«Auto-stop egin behar izan banu, ez nintzateke pilotari»

Imanol Magro Eizmendi.
Barañain
2013ko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irujoren pilotari bokazioak bi oinarri ditu, gurasoen afizioa, eta etxe alboko pilotalekuan igarotako udako arratsalde luzeak

Zuk betidanik izan nahi izan duzu pilotari?

Ni beti egon naiz pilotalekuan. Hori gakoetako bat izan da; ni pilotalekuan makina bat ordu sarturikoa naiz.

Gaur egun ordu gutxiago sartzen dituzte umeek, pare bat, eta etxera.

Nik pasatzen nuen %10 ere ez. Nik ikusten dudanez, behintzat. Nik, udan, egunero lau edo bost orduz jokatzen nuen, eskuz, palaz, erraketarekin...

Umetan norbait miresten zenuen?

Batzuetan Galarza, beste batzuetan Retegi II.a. Niri pilotari profesional guztiak gustatzen zitzaizkidan.

Debutatu aurretik norbaitek harritu zintuen?

Hainbat garai zeuden: kimu kategorian herri artekoa jokatzera joan eta gazteek harritzen zintuzten. Zenbat jokatzen duten! Gero profesionaletan jartzen duzu arreta.

Gurasoak funtsezkoak dira.

Are gehiago herri batean bizita! Iruñera entrenatzera joan behar duzu, larunbatean partida Tafallan eta igandean Beran. Eta eraman behar zaituzte. Beti eskertzen diet. Argi dut auto-stopean mugitu behar izan banintz ez nintzela pilotari izango.

Zure gurasoak asko joaten dira Labritera.

Beti daude han, nik jokatu edo ez. Pilota asko gustatzen zaie. Futbola baino askoz gehiago. Nire amak futbola ez du ikusten, saskibaloia ere ez; pilota partida bat, aldiz, ez du galtzen.

Zure amak jokatzen zuen, ezta?

Herrian beti jokatu izan du, eta bere aurka jokatu izan dut. Paleta txapelketak jokatzen ikusi nuen. Aurrelaria zen, nerbioa zuen.

Amarenera irten zara orduan.

Aita ere aurrelaria zen. Jokatzen ikusi izana oroitzen dut, eta osaba. Duela 27 urte hartu zuen erretiroa, afizionatuetan. Munduko txapelketa bat ere jokatu zuen, trinketan, 1978an, Miarritzen.

Horregatik duzu gustuko trinketa?

Nik trinketan izena eman nuen Munduko Txapelketa bat jokatzeagatik, Uruguaira joateagatik, argi eta garbi, 2001ean. Aitak zilarra lortu zuen, eta nik, Uruguain, 22 urtez azpikoan, ere bai. Gero, nagusitan, Iruñeko Munduko txapelketan (2002), laugarren izan nintzen. Pilotak niri bidaia asko eman dizkit; nik sei aldiz bidaiatu dut Amerikara pilotarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.