Azken aukeraren bila

Itxakok premiazkoa du Midtjyllandi irabaztea eta Larvikek galtzea, Txapeldunen Ligako finalerdietara pasatzeko

edurne elizondo
Iruñea
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Ez dago bertze aukerarik. Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako azken partida jokatuko du gaur Itxakok Lizarran, Midtjylland Danimarkako taldearen aurka, eta norgehiagoka hori irabazi egin behar du finalerdietara sailkatu ahal izateko. Ez hori bakarrik: Larvikek galdu egin behar du nafarrek aurrera egin ahal izan dezaten. Norvegiarrak Hungariako Gyoriren aurka ariko dira, etxean. Nafarren partida hasi baino lehen jakinen da norgehiagoka horren emaitza, 16:45ean jokatuko baita. Hungariarrek finalerdietarako sailkatzea lortu dute dagoeneko, eta multzoko gainerako taldeak ere sailkatzeko lehian dira.

Itxako ABF ligan erakusten ari den nagusitasunak ez du islarik izan Europan. Txapeldunen Ligako bigarren ligaxka bereziki zaila izan da nafarrentzat. Partida bakar bat ere ez dute irabazi Lizarrakoek, nahiz eta garaipena eskura izan duten hainbat aldiz. Hiru partida berdindu, eta bi galdu ditu Itxakok. Hiru punturekin da, beraz, sailkapenean.

Gaur, irabazteak baino ez du saririk nafarrentzat. Finalerdietara sailkatzeko, nahitaez irabazi behar diote Midtjyllandi, eta Larvikek galdu egin behar du Gyoriren aurka.

Europan ez dago garaipen errazik. Itxakoko entrenatzaile Ambros Martinek ederki daki hori. Itxakok aurkaria mendean hartzeko kalitatea badu, baina entrenatzaileak onartu du bigarren ligaxkako emaitzek izan dutela eraginik jokalariengan. «Ez da egoera samurra, eta sumatzen zaigu pistan».

Kirol arloko arazoei, gainera, ekonomiaren esparrukoak gehitu behar zaizkio, jokalariek eta entrenatzaileek asteon bertan ezagutarazi baitute taldeak hiru hilabeteko soldata zor diela. Gaurkoa orain arteko denboraldiko partidarik garrantzitsuena da Itxakorentzat, baina garaia ez da onena, inondik inora, Lizarrako taldeko kideentzat.

Duen onena emateko ordua

Hala ere, arazoak eta orain arte egindako hutsak bazter uzten saiatu beharko du Itxakok aurrera egin ahal izateko. Horixe nabarmendu du Ambrosek: «Gure lana egin behar dugu, dakigun bezala jokatu». Bigarren ligaxkan izandako «dinamika apurtu» beharra azpimarratu du entrenatzaileak, zenbait partidatan xehetasun batzuek erabaki baitute emaitza. «Nik argi dut merezi izan dugula hainbat norgehiagoka irabaztea».

Ambrosek jokalari guztiak izanen ditu pistara ateratzeko prest gaurko partidarako, Nerea Pena izan ezik. Sasoi honetan ezin izanen da berriz aritu, belaunean lesio larria izan baitu. Bertzalde, Itxakoko entrenatzaileak azken unean erabakiko du Macarena Aguilar jokatzeko moduan izanen den; duela bi aste, sudurrean kolpea hartu zuen, eta hezurrak hautsi zituen. Geroztik ez du jokatu.

Zaleak, behintzat, alde izanen ditu Itxakok. Etxean jokatuko duela bere alde baliatu beharko du Lizarrako taldeak, eta jarraitzaileen berotasuna pizgarri bilakatu. Azken aukera mahai gainean da. Dena emateko ordua da Itxakorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.