Laboral Kutxako txirrindularia

Usoa Ostolaza: «Aurreneko hamarren artean sartzen saiatuko naiz»

Sasoi bikaina egiten ari da Ostolaza, eta onenekin lehiatzeko moduan dela berretsi du. Orain, Itzulian, bai taldeak eta bai berak segida eman nahi diote egiten ari diren lan onari. Lasterketa gaur hasiko da, Zumarragan.

Usoa Ostolaza Laboral Kutxako txirrindularia. RAFA GOMEZ / SPRINT CYCLING AGENCY
Usoa Ostolaza Laboral Kutxako txirrindularia. RAFA GOMEZ / SPRINT CYCLING AGENCY
inigo lasa fresneda
2025eko maiatzaren 16a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxeko lasterketa iritsi da. Gaur hasiko da Euskal Herriko Itzulia. Hiru etapa izango ditu: Zumarraga-Agurain (148,5 km), Ugao-Igorre (116 km) eta Donostia-Donostia (112,6 km). Gogotsu ekingo dio Usoa Ostolazak (Zarautz, Gipuzkoa, 1997). Espainiako Vueltan hamabigarren izan berri da, eta, etxean atseden hartzeko egun gutxi batzuk izan ostean, berriro ere sasoiko dagoela erakusteko irrikaz dago.

Ondo sentitu zara Espainiako Vueltan. Konfiantzaz egongo zara, ezta?

Konfiantzaz oso ondo nago, zalantzarik gabe. Espero baino hobeto ibili naiz, eta horrek sekulako indarra eman dit Itzulirako.

Munduko ziklistarik onenak, zazpi egun jarraian… Espero al zenuen hor goian egotea?

Espektatiba guztiak gainditu ditugu. Vuelta hasi aurretik horrela ibili behar genuela esan baligute, ez genuen sinetsiko. Baina behin hor barruan zaudela, beti nahi duzu gehiago. Hirutan sailkatu gara hamar onenen artean, Ane Santestebanek mendiko sailkapena irabazi du, nik hamabigarren amaitu dut sailkapen nagusian… Emaitzak oso positiboak izan dira. Are gehiago kontuan izanda gu ez garela World Tourreko talde bat, eta munduko onenen aurka lehiatu garela.

Pena azken eguneko eroriko hori azken mendatearen magalean…

Neilako aintziretako etapan bosgarren amaitu nuen, eta hanka onak nituela konturatu nintzen, eta beti nahi duzu gehiago. Zortzigarren postuan iritsi nintzen azken egun horretara, eta, gutxienez, postu horri eutsi nahi nion. Cotobello mendatetik bi kilometrora erori, eta lasterketatik kanpo gelditu nintzen. Halere, nuen guztia eman nuen. Hamabigarren postuarekin konformatu behar izan nuen. Pena hori dut, noraino hel nintekeen ikusi nahi nuelako.

Zoritxarrez, unerik txarrenean erori zinen, azken mendatea igotzen hasi baino lehen. Pentsatu al duzu non buka zenezakeen erori izan ez bazina?

Egia esan, bai. Buelta asko eman dizkiot: zenbat segundo galdu nituen kalkulatzen ahalegindu naiz, non egongo nintzen… Halakoak begiratzen ibili naiz. Erori ondoren egoerari buelta ematea ez da batere erraza, baina oso gustura nago izan nuen erreakzioarekin. Dena eman nuen, atzetik aurrerako igoera bat egin nuen, nire erritmoa hartuz. Indartsu sentitu nintzen. Inoiz ez dugu jakingo zer gertatuko zatekeen, auskalo. Egindakoa eginda dago, ondo nago, eta onenekin batera egon naitekeela ikusi dut.

Zeinen garrantzitsua den burua horrelakoetan, ezta?

Dena burua da. Kirolaren parte oso handi bat burua da. Sasoia eta hori guztia entrenatu egiten da: egonaldiak, entrenamenduak, elikadura… Baina dortsala jantzi eta lehiatzen ari garenean, dena ematen eta erabaki onak hartzen laguntzen duena burua da. Sufritzeko orduan, buruak zeresan handia du.

