Ez, bai, ez, bai, ez, bai, ez eta bai. Ez gaude udaberrian, baina norbait Carlos Gurpegi Athleticeko jokalariaz maiteminduta dagoela dirudi. Bera ezin egon, eta bera gabe egon ezin. Auzitegi Nazionaletik berri ona atera zen asteazkenean. Lehiaketa Batzordeak, Apelazio Batzordeak eta Espainiako Kirol Diziplinako Batzordeak jarri, kendu eta berretsitako zigorra bertan behera utzi zuen Marcial Viñoly epaileak.
Gauza normala behar lukeenak harridura sortzen du. «Errekurrituta dagoen zigor bat betetzen hasteak gero zigorra kenduz gero konponezinak liratekeen kalteak eragingo lizkioke jokalariari,», argudiatu du Auzitegi Nazionaleko epaileak zigorra bertan behera uzteko. Begi-bistakoa da atzera biderik ez duen edozein behin-behineko egoeratan, aurrerapauso txikiena ematea ere arriskutsua dela. Zerk sortzen du orduan harridura? Agian ni ez naiz legegizona Auzitegi Nazionaletik iristen ohi zaizkigun behin-behineko epaiak hain zuhurrak izaten ez direlako izango da. 23 urte ditu Gurpegik. Nahiko lukete adin horretatik behera eta gora Auzitegi Nazionaletik pasatu diren hainbat gazteek zuhurtzia hori eurentzako.
Legezko bost egun poliziaren ziegetan, eta behin-behineko espetxealdia inork ihes egin ez dezan. Hori ez da, antza, konponezina litzatekeen kaltea. Marcial Viñoly epaileak dioenez, prozesuak izan dituen atzerapenak «positiboaren berri ematean eta espedientearen tramitazioan», alegia kontuan hartuta, ezinezkoa du jokalaria zigorra betetzen jartzea. Normala dirudi horrek ere, baina gurean Auzitegi Nazionalean kasuak hilabeteetan eta urteetan luzatzeak dagoeneko ez du harridurarik sortzen.Gurpegiren kasuan, behin betiko erabakia, erabatekoa, benetakoa, Auzitegi Nazionalarena, bi urte eta erdi barru iritsiko dela kalkulatzen da. Hori, bai, ezagunagoa egiten zaigu. Baliteke guztiok 2002ko irailaren 1a ahaztutakoan epaileak Gurpegi errugabetzat jotzea. Ordurako, ordea, guk ere prozesuak izan dituen gabeziak ahaztuko ditugu. Aste honetan Espainiako SER irrati kateak pasa den jardunaldian dopinaren aurkako kontrola zein taldek pasatu behar zuten aurreratu zuen. Denboraldiaren hasieran sasoi osorako egiten den zozketa izaten da kontrolena, eta sekretua behar luke. Espainiako Futbol Federazioaren ardura da, baina orain, ikusitakoa ikusita, Dopinaren Aurkako Batzordeak berarentzako hartu nahi du.
Irrati kate batek informazio hori lortu badu, Gurpegiren kasuan zer pentsatu badago. Jardunaldi bakoitzean talde ezberdin batzuei egokitzen zaie kontrola pasatzea. Agian, orain arte inork ez zuen informazio hori erabiliko jokalari zehatz batek kontrolik ez zezan pasa, baina irregulartasuna hor dago, eta gainean, susmoa.Bi urte eta erdi barru emango du epaia Marcial Viñoly epaileak. Egunen batean argituko da agian prozesuak izan dituen atzerapenak zergatik izan dituen, eta zein kaltegarria izan den jokalariarentzako orain arte jokatu ez dituen partidak. Jakingo da, agian, zer dagoen denboraldiaren hasieran egiten den zozketaren filtrazioaren atzean, eta nork zuen zozketaren berri, nork erabili zuen informazioa. Jokalariak, bitartean, jokatzeko baimena du. Hori da garrantzitsuena, bi urte eta erdian.
ATARIKO ORDUA
Auzitegi Nazionaletik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu