Auto barruan kaskoa jantzita

CAF Transport Engineering proiektuari helduta, zuzendari lanetan murgildu da Eneritz Iturriagaetxebarria bizkaitarra. «Galdu samar, baina ilusioz gainezka» ekingo dio gaur Emakumeen Birari.

unai zubeldia
2014ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Autoko pedalei eragiten hasi ez zenean! «Oso arraro sentitu nintzen bolanteari helduta». Baina hasi arteko kontua izan zen dena. Ia gehienetan bezala. «Gozatu egin nuen gero, eta tranpa txiki batzuk ere ikasi ditut jada!». Oharkabean, eta maillota kentzeko ia denborarik gabe, zuzendari lanetan murgildu da Eneritz Iturriagaetxebarria (Abadiño, Bizkaia, 1980). CAF Transport Engineering; hori da proiektuaren izena. «Gazte mailako txirrindulariekin eta atzerritarrekin osatutako taldea da gurea». Gaztetxoenek herenegun eduki zuten benetako lehen azterketa, Durango-Durango klasikoan. Eta Iturriagaetxebarriak ere Durangon ikusi zuen bolanteari helduta ere gogotik sufritzen dela lasterketetan.

«17 urte dauzkate gaztetxoenek, garapenak erabat desberdinak dira... Eta, hala ere, gehienek amaitu zuten Durangoko proba. Oso pozik gaude, horixe zelako helburua. Taldea lehen aldiz ari da lehian, eta esperientzia pilatuz joatea da erronka». Orica, Rabo, Hitec, Lotto, Astana... Egitura erraldoiak dira horiek guztiak, eta kadete eta gazte mailako txirrindulariek osatutakoa da CAFen egitura —Emakumeen Bira ZKEren taldea da—. «Orain hiru urte sortu zen proiektua, eta Agustin Ruiz Bizkaiko Federazioko presidentea eta Emakumeen Birako burua da taldeko managerra».

Eskaintza, natural-natural

Agustin Ruiz. Hura da Eneritz Iturriagaetxebarriak proiektuari baiezkoa eman izanaren erruduna. «Durango-Durangon eta Biran gaztetxoek parte har zezaketela, 23 urtez azpikoren bat ere bazegoela tartean, talderik gabe zeuden atzerritarren batzuk ekar zitzakeela... Zergatik ez dugu, ba, parte hartuko?». Natural-natural egin zion eskaintza Ruizek abadiñarrari. «Bazekien horrelako kontuez ez nuela ezertxo ere jakin nahi —elikadura alorrean murgilduta dabil, eta txirrindulariei entrenamenduak prestatzen dizkie—, baina, nik entrenatzen ditudan gaztetxoak dauzkanez taldean, ba...». Baietz, egingo zituela zuzendari lanak.

Baietz esatea izan zen errazena, errepideak nolakoak ziren gogoratu behar izan duelako lehenago. «Ia bi urte igaro dira txirrindularitza utzi nuenetik, eta mundu horretatik erabat kanpo ibili naiz tarte honetan». Autoan nola sartu asmatu ezinik ibili zen herenegun, baina hastea izaten da, gehienetan, lanik zailena. Bitxikeria gisa, barrez kontatu du eguna nola hasi zuen. «Zuzendarien bilerara iristean harrituta begiratu zidaten denek, han zertan nenbilen galdetuz bezala edo».

«Alde ikaragarria» nabaritu du pedalei eragitetik auto barruan joatera. «Zeinen ondo nenbilen ni bizikleta gainean!». Eta maillotik jantzi gabe ere dezente sufritzen dela gaineratu du. «Lehiatzen nueneko mentalitatea daukat oraindik, eta batzuetan ezin nuen sinetsi taldeko gazteenek nola ez zituzten ikusten nik antzematen nituen hainbat mugimendu». Egunotan psikologo lana egin du haiekin. «Ez delako erraza izango Emakumeen Birako etapa bakoitzean Marianne Vos, Emma Johansson eta horiengandik hogei minutura baino gutxiagora helmugaratzea. Horregatik ari naiz egiten mentalizazio lan hori».

«Munstro» horiek aipatuta, Bira «gogorra» espero du bizkaitarrak. «Vos ondoan ikusi, eta beldurtu egiten dira gehienak, baina lasai egoteko esaten diet, ez duelako inor jango». Hori bai, Durangon eman zuen «erakustaldiarekin», herbeheretarra da faborito argia bizkaitarrarentzat. «Dudoletan gora Emma Pooleyk erasoa jo zuenean, 100 metro nahikoa izan zituen parean jartzeko. Harrigarria izan zen».

Gaur hasiko da Bira, Iurretan, eta igandean amaituko da, Ataunen. CAF Transport Engineering taldearekin batera, irteeran izango dira Bizkaia-Durango eta Lointek ere. Bi berritasun dauzka ibilbideak: erlojupekorik ez daukala eta gainsariak ezkutuan egongo direla, epaileek soilik jakingo duten lekuan —6, 4 eta 2 segundo banatuko dituzte amaieran, eta 3, 2 eta 1 tarteko helmugetan—. «Horrek ireki egingo du lehia, igotzaileei areagotu egingo zaielako protagonista izateko aukera». Garaipenak eta gainerakoak ahaztuta, CAFeko zuzendariak helburu xumeagoa jarri die bere txirrindulariei. «Amaitzea. Ezin diet ezer gehiago eskatu». Esperimentu txiki batean murgildu da. «Eta, erotu gabe, ondoren ikusiko dugu zer egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.