: kalitatea eta kopurua da. Bere garaian Retegi II.a, Galarza III.a eta Tolosa ziren; gero Eugi, Beloki, eta Arretxe eta Errandonea hor zeuden… Baina orain zazpi edo zortzi hautagai daude.

Gehien harritu zaituen pilotaria?

Titin. Gehien harritu nauena, eta gehien harritzen nauena; egunero harritzen nau. Joan den astean sekulako partida jokatu zuen. Erretiroa noiz hartuko duen? Atzelari ona jartzen badiote, binakako txapelketa irabazteko gai da! 43 urte betetzear, bizi guztia darama puntan, eta oraindik Xala eta Irujorekin mokoka.

Ruben Beloki: «Lehiaketa droga bezalakoa da».

Txikitatik egin dudana delako, GRAVNak, txapelketak... Gazte gaztetatik buruz buru jokatu dut, eta pilota niretzat lehia izan da. Pilota udak bikainak dira, zalantzarik gabe, partida politak, baina lehia beste gauza bat da.

Manomanista.

Dena eman dit, eta garrantzitsuena izan da. Beti izan dut buruan, binakakoa eta lau t'erdikoa jokatzen nuenean ere buruan nuen.

Lau txapel eta beste hiru aldiz txapeldunorde, baina 27 urteetatik aurrera ez zenuen beste finalik jokatu.

Une zaila zen, gazteak indartsu zetozen. Gerora urte bat izan nuen, Ruizek irabazi zuena, 2003an… Hari ligaxkan irabazi nion; arautegia ez zen bete, eta nik uste final hartan Aimarren aurka jokatzeko moduan nengoela, biok ginelako indartsuenak. Hortik aurrera jende gazte gehiago sartu zen, eta paretik kendu ninduten.

Non dauzkazu gordeta txapelak?

Garajean txoko bat egokitu dut, eta han daude erlikia guztiak.

Bisitei erakusten dizkiezu?

Ez, ez… Jendeak esaten dit, «aizu, non daude txapelak eta?», eta orduan nik esaten diet ikusi nahi badituzte erakusten dizkiedala, baina ez zait trofeoak bistan izatea gustatzen zaien horietakoa.

Non da latigo izena? Izengoitia non sortu zen? Gustuko al zenuen?

Kazetari batek jarri zidan. Eugi Agoitzeko katagorria zen. Nik eskuin kolpearekin agintzen nuen; kolpe bizia zen, eta hortik latigo izenarena. Lehenbizikoz irakurri nuenean harritu egin nintzen.

Nolakoa espero duzu partida?

Ez dakit… Seme-alabak egongo dira, emaztea, gurasoak… Urteak dira aita ez doala pilotalekura. Burlatatik jende asko joango da… Berezia izango da. Maila eman nahi dut; jendea gustura egon dadila. Gero, elkartean mokadutxoa egingo dugu. Bidea bukatu da, eta ospatu beharra dago.

Titin III.a-Beloki, Bengoetxea VI.a-Beginoren aurka… Apustuetako dirua ez duzue alde izango.

[Barre algara] Esan nion enpresari partida handia dela, baina bi zaharrek elkarren aurka jokatzea arraroa zen. Oinatzengan konfiantza dut; ea erlaxatzen diren. Nik, dena den, oso gustura jokatuko dut Augustorekin.

Azken urteetan lesioak gurutze-bide izan dira zuretzat.

Denetarik izan dut. Okerrena belauna izan zen: ebakuntza ez egitea, jarraitzea… Aurten hobeto nago, baina mina hor dago. Gerria? Orno bat ukitua dut, eta hatz lodikoa zorte oso txarra izan zen, manomanistako finalerdietan gainera. Dena pilatu egiten da; 35 urtetik aurrera sei hilabeteko geldialdiak egiteak jota uzten zaitu.

Eskutik sindikatuko presidentea izan zinen.

Oroitzapen ona dut, baina sartuta egon zen jende askok garesti ordaindu zuen. Pilotariek gizarte segurantza izan zezatela nahi genuen. Orain gazte batek debuta egiten du, eta lehen egunetik du gizarte segurantza; nik, aldiz, hogei urteko ibilbidea egin eta zortzi pasatxoko kotizazioa baino ez dut. Pentsa, garai haietan ezin ginen joan osasun zerbitzu publikora.

Denborak eta epaitegiek aurrerago arrazoia eman zizueten.

Hala da, eta egun oso normaltzat ikusten da, horrela behar duelako. Gu langileak gara, eta bere egunean borroka egin genuen.

Emaiozu aholkua debutari bati.

Pazientzia izatea, ez amore ematea eta zeure buruan sinestea. Epeak asko murriztu dira, orain debutatzen duena ez da hamabost urte egongo; orain ez bazara bizkor nabarmentzen, badakizu zer dagoen... Telebista da dena, eta jendea aurpegiekin bizkor nekatzen da.

Hor, okerrera egin du pilotak.

Argi dago, baina gaur egun kirola halakoa da. Kirolean ez dago pazientziarik, ez pilotariekin, ez futbolariekin, ez zezenketariekin… Denak bat-batean iritsi behar du.

Gazteak nola ikusten dituzu?

Gora iristea kostatzen ari zaie, baina kontuan hartu behar da aurrekoak oso onak eta asko direla. Albisu, Merino II.a, Idoate, Zabaleta… Horiek sartzen ari dira, baina kontuan hartu behar da besteek oraindik 30-31 urte dituztela, eta horiek hortik kentzea zaila izango da. Atzelariak iritsiko dira, baina aurrelari gazteei asko kostako zaie horiek kentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.