Hirutik bi. Kito.Bukatu dira kontuak. Bi euskal taldek jokatuko dute Espainiako Kopa Madrilen. Ez hiruk, denok nahi bezala, amets egin genuen bezala. Espero ziren biak, gainera: Baskonia eta Bilbo Basket. Gertu geratu da bigarrenez Lagun Aro, baina joan den sasoian baino urrunago. Aurreko sasoian bezalaxe, halere. Barruan egin da luze, aukera handiarekin, baina ez du asmatu asmatu behar zenean. Pena. Jaikitzea gogorra delako. Elitean mantentzea erronka duina izan arren, min ematen duelako Lagun Aroren tankerako beste talde batzuek Kopa jokatzea eta gipuzkoarrek ez. Valladolid da adibide onena. Kopa usaina dario Bilbo eta Gasteizi. Zorionak biei. Auzokoak ispilu gisa edukitzea tokatzen da Donostian. Egunen batean beste batzuen ispilu izateko esperantzarekin.
Hirugarrena. Hirugarrenez jokatuko du Kopa Bizkaia Bilbo Basketek. Gasteizen izan zen lehena, Barakaldon bigarrena eta Madrilen hirugarrena. Finalaren langa bakarrik geratzen zaio ezagutzeko. Bizkaitarrek neurria eman dute neurria eman behar zutenean, eta hori ez da erraza. Defentsa ikusgarria eginez lortu dute, gainera. 65 puntu jaso zituzten Bartzelonaren aurka, 57 Estudiantesen aurka, eta 63 herenegun Menorcaren aurka. Azken hiru partidetan aurkaria estutzeko erakutsi duten kemena erakusten badute, Bilbokoak zortzi onenen artean aise bukatuko du liga erregularra, eta Europara itzuliko dira. Denek jokatzen dute, denek dutelako defentsa makulu. Defentsan saiatzen ez denak ez du minuturik. Aaron Jacksonena da adibide onena. Izar izateko etorri zen. Izaten ari da, baina defentsan. Bera bezala, beste kide gehienak. Poltsikoan dago Kopa, baina etzi, Cajasolen aurka, etorkizun polita dago jokoan. Haiek aurkari zuzen izan daitezkeelako maiatzean.
Jaiki egin behar. Lagun Aro ez dago ondo. Primiziarik ez. Lagun Arok denboraldiro izaten du emaitza krisi larrien bat. Primiziarik ez. Aurreko sasoikoa zazpi porrotekoa izan zen. Sasoi honetakoa laukoa da oraingoz, eta bostekoa izan liteke, bihar Bartzelona baitator bisitan. Zerbait hautsi da, baina ezin jakin zehatz zer, ez baita kanpotik ikusten. Panko ez da azken bi urteetakoa, eta Baronen ezusteko efektua ere apaltzen ari da pixkanaka. Doblas eta Miralles kamuts dabiltza azken asteetan, eta defentsan taldeak lanerako grina galdu duela esan daiteke. 83 puntu Baskoniak, 88 CAI Zaragozak, aurreko asteetan 60 puntuko langa gainditu ez zuenean. Bi partida ditu jarraian etxean Lagun Arok: Bartzelona eta Fuenlabrada. Biak ez galtzea komeni. Galtzen badituzte urduritasunak irentsiko duelako Illunbe.
Abiadura hartzen. Ligako hirugarren taldeak bosgarrena hankapean ibiltzea ez da oso normala, baina gaurko Baskonia eta orain bi astekoa zeharo ezberdinak dira. Batista ez da Michael Jordan, baina denek zekiten, dakigu, zein zen Ivanovicen taldearen gabezia handiena, eta uruguaitarra hutsune horren erdian jarri da. Ez da beharrezkoa 20 puntu eta 10 errebote lortzea, jokalari on baten ekarpenaz jabetzeko. Batista erreferentzia bat da, potoloa, blokeo onak egiten ditu, jokaldiak bukatzen, eta begi ona du. Baskoniak dinamika aldatuko zuen, taldeari bultzada emango zion etorreraren bat behar zuen, eta Batista da izen hori. Hura etorri eta bi partida zail irabazi ditu Baskoniak. Beste hiru norgehiagoka ditu bistan Gasteizko taldeak: Valladolid, Malaga (Euroligan) eta Alacant. Hirurak etxetik urrun. Hiru horiek irabazita, betiko Baskonia indartsua bueltan izango da.
Espainiako Kopa. Datorren astelehenean egingo da zozketa, eta hainbat kontu gogoratzea komeni. Otsailaren 10etik 13ra jokatuko da, Madrilen. Bi finalerdi ostegunean jokatuko dira, 19:00etan eta 21:30ean, eta ostiralean beste bi. Finalerdiak, larunbatean, eta final handia igandean. Ez da gertatzen den lehenengo aldia, baina gerta liteke Baskoniak eta Bilbo Basketek elkarren aurka jokatzea finalerdi batean.
Zonakako defentsa
Auzokoak ispilu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu