Gescrap Bizkaia 67. Cajasol 75

Azkar bukatu da euforia

Iraganeko hutsak egin ditu berriro Gescrap Bizkaiak, eta lege onez irabazi du Cajasolek, defentsa lanari esker

Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Gescrap Bizkaia. Jackson (12), Roger Grimau (12), Vasileiadis (15), Banic (8) eta D'Or Fischer (4) —hasierako bostekoa—; Josh Fisher (2), Mavroeidis, Mumbru (8) eta Blums (4).

Cajasol. Satoransky (4), English (4), Pancho Jasen (2), Rubio (1) eta Paul Davis (16) —hasierako bostekoa—; Tepic (4), Triguero (3), Calloway (4), Txemi Urtasun (22) eta Luka Bogdanovic (15).

Markagailua. 18-13, 28-28 (atsedenaldian); 53-49 eta 69-75.

Epaileak. Redondo, Perea eta Martinez Diez. Kanporaturik ez.

Bestelakoak. 8.398 zale bildu ziren Miribillan.

Hasi orduko bukatu da Gescrap Bizkaia taldearen euforia. Gasteizen Caja Laboral menderatu ostean dinamika garailea, zalantzak eta okerrak atzean utziko zituela pentsatzen zuten askok, baina bestelako intentzioa zeukan Cajasolek. Alegia, oker horiek eragitea, eta bete-betean asmatu zuen. Bizkaitarrek hamazazpi baloi ematera behartuta, adibidez, eta jaurtiketetan ere etxekoen portzentaje txarra bilatuta: %43,85. Bereziki azpimarragarria izan zen bikoetan izan zuten punteria eskasa, %45, orain arte %53 asmatzen ari baitzen Katsikarisen taldea.

Cajasolek borroka bilatu zuen Bizkaiaren eraso bakoitzean, jokoa nahastea, pase lerroak oztopatzea eta laguntza onen bitartez saskiratze eroso oro galaraztea. Ondo egin zuen bere lana, garaipena eraman zuelako Sevilla aldera, baina erasoan ere beltzekoak baino hobeto aritu zen. %47 asmatu zuen, Bizkaiak baina lau puntu hobeto, eta bi jokalariren eraginkortasunean oinarritu zen kolpea emateko: Paul Davis eta Txemi Urtasun nafarra.

Davis pibota apal samar ibili zen erreboteen arloan, hiru bakarrik jaso zituelako, baina Bizkaiako pibotak estatubatuarrak puntuak sartzen ere iaioa dela ahaztu zuten nonbait, bi puntuko zazpi jaurtiketa gauzatu baitzuen. Hamasei puntu guztira. Beste borreroa Txemi Urtasun nafarra izan zen. Kostas Vasileiadisen enbidoa onartu zion, eta hordagoa bota. Hogeita bi puntu saskiratu zituen, eta laugarren laurdenean erabakigarria izan zen bere lana bederatzi punturekin. Puntu bateko sei jaurtiketa gauzatu zituen denera. Aipatzeko modukoa izan zen Luka Bogdanovicen lan txukuna: hiru hiruko erabakigarri eta hamabost puntu lortu zituen serbiarrak.

Bizkaiak Vasileiadisen hirukoak eta Roger Grimauren grinari esker iraun zuen partidan. Greziarrak lau hiruko sartu zituen, bederatzi ahalegin eginda, baina hiru baloi eman zituen, eta Urtasunek erotu egin zuen. Grimauk hogeita sei minutu jokatu zituen, eta hamabi puntu eta hogeita bat puntuko balorazioa lortu. Ez zen nahikoa izan, Aaron Jacksonek hamabi puntu eta lau asistentzia lortuta ere. Taldeko makulu asko eskas aritu zirelako: Mumbru, Banic, D'Or Fischer, Mavroeidis...

Bizkaiak ondo eutsi zion azken laurdenera arte. 18-13 aurreratu zen lehen laurdena bukatuta, baina 28na berdindu zuen atsedenaldirako Cajasolek. Hirugarren hamar minutukoan berriro lau punturen aldea lortu zuen Gescrapek, baina orduan Urtasun eta Davis esnatu ziren. Sei punturen zuloa ireki zuten 37. minutuan, eta Bizkaiak ez zuen alde hori murrizteko zirrikiturik bilatu. Okerrak aztertu, jaiki eta Gasteizkoa errepikatzen saiatzea da erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.