Azal gutxi ikusiko da

Athleticeko jokalariek neurri bereziak hartuko dituzte gaur hotzari aurre egiteko. Arropa termikoa, eskularruak, lepokoak, maila luzeak... Gorputzeko atal gutxi izango dute agerian.

Julen Etxeberria.
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Europako Ligako final-zortzirenetako zozketaren berri izan zutenean, Lokomotiv Moskuren mailarekin baino gehiago kezkatu ziren Athleticeko kideak Errusiako hiriburuan jokatu beharreko joaneko partidan topatuko zituzten klimatologia baldintzekin. Ez zegoen soberan zuri-gorrien kezka, kanporaketa negu betean jokatuko baitzen. Eta Errusian negua kolore batekoa da: beltza.

Kezka hori handitzen joan zen egunek aurrera egin ahala, Moskutik zetozen berriak edonor izutzeko moduak baitziren: 25 gradu zero azpiko tenperatura. UEFA bera ere arduratzen hasi zen, eta badaezpada ere estadioa aldatu zuen, Luzhnikikoak berme gehiago ematen zituela argudiatuta.

Azkenean, halere, ez dirudi horrenbesteko hotza egingo duenik. Tenperaturak gora egin du azken egunetan: astelehenean zero azpitik 24 gradukoa zen, asteartean zero azpitik hamalaukoa, eta atzo zero azpitik seikoa. Gaur, zero azpitik zazpi eta 11 artekoa espero da. Hala, Athleticeko jokalariek neurri bereziak hartuko dituzte: eskularruak, lepokoak, maila luzeak, arropa termikoa, adabakiak hatz eta behatz puntetan... Burua izango dute soilik agerian, edozer hotzak kalte egin ez diezaien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.