Brasilgo Munduko Kopa. H multzoa. Aljeria
Azeria izan beharko du

Aljeriari Basamortuko azeria deitzen zaio. Itxura horretan dago multzo honetan: zain faboritoei noiz erasoa joko, noiz lo hartuko Belgikak eta Errusiak, ustez indartsuenak direnek. Izan ere, aldez aurretik begiratuta, besteen hutsak baliatu beharko ditu multzoen fasea gainditu ahal izateko. Edo berak behartu huts egitera, faboritoen aurka jokatzen duenean. Historiak ez du jokatzen, eta aurretik egindako lanak ez du zehaztuko Brasilen zer egingo duen Aljeriak, baina datua hona plazaratu behar da, hor dagoelako: Aljeriak hiru aldiz bakarrik jokatu du Munduko Kopa. 1982an aurreneko aldiz, 1986an gero, eta 2010ean azkenekoz. Lehenengoan lortu zituen emaitzarik onenak: bi partida irabazi zituen, bat Mendebaldeko Alemaniaren aurka, baina Austriarekin galdu eta gero, bien arteko golen aldeak etxera bidali zuen. Hiru aldietan bada datu bat bera: ez du multzoen fasea gainditu. Talde honek aurrekoen aldean badu sendotasun gehiago, Vahid Halidhozic serbiar beteranoaren aginduetara. Egungo taldean, ondorengoak dira jokalari ezagunetako batzuk: Faouzi Ghoulam atzelaria (Napoli), Sofiane Feghouli erdilaria (Valentzia), Islam Slimani aurrelaria (Sporting Lisboa), Saphir Taider erdilaria (Inter Milan), Yacine Brahimi erdilaria (Granada) eta Liassine Cadamuro atzelaria (Reala; Mallorcan utzita). Zalantza asko daude zer egin dezakeen, eta, badaezpada ere, zuhurrak izatea hobe Aljeriarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu