Reala

Autokanporatze baten historia

Realak beste behin egin du kale Espainiako Kopan, hasi eta berehala. Azken 23 urtean behin baino ez da heldu final laurdenetara: 2013-2014an.

Realaren eta Kordobaren arteko partida 2012ko azaroan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
jon olano
2015eko abenduaren 17a
18:57
Entzun

Ez zen beste sasoi batzuetan baino okerrago aritu, baina kopako hamaikagarren kanporatzeak min eman die realzale askori, urtez urte historia bera errepikatzen dela-eta. Arrazoi beragatik agian, min ere ez die egin beste askori, txapelketa horretan hasi orduko kanpoan geratzera ohituta-edo.

Atzokoarekin, Realak Espainiako Koparekin duen madarikazioari segida eman zion. Izan ere, 1992-1993 sasoian final laurdenetara heldu zenetik, behin baino ez da heldu Reala hain urrun: duela bi urte, Jagoba Arrasateren gidaritzapean, finalaurrean galdu zuen Realak Bartzelonarekin.

Salbuespenak salbuespen, txuri-urdinek nekez egin dute aurrera txapelketa horretan, eta maila ugaritako taldeek utzi dute kopatik at talde txuri-urdina. Bigarren B mailakoek utzi dute zauri sakonena: Beasainek 2000-2001 denboraldian, Hospitaletek hurrengoan, Mirandesek 2004-05ean, Zamorak hurrengoan. Realzaleek gogoan dute, halaber, 2011-2012ko hura; final zortzirenetan, Mallorcak kanporatu zuen, itzuliko partidan 6-1 irabazita eta, batez ere, zazpi minutuan lau gol eginda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.