MOTOZIKLISMOA

Azken goxokia

Hogei urte geroago, gidari suitzar batek abiadura txapelketa irabaziko du gaur

jon ordonez garmendia
2005eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Hogei urte geroago Suitzak mozoziklismoan txapeldun bat izango du gaur. Oker izugarririk ezean, Thomas Luthik (Honda, Suitza, 1986) 125 cc.-etako txapelketa irabaziko du. Hiru puntu nahikoa ditu, Mika Kallio finlandiarra (KTM) batere aukerarik gabe uzteko. 1985. urtean lortu zuen gidari suitzar batek txapelketa azken aldiz irabaztea; Stefan Dorflingerrek lortu zuen 80 cc.-etan.

Titulu horrek ez zuen segidarik izan. 1955ean Bernan 1 Formulako karrera batean 80 pertsona hil zirenetik, Suitzan debekatuta daude zirkuituetako motordun lasterketak. Alemanian eta Espainian hezitakoa da Luthi, eta gaur saria jasoko du. Turkian hutsegite larria egin zuen Kalliok, eta suitzarrak gaur berdin egiten ez badu, berea da titulua. Hamahirugarrena izatea nahiko du. Txapelketa irabazten badu, 125 cc.-etako garaileen zerrendan Luigi Taveri suitzarrak lortu zituen hiru tituluei gehituko zaio.

Kataluniarren 'pole'-ak

Hiru pole-ak Herrialde Katalanetako gidariek lortu zituzten atzo. MotoGPn Sete Gibernau guztiei aurreratu zitzaien. Valentino Rossi lurrera jausi zen; ez zion zorterik eman atzo lehen aldiz jantzi zuen jantzi zuriak, eta hamabosgarren postuan aterako da gaur. 250 cc.-etan Pedrosa izan zen azkarrena, eta 125 cc.-etan Sergio Gadea. Luthi eta Kalio atzo elkarri begira aritu ziren. Gaur lehia estua izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.