Bitxia izan da partida honen bilakaera. Aljeria Hego Korea izan da lehen zatian, eta Hego Korea Aljeria. Bakoitzak bereari eustea espero bazen ere, lehen eguneko zantzuak ikusita. Aljeria egin da baloiaren jabe, jokoa sortzeari ez dio uko egin, erritmoa sartu dio, presioa egin du baloia galdu duen bakoitzeko. Horrela irakurrita, Hego Koreaz ari garela ematen du. Hego Koreak baloia eman dio Aljeriari, edo ez du baloirik edukitzeko aukerarik izan; bitako bat. Kontua da atzean sartu dela, ez duela erasorik egin, eta deseroso egon da. Lehen eguneko Aljeria ematen zuen.
Ni zu izanda, eta zu ni, nortasun trukatze horretan, Aljeriak atera dio etekina. Azeriak, basamortuko azeriak hortzak zorroztu ditu, Hego Korea ardiz jantzita ikusi duenean. Jan egin du. Jokoan eta emaitzan. Bi minututan, 26,ean eta 28.ean, bi gol sartu ditu. Aurrenekoa Slimanik eta bigarrena Hallichek. Jokoa erakusten ari zena aintzat hartuta, baleko emaitza. Ezusterik ez.
Hego Korea zaplazteko latza hartzen ari zen, eta azeriak beste horzkada bat eman dio. Hirugarrena. 38. minutuan. Djabouk gola. Kito esateko moduan geratu da partida. Atsedenaldira horrelaxe joan dira bi taldeak. Aljeriak sari potoloa jaso du egindako lanarena, eta Hego Koreak kolpe latza, berez dena ez izateagatik.
Bigarren zatian, aurrez espero zena gauzatu da. Aljeria ez da izan Hego Kore; ezta Hego Korea Aljeria ere. Bakoitzak bereari eutsi dio. Asiarrek, baloia lagun, jokoaren ekimena hartu dute, bizi hasi dira jokatzen, presioa egin dute baoia galdutakoan... eta gola sartu dute. Son izan da golegilea, 50. minutuan. Aljeria atzean zen, baina deseroso, ezinean bezala une batzuetan. Baina Feghoulik esan du nahikoa dela, gauzak bere onera itzuli behar zuela. Jokaldi bikaina egin du Brahimirekin lotura eginez, eta gol zoragarria sartu du Granada taldeko aurrelariak. 1-4, eta berriz ere gauzak kito esateko moduan.
Baina Hego Korea hau bere betiko ezaugarriei lotuta atera da bigarren zatian, eta horietako bat da ez etsitzea. Bigarren gola sartu du. Koo izan da gola egin duena, 72. minutuan. 2-4. Indarrak akitzen joan zaizkie bi taldeei azkenera heldu arteko minutuetan. Aljeriaren mesederako hori. Ez da gol gehiago izan