«Dortsala jantzi eta lehiatzen ari garenean, dena ematen eta erabaki onak hartzen laguntzen duena burua da»

Oraindik minik ba al duzu?

Ez, zorionez ez nuen min handirik hartu. Gorputz osoko mina dut, kolpe dezente… Baina ez daukat ezer larririk. Zorte txarra ziklismoaren parte da, eta jada Itzulian pentsatzen ari naiz.

Ia atsedenik hartu gabe, etxeko lasterketa. Gogotsu al zaude?

Itzulia beti da berezia. Maiatza oso hilabete garrantzitsua izaten da, goi mailako lasterketa asko daudelako, eta hau, etxekoa izanik, egutegian gorriz markatuta edukitzen dugu. Etxeko taldean, Laboral Kutxa, etxeko jendea, etxeko errepideak… denak egiten du berezi lasterketa hau. Ahalik eta gehien gozatzen ahaleginduko naiz.

Erakutsi berri duzun pedal kolpearekin, gainera, ohi baino gogo handiagoekin egingo diozu aurre, ezta?

Orain ikusi nahi dudana da berriro bizikletara igotzean gorputzak nola erantzuten didan erritmo bizian joaten garenean. Espero dut sentsazio onekin jarraitzea. Ez da erraza pedal kolpe ona aurkitzea, asko kostatzen da, eta, gainera, sasoi honi denboraldi osoan eustea ezinezkoa da.

Ibilbidea zer iruditzen zaizu?

Beste urteetan baino menditsuagoa da. Hiru etapek dute desnibela eta zailtasuna. Hirugarren etapa, beti bezala, Donostiakoa da. Aldaketa bakarra du: aurten Oriotik igoko dugu Igeldo [Mendizorrotzetik]. Gustatu zait aurtengo ibilbidea. Aukeran, nik nahiago etapa gehiago izango balira. Zenbat eta etapa luze eta gogorragoak, orduan eta hobe niretzat.

Lehengo etapatik—Zumarraga-Agurain—desnibel dezentekoa dago, eta bigarrena ere oso gorabeheratsua da: Ugao eta Igorre artekoa.

Ziurrenik, bi etapa horiek esprintean amaituko dira; multzo txiki bat iritsiko dela uste dut. Mendateak helmugatik urruti daude. Ez dakit lasterketa nola joango den; sailkapen nagusiko faboritoek nola jokatzen duten ikusi beharko da.

Hirugarren etapa da ezagunena, Donostiakoa. Bertan erabakiko da dena, edo aurretik gauzak bideratuta egongo direla uste duzu?

Aurreko etapak gogorrak dira, eta, aurten, azkeneko etapara gauzak ondo bideratuta irits daitezkeela uste dut. Halere, aldea ateratzeko egunik errazena hirugarrena da. Aurreko etapetan seguru jendea saiatuko dela, baina Donostiako etapan Jaizkibeldik tropela asko murrizteko aukera dago. Gero Igeldo dator. Igoera gogorra da, eta helmugatik gertu dago.

Zer asmorekin zoaz zu?

Helburu zehatzik ez dut. Nahiz eta ni ondo aritu, partaidetzaren araberakoa izango da nire emaitza; beraz, ez noa postu jakin baten bila. Baina ondo nagoela ikusita, sentsazio onei jarraipena eman eta aurreneko hamarren artean sartzen saiatuko naiz. Lehenengo, baina, gorputzak nola erantzuten duen ikusi beharra dago.

Eta taldea?

Bolada onean segitzea da helburua. Etxeko lasterketetan dinamika onarekin segitu nahiko genuke. Etapak eta sailkapen orokorrean postu on bat lortzeko borrokatzen saiatuko gara.

Garaipenaren lehian, denen ahotan Demi Vollering agertzen da. Lehiakiderik izango al du?

Parte hartzaileen zerrenda alde batera utzita, uste dut Volleringek oraintxe bertan ez duela aurkaririk. Hemen ez du goian amaitzen den etaparik, horretan bera baita onena. Ikusi egin beharko da zer estrategia erabiltzen duen aldeak egiteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.