Txirrindularitza

Ayuso ezkutalekutik atera da, eta Giroko zazpigarren etapa irabazi du

UAEko txirrindularia nagusitu da Giroko lehen amaiera menditsuan, helmugatik gertu erritmoz aldatuta. Haren taldekide Del Toro izan da bigarren, eta Bernal hirugarren. Roglic ez da nabarmendu, baina lidergoa eskuratu du; Ayuso lau segundora du.

Juan Ayuso. ITALIAKO GIROA
Juan Ayuso, garaipena ospatzen. ITALIAKO GIROA
enaut agirrebengoa
2025eko maiatzaren 16a
18:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Ezkutu antzean zebilen Juan Ayuso (UAE) Italiako Giroan, baina aurpegia eman du gaur, Abruzzo mendietan lehiatu den etapa aldapatsuan. Faboritoek elkarrekin igo dute azken mendatea, eta, bukaeran, Ayuso izan da indartsuena. Distantzia egokia kalkulatu eta erritmo aldaketa bizia eginda eskuratu du garaipena. Era berean, haren inguruan ziren zalantzak uxatu ditu. UAE taldeak etekin ederra atera dio gaurko etapari, bigarren postua ere bereganatu baitu, Isaac del Tororen eskutik. Hirugarren Egan Bernal (Ineos) izan da; gogotik saiatu da amaierako igoeran. Primoz Roglic (Red Bull) apalago ibili da, baina hura da lasterketako lider berria. Laugarren bukatu du etapa.

Oso eroriko jendetsua izan zen bezperan: 40 txirrindulari inguru joan ziren lurrera, eta erretiratu egin behar izan zuten horietako zenbaitek, hala nola Jai Hindleyk (Red Bull), Roglicen ezkutari indartsuenetako batek. Haren hutsunea ezinbestean nabarituko du esloveniarraren taldeak, baina, liderra onik egonda, lasterketa kontrolatzeko ardura hartu du gaur. Erdialdeko Apeninoetan barneratu da tropela, eta Giroan nork agintzen duen erakutsi zezakeen Roglicek Tagliacozzo mendatean –11,9 kilometro eta %5,5eko pendiza–. Amaiera malkartsuko lehen etapa zen; hots, hitzordua zuten faboritoek.

Bada, arrosaz jantzi da Roglic, baina bere legea ezarri gabe. Nahiko atzean izan da faboritoak mokoka hasi direnean. Azken hiru kilometroak ziren gogorrenak Tagliacozzon, eta Giulio Cicconek (Lidl) piztu du sua onenen artean –etxeko etapa zen harentzat–. Bernal ere ahalegindu da, baina multzoa ez da apurtu. Helmugatik 600 metrora, ordea, suziria bezala irten da Ayuso. Lau segundo atera dizkie helmugan sartu diren hurrengo zazpi ziklistei. Horietako bat izan da Roglic, atzetik aurrera eginda. Distirarik gabe bada ere, bere egin du lasterketako lidergoa. Ayusok, berriz, bigarren posturaino egin du jauzi gaurko garaipenari esker. Horiek horrela, Giroko bi faborito nagusiak dagoeneko sailkapen nagusiaren buru dira.

Ihesean bidea egiteko etapa aproposa izan zitekeenez, lehen kilometroetan zazpi txirrindularik egin dute alde tropeletik: Christian Scaronik (Astana), Nicolas Prodhommek (Decathlon), Gianmarco Garofolik (Soudal), Paul Doublek (Jayco), Gijs Leemreizek (Picnic), Alessandro Tonellik (Polti) eta Manuele Tarozzik (Bardiani). Tarte luzea egin dute aldea handitu ezinda, harik eta tropelean Red Bullek abiada mantsotu duen arte. Horri esker, 3.30eko errentarekin igaro dira Vado della Forcella mendatearen gailurretik, helmugatik 63 kilometrora.  

Pedersen, eskuzabal

Geroago, tiraka hasi da Lidl taldea, eta pagotxa bukatu egin zaie aurrekoei. Lasterketako liderra izanagatik, erreleboka aritu da Pedersen. Taldekide eskuzabala dela erakutsi du beste behin. Tagliacozzoko lehen aldapetan esan dio agur maglia arrosari, eta bost kilometro gelditzen zirela harrapatu dituzte ihesaldiko indartsuenak, Prodhomme, Garofoli, Tarozzi eta Tonelli. Lanean jardun dute Pello Bilabok (Bahrain) eta Jonathan Castroviejok (Ineos), eta faboritoen arteko lehia piztu da azken txanpan. Bihar lasaiago ibiliko dira ziurrenik, Castelraimondora bidean tropela aldapaz aldapa ibiliko den arren. Litekeena da ihesaldia helmugaraino iristea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.